Oinarrizkoa da erditze ostean berehala haurtxoa amaren gainean kokatzea eta azala azalarekin ahalik eta denbora gehien egon daitezen honakoak gertatzeko:
INPRONTA:
Haurtxoak bere begiekin amarenak bilatzen ditu, era honetan elkar behatu eta “maitemintzen” dira. Atxikimendua sortzen laguntzen du. Haurrak, erditze lasaia izan duen kasuetan, lasai jaiotzen dira eta zenbait minutuz amari begira egon daitezke. Erditze instrumentalizatu edo zesarea kasuetan aldiz, amarekin egoteak lasaitzen eta ondo egoten lagunduko dio.
– EDOSKITZEAREN EZARTZEA:
Haurtxoa ikusmen eta usaimenaren bidez gidatzen da eta herrestan bera bakarrik amaren bularrera iristen da eta edoskitzea hasten da. Haur jaioberriak, osasuntsu badago, ez du inolako laguntzarik behar amaren bularrera igo eta titia hartzeko.
Ikus hemen haurra bularrera doan uneko bideoa.
Erditze osteko lehen uneak intimoak izan behar dira.
Familiarekin une hortan dauden profesionalek errespetuz jokatu eta ahalik eta gutxien esku hartu behar dute.
ZERGATIK EZ DA HAURRA AMARENGANDIK URRUNDU BEHAR?
Ama eta haur jaio berriari gerta dakieken onena banatu ez ditzatela da.
Amarengandik banatzen diren haur osasuntsuek gelditu gabe egiten dute negar berarekin elkartzea lortu asmoz. Desesperazio protesta deitzen zaio eta negar egiteari soilik negar egiteko indarrik ez dutenean uzten diote.
HAURRARENTZAT:
– Estresa haztea.
– Gorputzeko berotasuna galtzea.
– Amarena ez diren bakteriekin kutsatzeko arriskua eta infekzioetara esposizioa.
AMARENTZAT
Erditzeostean Traumaosteko Estres Sindromea jasateko arriskua areagotzen du.Emakume batzuek, banatzearen ostean ez dute haurra beretzat onartzen, ez dute berezko hartzeko gogorik, zaintzekorik edo elikatzekorik. Aldiz, berehalako kontaktuak amatasun sena agertzea hobetzen du. Ama gai da haurrak bidaltzen dizkion seinaleak identifikatu eta bere beharrak asetzeko.
Norbere haurrarekin egoteko nahia ez da kapritxoa, ezta sentimenduzko gaia ere, eskubidea da eta osasuna babesteko bidea.
ZER DA EZ BANATZEA?
Berehalako azala azalarekin motako kontaktua etengabeki ahalbidetzea. (Amak ezin badu, aitarekin edo beste norbaitekin).
Zilbor hestea ez moztea plazentatik odol guztia haurrak jaso bitartean (odol hori donaziorako edo norberak gordetzea erabaki ez bada).
Amagandiko edoskitzea erraztea bizitzako lehen unetik.
Zesarea edo erditze instrumentalizatua izatea ez dira nahikoa arrazoi ama eta haurra banatzeko. Ama edo haurraren osasun egoerak elkarrekin egotea banaturik egotea baina okerragoa dela adierazten duten kasuetan soilik da justifikagarria banatzea.
Nils Bergman neonatologoaren hitzetan haurra eta ama ez dira banatu behar lehen 1000 minutuetan.
GURASO.EUS-en idatziriko sarrera da hurrengoa.
Zer gertatzen da lehen 1000 minutuetan?
Jaio osteko lehen uneetan, garai kritikoa deritzonean, 1000 minutuetan, baita haur goiztiarretan ere, ama eta haurra urruntzeak estres toxikoa sortzen du, bizi osoko osasunean eta bizitzaren iraupen osoan eragingo duten aldaketa hormonal, metaboliko eta kognitiboak eragiten dituelarik. Eta hortaz, lehen 1000 minutuek, bizi osoan eragingo dute.
Bergmanek haur guztiek azala azalarekin egon beharko luketela defendatzen du, bai osasuntsu jaiotakoak zein gaixo edo goiztiar direnak ere. Azala azalarekin egonda -arroparik gabe helduaren bularraldea eta haurra soilik pixoihalarekin-, haurrak behar duen guztia jasoko du eta gaixo edo goiztiarren indartzea hobea eta azkarragoa izango da.
Azala da pertsonon organurik handiena, biltzen eta babesten gaituena. Azala azalarekin egotea da jaio berriek DNA-an programaturik daukaten behar biologikoa. Merkea, eraginkorra, atsegina.
Bergman doktorearen hitzetan, jaio berri batek behar duen guztia, azala azalarekin egotea bermatuko dion heldu bat -hobe ama bada- eta biak bilduko dituen oihal bat da, hobe zurruna eta ez elastikoa. Beste guztia, ez da bere bizitzarako behar garrantzitsua. Ez litzake askoz errazagoa guztiontzat?
Akaso, helduok ez gaitu ondo sentiarazten besarkada batek? Azala azalarekin egoteak? Jendarte hobea izango genuke, oxitozinak gidatua balitz. Hartu duzu zuk gaur zure oxitozina dosia? Jaso duzu besarkada estu-estu bat?
Gomendio batekin amaituko dut, hartu bideo hau ikusteko tartea:
Plazera izan da Jill eta Nils Bergmanekin neurozientziak emandako azken ikerketen emaitzen inguruan ikastea. Etorkizuna gaur baita.
Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.