Pixoihalak

Azken aldian pixoihalen inguruko zalantza asko jasotzen ari gara, eta garrantzitsua iruditu zaigu arlo batzuk argitzea. Haur eramaileen inguruan diogun bezalaxe, ez dago formula magikorik, familia guztientzat balio duen haur eramailerik ezta pixoihalik ere.

Pixoihal mota ugari daude gaur egun, eta akaso, ezagutzen ez duzun bat izan daiteke zuentzat egokiena.

Azter ditzagun:

Batetik, erabili eta botatzeko pixoihalak ditugu. Denda guztietan topatuko dituzu, eta markaren arabera, osagaiak aldatzen badira ere, gehienetan errepikatzen dira sustantzia kimikoak, plastikoa… Gaur egun gehien erabiltzen direnak dira, erosotasunagatik, erabili eta bota egiten direlako, baina higiene zein ekologia ikuspegitik ez dira egokienak. Erabili eta botatzeko pixoihalek, azaleko narritadurak egotea errazten du, dermatitiak sor ditzake eta hondakin kopuru handia sortzen dute. Ez dakigu pixoihal hauek zein osagaiez eginak dauden, eta haurtxoen azalarekin zuzenean kontaktuan egoten dira denbora luzez.

Bestetik, oihalezko pixoihalak ditugu. Oihalezko pixoihalen mundua, nahi bezain zabala da ia-ia. Familia bakoitzaren beharren arabera, bat edo beste izango da egokiena. Orokorrean, bi atalez osatzen dira (pixoihala eta xurgatzailea) eta hauek elkartzeko moduaren arabera sailkatu ohi dira.

  • Guztia batera: xurgatzailea eta pixoihala banatu ezin direnak dira eta mota desberdinetakoak daude: guztia batera josirik dutenak, iskina batetatik josirik elkartzen direnak, berezko xurgatzaileaz gain, beste bat gehitzeko aukera ematen dutenak….
  • Betegarriak: pixoihalak poltsiko bat du eta bertan sartzen da xurgatzailea.
  • Guztia bitan: pixoihala eta xurgatzailea ez datoz batera edo botoi bidez lotzeko aukera ematen du. Xurgatzailea da azalarekin kontaktu zuzena duena, eta pixoihala zikintzen ez bada, xurgatzailea soilik aldatuta erabiltzen jarrai daiteke.
  • Guztia hirutan: kanpoko geruza kotoizkoa izaten da, ondoren inpermeablea den zatia dauka (kotoizkoari lotzeko aukera izan dezake) eta xurgatzaileak. Kanpoko geruza estalki baten modukoa da eta ez da aldatu behar izaten. Mota hauetako pixoihal batzuek, xurgatzailea erabili eta botatzekoa izateko aukera ematen dute. Pixoihal mota honen arazoetako bat, nylonezko atalak azalarekin kontaktua izan dezakela da (alergiak, narritadurak… sortu daitezkelarik).
  • Pixoihala xurgatzailea + estalkia: pixoihalaren zatia (edo gasak) ez dira inpermeableak, eta hortaz, inpermeablea den estalki bat gehitzen zaie. Estalkiak mota desberdinetakoak izan daitezke.

Aurrez esan bezala, mota guztiek ez dute familia guztientzat balio. Haur guztien azala ez da berdina, guraso guztien bizi erritmoa ezta ere, eta garbitzeko aukerak ez dira beti berdinak izaten.

Pixoihaletan ere, zuentzat egokiena zein den bilatzera gonbidatu nahi zaituztet, zuentzat erosoena eta zuen beharrak asetzen dituena topatzeko.

Eta nola garbitzen dira oihalezko pixoihalak?

Mota bakoitzeko pixoihalak, zaintza berezituak eskatzen ditu, baina hona hemen zaintza orokorrak:

  • Maiz aldatu pixoihalak: 3 ordu inguruan.
  • Ez utzi pixoihalak uretan beratzen: bakteriak… errazago ugaltzen dira uretan.
  • Ez erabili leungarririk garbitzerakoan: xurgatzeko gaitasuna gutxituko dute.
  • Ez erabili usaina duten garbikariak, ehunetan eragina izan dezakete.
  • Ur asko eta garbikari gutxi erabili. Urberritze extra bat ematea ondo etortzen da (aclarado extra).
  • Tenperatura ezarri aurretik, pixoihal eta xurgatzaileen etiketak begiratu.
  • Pixoihalen zopa: pixoihalak xaboi gehiegirekin, leungarriarekin edo oihala arraro sumatzean egitea gomendatzen da, baita pixoihalek amoniako usaina dutenean ere. Pixoihalak ur beroa duen ontzi batean jarri (adi tenperatura maximoei) eta erabiliko dugun garbikariarekin jarri eta nahastu. Gau osoa beratzen utzi eta goizean garbigailuan ziklo luze bat jarri eta urberritze extra bat ezarri. Xaboi guztia atera dela ziurtatu, eta espumarik balego, urberritze gehiago jarri.
  • Eguzkia da zikin arrastoak kentzeko laguntzailerik onena. Ahal dela, lehortu eguzkitan.
  • Horizontalean zabaldu: euren forma ondo mantentzeko, hobe horizontalean lehortzea.

Eta orduan nola hautatu?

  1. Ez erosi konpultsiboki edo publizitate kanpaina batek eraginda. Hartu denbora produktuak erkatu, zuen beharrak aztertu eta nahi duzuena aukeratzeko.
  2. Aztertu erostera zoazen produktuaren materialak eta jatorria. Geroz eta gehiago dira zalantzazko material (tinteak, ehunak…) edo jatorriak dauzkaten oihalezko pixoihalak.
  3. Gutxinaka hasi. Ez erosi mota bakarreko pixoihal kopuru handirik, agian ez da zuentzat egokia eta. Probatu zuena topatu arte.
  4. Foroak erabili. Gaur egun sare sozialetan eta interneten bada informazio asko. Pixoihal bat erosi aurretik, galdetu foroetan jatorria, osagaiak eta iritziak. Pixoihal guztiak ez dira saltzen digutena: ez dute iragarkietan dioten 12 orduz egoteko balio.
  5. Hobetsi ehun naturalak sintetikoen aurrean. Ekologikoak badira hobe, sortze prozesu guztian kimikoak, toxikoak eta ingurua kutsatzeak ekidin direla ziurtatzeko. Azaletik xurgatzen ditugu toxikorik gehienak.
  6. Gertutasuna kontuan izan. Pixoihal berrerabilgarriak erosteak, hondakinak eta kutsadura gutxitzeko, eta munduaren beste aldean egindakoak erabiltzeak, garraiatzeak asko kutsatzen du.
  7. Ehun trasnpiragarriak hautatu, artilea ere, ehun zoragarria da: nylona bezalakoak ez dira aukerarik onena. Sintetikoa hautatzekotan poliuretanoz estaliriko poliesterra (PUL) erabil dezakezu.

Josten badakizu?

Eta zure haurtxoarentzat pixoihalak zuk zeuk egingo bazenitu? Sarea patroiez beterik dago, ausartu zaitez!

Eta bestela, jo artisauengana. Badira gure inguruan pixoihalak eskuz, kalitate berme guztiekin eta oihalen trazabilitatea eta osagaien inguruko informazio osoa eskaintzen duten artisauak. Pixoihalak modu etikoan egiten dituztenak, eta izugarri politak eskaintzen dituztenak.

10384196_701655556595113_376785265344779901_n

Familia bakoitzaren beharrak, propioak dira. Ez da guztientzat balio duen sistemarik. Eta ez ahaztu, gurasotasunak grisetik asko du, ez da zertan gauza bakarra hautatu behar, eta bata, ez da bestea baina okerragoa.

× Zalantzarik?