Maitatasunez, aitatasunez (esperientziak)

Maitasunez beteriko kontakizunarekin hasiko gara. Gurasoak banandu arren, alaba txikiak maitasun osoa duelako. Mila esker!

Aitatasunez, maitasunez… elikatuko zaitut!
Maitasunaren ostean, batzuetan, geratzen dena bizitzan duzun izarrik distiratsuena da. Hori da nire kasua, alabak urte eta erdi zituenean nire bikotearekiko maitasuna amaitu zen.

1921222_10203335080515696_1102051961_o
Zer egin? Zer egin beharko genuke? Zer da hoberena berarentzat? Iritzi eta zurrumurru gehiegi! Hilabete zailak izan ziren, dudarik gabe.
Nire buruan pentsatuz hoberena beste bizimodu berria hastea zen, nola ez, alabarekin. Argi nuen nire zoriontasuna berea izango zela, eta noski, alderantziz ere! Beraz beragan pentsatuz, amarekin egon behar zuela ere argi nuen. Psikologo baten laguntzaz banatze prozesua ahal genuen bezain ondo eraman genuen… Guztiaren emaitza, zuen adina zuela kontutan izanda; amatxorekin bizi da, eta nire bisitak jasotzen ditu astean zehar, asteburuetan berriz, txandatuz goaz.
Hori horrela dela asimilatzea zaila da, eta azkar batean esplikatu nahi izan dut, pentsatze hutsak ere oraindik mina ematen didalako. Nire alabaren ongizatean pentsatu nuen, gaur egun arte egunero egiten dudan bezala.

Nire alabak bizitza aldatu dit. Nire bizitzaren punturik nagusiena da, ezer egin aurretik, edo edozein erabaki hartu aurretik, lehenengo beragan pentsatzen dut. Bere irribarrea da nire helburua, bere zoriona nire oparia, eta bere pausu bakoitza nire harrotasuna.
Haur bat ez da amaren kontua soilik! Ez ditut atsegin hainbat esaldi “ama bat ama bat da!”, “Inorrekin amarekin bezala!”, “Ama falta zaio”… Ez nago bat ere ados!
Agian ez dugu esnez beteriko titirik, baina maitasunez elikatuko ditugu gure haurrak. Bularretik esnea baino askoz gehiago jasotzen du haurrak aitatasunez, maitasunez; babesa, epeltasuna, konfiantza, bizitza, alaitasuna, maitasuna, aitatasuna…
Nire alaba pozik bizi da, ulertu du bere aita eta ama ez direla batera bizi, ulertu du nirekin dagoenean ama agurtu behar duela eta alderantziz… Baina garrantzitsuena ulertu eta badaki, beti egongo garela berarekin, eta ez dela inoiz bakarrik egongo!
Zuretzat eta zuregatik, aitatxo.

× Zalantzarik?