Animaliak eta haurtxoak

Haur baten etorrera ez da inondik ere etxeko animaliez desegiteko arrazoia. Beti da posible elkarren arteko elkarbizitza. Kontuan izan behar dugu, bai animaliak, baita umeak ere, izan daitezkela arazoaren iturri eta guk eragotzi behar dugula arazo hori gauzatzea.

Zer izan daiteke elkarren arteko liskarren jatorri?

  • Janaria: jaten ari direnean janaria defendatzen badute, beste animaliengatik edo gugandik. Bi aukera ditugu: jarrera hau zuzentzen saiatu (txakur hezitzaile baten laguntzaz adibidez) edo jaten ari diren bitartean bake-bakean utzi bere txokoan inork molestatu gabe.

  • Jostailuak: jostailuekin berdin gertatuko da ziurrenik. Bereekin baldin bada, lehen bezala zuzendu edo bakean utz dezakegu, baina haurrarenak edo edozeinen gauzak jostailutzat hartzen baditu, jarrera zuzentzen saiatzea da aukerarik onena.

  • Jeloskortasuna: zuekin daudenean ez bazaie gustatzen beste iñor urreratzerik, haurra defendatzen badute edonorengandik edo beste animaliren batekiko joera bera badu, jarrera errotik moztu behar da. Lehenik eta behin norenganako duen lotura estu hau aztertu eta gero harekiko lotura ahal den neurrian murriztu. Gainera, jarrera adierazten duen unean, lotura hautsi behar da, ez dezala kontaktu bisualik ere eduki eta behar izan ezkero nonbait itxita utzi denbora apur bat pasa arte. Askotan “ez” sendo batek soilik ere balio du.

  • Laztanak: edonor laztantzean erdian jartzen badira beraiei bakarrik laztantzeko, kasu zipitzik ez zaie egin behar eta laztandu nahi dugun hari (persona naiz animalia izan) kaso egiten jarraitu behar dugu. Hori bai, behin harekiko laztanak bukatzean eta lehen eske etorri dena lasai badago, orduan eman diezazkiogu nahi dituen laztanak.

  • Osasun arazoak: otitis asko izan baditu belarriak minbera izango ditu eta hezurretako miñik badu, argi ibili beharko dugu jolasean ari denean. Baliteke min biziagatik gure txakurrak airera hozka egitea eta haurra gainean denez, berari hozka egitea.

  • Jolasak: txakurrak astapotro samarrak izan ohi dira eta askok hozka egitera jolasten dute. Katuek azkazalak atera ditzakete jolasean, hozka egin eta gogor heltzea ere atsegin dute. Jarrera hauek gustoko ez baditugu eta haurrari min egingo dien beldur bagara, jolas hauek bertan behera utzi beharko ditugu (gurekin ari direnean behintzat). Baduade beste jolasteko modu ugari.

Kontuan izan, haur eta animalien arteko harreman eta jolasean adi izan behar dugula BETI! Halako batean egoera itxusi jartzen bada (hortzak erakutsiz, zaunka eginez edo abisuren bat emanez), normalean jolas, jostailu edo laztanengatik, dena delakoa bertan behera utzi behar da (jolasteari utzi, laztanak egiteari utzi edo jostailua gorde). Gehiegizko energia beti da txarra, beraz emozio gehiegi adierazten badute (nahiz haur, txakur edo katuaren aldetik) jolasa moztu behar da. Bi anai-arreben arteko jolasen antzeko joera da: hasieran ondo ari dira jolasean, gero jolasa areagotzen hasten da elkarri zirikaka eta azkenean, bietako batek min hartu eta nigarrez bukatzen du. Azkeneko puntu honetara iritsi ez gaitezen, erdi bidean moztu behar da jolasa.

Txakur eta katuen mugimenduak kontrolpean eduki behar diren bezala, haurrarenak ere mugatu behar dira, txikitatik laztan lehunak egiten erakutsiz, kolperen bat ematean errieta eginez etab.

Jarrera hauek txakurrenak izan ohi dira, katuek beste berezitasun batzuk izaten baitituzte. Hala ere, badira amorratuta jartzen diren katuak maite dutenen bati “eraso” egin ezkero (errieta, golperen bat, etab…). Bakarrik bizi diren katuei gertatzen zaie noizbehinka, baina ez da batere ohikoa.

Txakur eta katuen zeinuak irakurtzen…

Animaliek ez dute hitz egiten, baina bere gorputzaz hainbat gauza kontatzen dizkigute, adi egon behar dugu haien zeinuei eta ondo ezagutu etxeko guztien jarrera. Luze hitz egin daiteke honen inguruan eta txakur/katu guztiek ez dute berdin jokatzen, baina gehienetan betetzen diren zeinuak dira. Hona hemen adibide batzuk:

  • Txakurren zeinuak:

txakurrak

  • Katuen zeinuak:

katuakTxakur, katu nahiz umeek beti eduki behar dute ihes-bide bat. Ez da ona umea gure atzean edo paretaren kontra dela txakur bati gerturatzen uztea, ezta txakur bat gure atzean edo paretaren kontra delarik haur bati gerturatzen uztea, guztiak bakoitzaren borondatez eta askatasunez gertatu behar du.

Umea ezagutzeko modurik onena, geldi geldirik egotea eta txakur edo katuari gerturatzen uztea da (haurra txikia bada, utzi lurrean eserita eta ikusiko duzue nola gerturatuko zaizkien animaliak edo ez, ez badute oraindik txikiarekin ezer jakin nahi).

Beldurtiak diren zakur eta katuek mugimendu azkarrak jasangaitz dituzte eta ahal duten moduan ihes egingo dute. Ume batek normalean mugimendu azkarregiak eta garrasi ugari egiten dituzte arremanaren galerarako, baina piskanaka elkarrikin egotera ohitzen joaten dira.

Sokatik lotuta dauden txakurrek ez dute oso gustuko beraiengana gerturatzerik, defentsa moduan jarri ohi dira, beraz ez utzi haurra edozien txakurrengana gerturatzen eta gutxiago lotuta badaude. Utzi beraiei gugana etortzen, hauxe da gomendiorik garrantzitsuena!

Ekiñe Aizpurua Olaizola

Usurbildarra jaiotzez eta bihotzez, baina Madrilen dut bizilekua. Txikitatik 20140720_201653animaliekin lan egin nahi eta halaxe egin dut, biologia ikasten hasi nintzen, baina albaitari gisa bukatu dut. Txakur, katu eta animali exotikoen arloan egiten dut lan eta etxean ere baditut hainbat txakur, katu eta beste zeinbait animalia exotiko. Iritsi zait amatasunaren munduan murgiltzeko unea, ea animaliekin bezain ondo moldatzen naizen.

[2015eko Otsaila]

× Zalantzarik?