Gehigarriak edo ateratako esnea ematea

Aurrez ateratako esnea haurrari emateko era desberdinak daude. Haurtxoaren lehen ordu eta egunetan, eta edoskitzea guztiz ondo ezarrita ez dagoen bitartean, amaren aurrez ateratako esnea edo formulako esnearen gehigarria behar badu, biberoia ez erabiltzea gomendatzen. Biberoi eta txupeteek, edoskitzea ondo ezarrita ez badago, haurra nahastu eta berezko duen bularra hartzeko gaitasuna gutxitu dezakete.

XIRINGA-BEHATZA TEKNIKA:

Lehen ordu edo egunetan, haurra amaren bularretik behar duen esne guztia lortzeko gai ez bada, xiringa-behatza teknika izaten da haurra elikatu eta edoskitzea aurrera ateratzeko teknikarik errazena. Behatza haurraren aho-ganbaran sartu eta xurgatzeko indarra egiten duenean SOILIK emango diogu xiringarekin esnea. Horrela, haurrak, esnea lortzeko xurgatu behar duela ikasten du eta bularrean ere berdina egingo du. Amak edoskitzeko arazoak dituenean (erditze zaila edo zesarea izan duelako eta esne igoera berandutu edo fisikoki haurra hartu ezin badu) aukeretako bat da. Ikus hemen bideo bat.

GEHIGARRIA EMATEKO GAILUA [RELACTADOR]:

Amak haurra edoskitu nahi badu, eta haurra gosez geratzen bada (erditze zailaren ostean esne igoera motel doalako adibidez) edo behar berezirik badu (gaixotasunen bat duelako formula esne berezi bat edo beste ama baten esnea hartu behar badu), gailu hauek aukera egokietako bat dira. Amaren esne igoera kitzikatzen da eta haurrak bularretik hartuko balu bezala hartzen du esnea. Haurra amaren bularrean jarrita dagoelarik, zunda bidez jasotzen du esnea.

GOILARA-ONTZIAK:

Goilara honen kirtenean biltzen da esnea eta gutxinaka goilararen bururantz ateratzen da. Sistema honek biberoiaren antza du baina ez du tetinarik eta ez du edoskitzean hainbeste eragiten. Oso erosoa da. Haurren produktuak saltzen dituzten tokietan aurki daiteke.

EDALONTZIA: 

Edozein edalontzik balio du haurrari esnea emateko. Gutxinaka ematen diogula ziurtatu behar da.

– PALADAIA:

Batez ere haur goiztiarretan edo pisu gutxi dutenekin erabiltzen da. Indian du jatorria eta gaur egun, haurrentzat produktuak saltzen dituzten denda askotan topatzen dira.

BIBEROIA:

Edoskitzea ondo ezarrita dagoenean (2-4 aste behar izaten dira), ez dago inolako arazorik haurrak esnea biberoitik hartu eta ama dagoenean bularretik hartzeko. Dena den, badira bularretik hartzea imitatzen duten biberoiak, eta hobe horiek erabiltzea.

[2018ko maiatzean eguneratua]

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

× Zalantzarik?