Espero ez zenuen erditzea edo zesarea

Haur bat jaiotzea bizitzan une oso garrantzitsua izan ohi da eta aurrez ilusioz, itxaropenez, desirez beterik eta zenbait kasutan idealizaturik izan ohi den unea da. Amaren gorputza eta garuna gainera, haurrari ongi etorria emateko prest daude eta ongi etorri hori polita eta goxoa izan dadin prestatzen da hormonalki ere.

Erditzea amestu dugun bezalakoa izan ez denean, galera handi bat jasaten da eta horrek dolu prozesu bat behar du: ezeztapena, tristezia, amorrua, itxaropenik eza eta transformazioa izan daitezke halako bizipen baten osteko sentipenak. Prozesu hau igarotzea garrantzitsua da, urrats guztiak igarotzea derrigorrezkoa ez bada ere. Galera hori onartzen eta horrekin bizitzen ikasi behar da.

Jendarteak sarri, galera izugarria izan duen amari, lagundu eta behar duen babesa eman beharrean, “baina haurra ondo dago” bezalakoak entzunarazten dio ama horri. Inork ez du ama epaitu behar, haurra ondo egon arren, gaizki sentitzeagatik. Haur hori behin bakarrik jaioko da, eta amak haurraren jaiotza hori berak nahi bezala bizitzeko aukera betirako galdu du. Galera emozionala izateaz gain, sarri ondorio fisikoz betea izaten da (erditze instrumentala, zesarea, episotomia) eta baita psikologikoa ere (zoritxarrez asko dira erditzean gaizki tratatu dituztela adierazten duten amak – infantilizazioak, aginduak, mehatxuak, mesprezuak…).

Peter Levine trauman adituaren hitzetan, “trauma bat, trauma da, sortu duen arrazoiaz gaindi”.  Judith Herman adituaren arabera, trauma “beldur handiko sentimendua da, babesik gabe sentizea, kontrola galdu eta suntsituta sentitzea da”.  Emakume askok bizia galdu edo haurra hilko den beldurra bizi ohi dute (batzuetan erreala ez izan arren, sistemak hala ulertarazten duelako).  Hilko zarela, edo maite duzuna hilko dela pentsatzeak, gorputzaren barne funtzionamenduan eragiten du eta honako sistemak pizten ditu: katekolamina eta kortisola jariatzea, sistema inmunologikoa piztea, babes sistemak piztea.

Horrek guztiak, erditzea zaildu eta gelditu dezake eta hortaz instrumentalizazioa edo zesarea beharrezkoa bihurtu, aurretik behar ez bazen ere. Horregatik da oso garrantzitsua erditzeko prozesu naturala errespetatua izan dadin eta emakumeak presa senti ez dezan. Erditzen ari den emakumeak ez du besteen ordutegi edo beldurren pisua bere gain hartu behar.

Hala ere, trauma ez da sortzen soilik erditze instrumentalizatua, episotomia edo zesarea izan den kasuetan. Erditze normala izan arren, norberaren nahiak bete ez badira (erditze oso motz eta mingarria izan bada, nahiz eta errespetatua izan; emakumearen intimitatea errespetatu ez bada; haurra amarengandik urrundu badute; erditzeko jarrera hautatzen utzi ez bazaio; oxitozina sintetikoa edo epidurala gogoz kontra jarri bazaio; mehatxuak edo gezurrak entzun baditu…), trauma sor daiteke.

Erditzea une hain transzendentala izanik, aurrez bizitako traumak berriro piztea eragin dezaken unea da, batez ere, sexualitatearekin harremana duten traumak (bortxaketak…). Aginduak jasotzea “zabaldu hankak”, “arnasa hartu”, “geldi”, “etzan”, “isildu”, baimenik gabeko takto baginalak…  edo egoeraren kontrola norberarena ez dela sentitzeak ere trauma sor dezake.

Zein dira trauma hauen ondorioak?

Trauma Osteko Estresa sor daiteke, erditze osteko depresioa, haurrarekiko atxikimendu arazoak (haurra jotzen da gertatutakoaren errudun; haurra norberarena dela ez onartzea -batez ere ama-haurrak urrundu diren kasuetan edo zesarean-), ezertarako balio ez dela sentitzea, errealitatea ez onartzea, norbere burua ez onartzea…

Haurrek ere izan ohi dute trauma. Amarengandik urruntzea, mundu aseptiko eta hotz batean bakarrik egotea, edoskitzerako arazoak, maitasunik ez sentitzea, babesik gabe sentitzea… Atxikimendu egokia sortzeko arazo handiak sor daitezke. Horregatik ama eta haurra ez dira urrundu behar guztiz beharrezkoa ez bada.

Bikoteak ere izan dezake trauma. Sarri ahaztu egiten bada ere, bikoteek ere jasan behar izaten dituzte aginduak, mehatxuak… eta gainera, beraien bikoteari egindakoaren testigu badira, bere bikotea ez babestearen karga ere izan dezakete. Badira gainera, ama erditzen edo zesarean dagoen bitartean, eta ordu luzez, informaziorik eman ez edo bikotea beldurtzen dute profesionalak ere (“agian zerbait gertatuko zitzaion, ordu asko dira kirofanora sartu dutenetik” esanez adibidez). Amak ondorio fisikoak hilabeteetan eta urteetan izan ditzake, eta horrek, bikotearen trauma sendatzea zaildu dezake, errudun senti baitaiteke behar beste ez babestu izanaz adibidez.

Osasun langileak ere izan dezake trauma. Bizipen gogorra eta errespetu eza bere lanarekiko ere bizi dezakete eta.

Trauma guztiek familiaren etorkizuna baldintzatuko dute. Emakume askok beste haur bat izateko beldurrak garatzen dituzte, bikoteek ez dute erditzea berriro bizi nahi, atxikimendu arazoak sor daitezke haurrarekin… Garrantzitsua da, trauma izan den aztertu eta hala izan bada, beharrezko prozesua igarotzea. Trauma onartu eta ahalik eta hoberen osatzen saiatu behar da. Horretan psikologoek, psikiatre eta doulek lagun dezakete. Beste zenbaitetan, nahikoa da bikoteak gertatutakoaz hitz egin eta elkar babestea.

Sentitu duguna eta horrek sortu diguna artatu gintuenei bidaltzeak euren lan egiteko modua aldaraz dezake. Jasan duguna gehiegizkoa izan bada, tratu txarra jaso badugu edo beharrezkoak ez ziren esku hartzeak izan badira erreklamazioa edo demanda jartzeko eskubidea dugu.

Trauma hauen ondorioak arindu eta haurrarekiko atxikimendu egokia berreskuratzeko modu egokiak dira amagandiko edoskitzea (edoskitze artifiziala erabiltzen den kasuetan ahalik eta kontaktu fisiko gehien bermatzea), azala-azalarekin egotea, ohea partekatzea eta haurra soinean eramatea. Bide hauek, haurraren trauma asko arintzen dute eta haurrarekiko harremana asko sendotzen dute. Harreman ona eta atxikimendua lortzen bada, ama zein bikotearen trauma ere asko arinduko da.

Ikus baita ere: Erditze osteko traumak.

[2018ko maiatzean eguneratua]

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

× Zalantzarik?