Txupetea. Bai? Ez?

Asko dira txupetea (edo zupakia) eskaini edo ez zalantzan egoten diren gurasoak. Txupetearen erabileraren inguruko zalantza ohikoenak argitzen saiatuko gara.

Beharrezkoa da?

Ez. Ez da haurrak duen behar fisikoa txupetea izatea. Baina askotan oso lagungarria da.

Haurrek, xurgatzeko berezko joera dute. Hil ala biziko erreflexua da. Xurgaketaren bidez elikatzen direlako. Xurgatzen ez duen haurrak ezingo du bularrik (edo biberoirik) hartu, eta hortaz, arazo larriak izango ditu. Baina haurrek ez dute soilik elikatzeko xurgatzen. Xurgatze pasiboa deitzen zaio, elikatu beharrik ez, baina xurgatzeko erreflexuari. Hau da, haurrak, asetuta egon arren, xurgatzeko beharra izaten du (ugaztun askotan ikusi da, esnerik hartu gabe, amaren bularra xurgatzen egotea).

Hortaz, beharrezkoa ez bada ere, askotan lagungarria da. Xurgatzeko behar hori duten unean, haurrek ez badute zer xurgatua (hau da, amaren bularra ez badago), haserretzeko joera izan dezakete. Asetuta dagoelaz ziur bagaude, bularra eskaini eta esnerik hartzen ez duela iruditzen bazaigu, baina hala ere, lasaitzen ez bada, txupete batek, erreflexu hori ase dezake. Bestela, sarri, behatza, oina edo inguruan duen jostailu bat erabiliko du behar hori asetzeko.

Dena den, asko dira txupeterik ez eskaintzearen alde agertzen diren ikerketak. Haurraren ahoa eta aurpegiaren egitura osoan eta ahozkotasunean eragin negatiboa duela agerian geratzen ari da.

Noiz eskaini?

Oro har, haurrak hilabete bete baino lehen ez eskaintzea gomendatzen da. Haurrak jaio berriak direnean, edoskitzea ondo ezarri arte gora behera asko izaten dira eta txupetea traba handia izan daiteke. Batetik, goizegi eskainiz gero, gosea duen haurrak gutxiegi jan dezakelako eta bestetik, txupetea xurgatzeko egin beharreko mugimendua eta bularra hartzeko egiten duena desberdinak direlako.

Eta nola kendu?

Guztiarekin bezala, txupetea erabiltzen duen haurrari hobe bat-batean ez kentzea. Haurrek txupetearekin duten harremana hasieran soilik erreflexua baretzekoa bada ere, ondoren harreman emozional bat ere sortzen da. Haurrak txupetea egoera jakin batzuetan erabiltzen du (lasaitzeko, lokartzeko…) eta egun batetik bestera kentzeak arazoak sor ditzake. Edoskitzearekin erabiltzen den lege bera erabiltzea gomendatzen da: ez eskaini, ez ukatu. Hau da, eskatzen badu eman, baina ez eskaini berak eskatu gabe.

[2018ko maiatzean eguneratua]

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

× Zalantzarik?