Edoskitzea amaitzea

Amagandiko edoskitzea noiz amaitu izan ohi da guraso berriek izan ohi duten zalantza bat. Berez, ez dago inolako arrazoi zientifikorik amagandiko edoskitzea adin zehatz batean eten behar dela esateko. Adinik egokiena, familia eta egoera bakoitzaren araberakoa izango da.

Edoskitzea ez da ulertu behar elikadura gai soiltzat. Amagandiko edoskitzean faktore askok dute lekua eta haurra zein amaren alderdi emozionalak, kontaktu fisikoak, begiradek, une intimoek… garrantzia handia dute. Hortaz, edoskitzea etetea ez da haurraren elikaduran aldaketa bat ematea soilik, eta gai garrantzitsua da.

Benetako arrazoi mediku garrantzitsurik ez badago, inolako sendagilek ez luke amagandiko edoskitzea etetea iradoki behar, ez baitago iradokizun hori babesten duen inolako oinarri zientifikorik eta haurra, ama zein familiaren bizitzan eragin handia izan dezakelako bestetik.

Une egokia familia eta egoeraren araberakoa dela azpimarratu nahi dugu, eta inork ez duela bere burua epaiturik sentitu behar edoskitzea eteteko unea iritsi zaiola erabaki badu, edo edoskitzearekin denbora luzez jarraitu nahi badu.

Edoskitzea eteteko bide desberdinak daude:

Edoskitzearen etete naturala

Zenbaitek uste dute haurrari bularra utzi behar duela esaten ez bazaio, bizi osoa amaren titik esnea hartzen igaroko duela. Hori ez da hala. Haur bakoitzak bere momentua topatzen du, eta hala erakusten dute munduan zehar dauden adibide ugariek.

Kultura eta herrialdi gehienetan, edoskitzearen etete naturala ez da haurrak 2-3 urte izan aurretik ematen, eta batazbestekoa 4-7 urteen artean kokatzen da.
Ez da egia, amaren esneak x hilabeteren ostean ez duela haurra elikatzen. Amaren esnea haurra haziz doan heinean egokituz doa, eta bere egiturak gantz gehiago hartzen du (ez da inolaz ere ur bihurtzen).

Ama zein haurra edoskitzearekin gustura baldin badaude, eta ez badute edoskitzearekin bateragarri ez den gaixotasun larririk, ez dago edoskitzea eten beharrik, unea iristen denean, modu progresibo eta ez traumatikoan gauzatuko baita.

Edoskitzearen etetea

Edoskitzea haurrak bere kabuz utzi aurretik etetea erabakitzen denean, amaren erabaki hori babestu behar da.

Edoskitzea bat-batean eta derrigorrez eten behar dela esan badizute (gaixotasun bat tarteko), komenigarria da bigarren iritzi bat bilatu edo informazio fidagarria eman dezaken norbaitekin harremanetan jartzea (www.e-lactancia.org). Zenbaitetan sendagileek ez dute gai honen inguruko informazio eguneratua izaten, eta baliteke edoskitzea etetea ez beharrezkoa izatea.

Gerta liteke, arrazoia edozein delarik, amak edo haurrak edoskitzea etetea erabakitzea. Horrelako kasuetan, erabakia alde bakarrarena izaten da eta besteak babesa behar izaten du gertatzen ari dena ulertzeko.

Haurrak edoskitzea etetea erabaki badu, ez du gehiago titirik hartuko. Batzuek egun batetik bestera edoskitzea etetea erabakitzen dute. Kasu hauetan, eta oso bat-batekoa izan bada, komeni da zenbait egunez amak esnea ateratzea, agian edoskitze etenaldi motza baita edo bestelako arrazoi batek bultza duelako (kalean titia hartzeko handia dela esan dion pertsonaren bat, gaixotasunen bat…).

Beste zenbaitetan, gutxinaka gertatzen den zerbait da (edoskitzearen etete naturala) eta egunez egun hartualdiak gutxituz joaten da haurra eta egun batean hartzeari uzten dio. Modu honetan ez da traumatikoa izaten, amaren gorputza fisikoki prestatuz joaten baita, eta psikologikoki ere onartzeko denbora izaten duelako.

Haurrak ez badu titirik nahi, ez da inoiz behartu behar. Bere egunerokotasunean desberdintasunik ote dagoen aztertu (ama berriro haurdun egoteak esnearen zaporea alda dezake adibidez, kanpoko norbaitek zerbait esatea…) eta egoeraren arabera jokatu behar da.

Amaren erabakia denean

Erabaki hori hartuz gero, hobe da gutxinaka hartualdiak gutxitzea egun batetik bestera guztiz etetea baino (honek mina, infekzioak… sor ditzake eta).  Haurrak ere, hobeto ulertuko du gutxinaka gutxitzen joaten bagara eta ez da baztertua sentituko (zenbait hilabetez bularra hartu duen haurraren amak, egun batetik bestera bularra ukatzen badio, umea baztertua senti daiteke eta).

Pazientzia handia eskatzen duen prozesua da eta une txarrak egoten dira (gaua batez ere). Ingurukoen babesa eta haurra entretenitzea oso garrantzitsuak dira.
Zenbait aholku:

  • Ez eskaini, ez ukatu. Saia zaitez haurrak eskatzen duenean ez ukatzen eta aldi berean zuk ez eskaini, ez gogorarazi.
  • Entretenitu. Haurrak bularra eskatzen duen ohiko uneak ezagutu eta aurrea hartu beste egiteko batzuekin.
  • Ordezkatu. Haurrak gose edo egarririk izan ez dezan janari eta edaria maiz eskaini.
  • Egutegi bat ezarri. Haurrari azaldu egutegi horretan ezarritako helburuak. Adibidez lehenengo astean soilik etxean hartuko du bularra, bigarrenean soilik lokartzeko, hirugarrenean soilik gauean…

[2018ko maiatzean eguneratua]

 

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

× Zalantzarik?