Puerperioa- Lehen asteak

Haurra jaiotzearekin batera, gurasoak ere jaiotzen dira. Lehen asteak, sarri, kaos txikiz beterikoak direla sentitu ohi da. Aldaketa hormonalak, emozionalak, sozialak, pertsonalak… izango dira aste honetan eta beharrezkoa den denbora hartzea garrantzitsua da.

Egoera berrira egokitzea ez da erraza izaten. Are gutxiago erditze zaila edo zesarea kasuetan, karga emozional guztiari fisikoki gaizki sentitzea gehitzen baitzaio. Gakoa denbora da.

Ama-haur binomioa sortuko da hasiera-hasieratik, eta atxikimendua egon dadin eta amaren zein haurraren egonkortasun emozionalerako garrantzitsua da ahalik eta denbora gehien elkarrekin igarotzea (ahal dela azala-azalarekin). Amagandiko edoskitzea, hasieran ez da beti erraza izaten, eta komenigarria da lagunduko diguten pertsonez inguraturik egotea.

Ama-haur binomioari, aita (edo bikotea) gehitu behar izaten zaio. Haurra jaiotzeak familia sortzen baitu. Prozesu honetan bakoitzak bere tokia hartzeak eta elkar berriro ezagutzeak (egoera berriak aurrez ezagutzen ez genituen alderdiak plazaratuko ditu eta), denbora behar izaten du. Bakoitzak bere tokia hartu ahala, eta elkarren espazioa errespetatuz gero, egoera berrira azkar egokitu eta errazagoa izango da egonkortasuna eta atxikimendua lortzea.

Ama-haur binomioaren errespetua funtsezkoa da. Aitak edo bikoteak, binomio horren babesa edo sostengua izateko beharra du. Baina aldi berean, ama-aita harreman berria sortzen da eta aita bera ere sortu egiten da. Harreman berriak eraiki behar dira eta horrek denbora behar du.

Lehen egunetan bakarrik egon nahi izatea normala da, saia zaitezte bixitak ondo antolatzen eta denbora gutxikoak izan daitezen eskatzen. Atsedena eta elkar ezagutzea dira garrantzitsuak.

Etxekolanekin edo beste seme-alabekin lagunduko dizuen norbait inguruan baduzue, ondo etorriko zaizue, baina eska iezaiozue zuen espazio eta denborak errespetatzea.

Puerperio fisikoa

Erditu berri den amaren gorputzak haurdunaldiak eta erditzeak sortu dituzten aldaketetatik osatu eta erritmo berrira egokitu behar du.

Erditu ostean, lokioak izango ditu amak. Odol galerak baginalak izaten dira eta 40 egun ingurura arte iraun dezakete. Odol galera horiek, aurrez ahul egon daiteken ama, edo anemia izan dezakena, ahulago sentiaraz dezakete.

Garrantzitsua da amak dieta orekatua izatea, behar beste ur edatea (batez ere amagandiko edoskitzea bada) eta atseden hartzea.

Puerperioko araurik garrantzitsuena honakoa da: “haurra lo dagoenean, ama lo dago (edo gutxienez atseden hartzen)”. Oso garrantzitsua da osatze fisiko egokia izateko ahal bezain beste atseden hartzea.

Ez da pisua galtzeko presarik izan behar, eta ez da komeni erditzea igaro baina bi hilabete inguru igaro arte kirol gehiegirik egitea.

Zoru pelbikoa osatzeko ariketak egiteko, erditze normala izan bada eta amak nahi badu, erditzetik 48ra has daiteke (Kegel ariketak eginez). Sabelaldearen osatzerako eta muskulatura indartzeko, gimnasia hipopresiboa da egokiena, baina erditzetik 2 hilabete igaro baina lehen ez egitea gomendatzen da (umetokia ondo kokatu dadin). Zesarea izan den kasuetan, epe horiek ez dira nahikoa. Zesarea, ebakuntza handia da eta ariketa hipopresiboak edo zoru pelbikoa indartzekoak egiten hasi aurretik 3-4 hilabete itxaron eta ginekologoak baimena eman arte itxarotea komeni da. Zoru pelbikoko ariketak edo ariketa hipopresiboak egiteko hobe da fisioterapeuta espezializatu batengana joatea.

Erditze ostean ilea asko erortzea ohikoa da. Haurdunaldian zehar ez da ia ilerik galtzen eta erditze ostean galtzen da. Dena den, gehiegi galtzen duzula uste baduzu zoaz sendagilearenera odol analisiak eskatzera, baliteke anemia edo bitamina gabeziaren bat izatea.

Ez da komeni bainurik hartzerik (dutxatzeko arazorik ez dago) ez sexu harremanik izaterik lokioak amaitu arte eta erditzetik 5-6 aste igaro arte. Erditzetik 5-6 astera emagina edo ginekologoarenera joatea gomendatzen da dena ondo dagoen ikusteko. Dena ondo badago, ez da emakumea harremanak izatera bultzatu behar, emozionalki zein fisikoki prest ez badago, eta gogorik ez badu, hobe da behar duen denbora uztea karga emozional gehiago ematea baino. Normala da zenbait asteetan zehar, sexu harremanik izan nahi ez izatea.

Puerperio emozionala

Erditze ostean, aldaketa hormonalak asko dira eta normala da amak gora-behera emozionalak izatea.

Erditzea ondo joan bada, haurra amarengandik urrundu ez bada eta edoskitzea ondo badoa, oxitozina dosi altuak izango ditu amak, eta hortaz emozionalki oso ondo sentituko da.

Erditzea nahi bezalakoa izan ez bada, haurra amarengandik urrundu bada, edoskitzeak arazoak eman baditu eta egoera berrira egokitzea zaila bada, amak gaizki sentitzeko joera du. Sarri nekeak, min fisikoak, erditzea sorturiko traumak… ama gaindituta sentiarazten du eta oso garrantzitsua da inguruan babesa izan dezan. Erditze ostean goibel sentitzea, erditzeko traumak… ohikoak dira. Garrantzitsua da horiek goiz antzeman eta artatzea depresioa edo haurra edo bere buruarekiko gaitzespena sortu ez dadin. Babes hori ingurukoek edo edoskitze edo haziera taldeek eta doulek eman ohi dute.

Haurrarekiko atxikimendua egokia denean, depresioa izateko arriskua asko gutxitzen da. Atxikimendua sor dadin, bai ama zein aitarekin, elkarrekin lasai denbora igaro behar dute, azala-azalarekin ahal bada edo soinean eramanda adibidez. Oso egokiak dira lehen asteetan fularrak. Horretaz gain, shantala masajea haurrari egiteak ere atxikimenduan asko laguntzen du. Masajea edo soinean eramatea aitak egiteak asko laguntzen du atxikimenduaren ezarpenean, batez ere amak haurra edoskitzen badu (berarekin denbora asko igaroko baitu).

Erditze ostean haurra ezagutzeko denbora hartu behar da. Sortu berri diren ama eta aita (balego) ere ezagutzeko denbora hartu behar da. Eta norbera egoera berrian kokatzeko denbora hartu behar da.

[2018ko maiatzean eguneratua]

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

× Zalantzarik?