Doulak.

Bizitzeko bi era daudela uste dugu, eraiki edo eraitsi. Badira zenbait egun Espainiar prentsan azaltzen ari diren zenbait berriren inguruan (doulen inguruko artikulu batzuk) arlo desberdinetako profesionalekin hitz egiten, hausnartzen… gabiltzanak. Tartean, familia medikuak, ginekologo bat, emagin batzuk, erizainak, psikologoak, pedagogoak, doulak eta zenbait guraso. Ikuspegi desberdinetakoak denak.

Hitz egin dugun guztiek gauza bera aipatzen zuten, ez dutela ulertzen horrelako artikuluak, nola atera daitezken kontrastatu gabe. Eta erantzun bat gustatu zaigu gehien “eraitsi nahi dute informatzeko eskubidea”.

Zalantzarik ez dugu, eta beti azpimarratzen dugu, osasun langileek duten garrantzia, eta batez ere, emakumearen sexualitatearekin harremana duten prozesu guztietan, EMAGINEK duten garrantziaz. Osasun arazoak, kezkak eta zalantzak, osasun langileek erantzun behar dituzte. Zalantzarik ez dugu, eta ezagutzen ditugu, oso profesional onak direnak, eguneratuak, enpatikoak eta sistemaren barne (osasun sistema publikoan zein pribatuan) zein kanpoan, gauzak aldatzen ari direnak. Eta ez gara inoiz nekatuko pertsona horiei eskerrak emateaz. Zuek egiten duzuena, eguneroko lanean, jendarte osoarentzat da mesedegarria.

Ezagutzen ditugu, baita ere, tamalez, beraien lana gaizki egiten duten osasun profesionalak ere, legeak urratzera iristen direnak (pazientearen autonomia legea adibidez), kode deontologikoak behartzen dituen eguneratzea burutzen ez dutenak, eta Munduko Osasun Erakundeak berak ere salatu du INDARKERIA OBSTETRIKOA badela (ikus adierazpena). Baita euren lana gaizki egiten duten dendariak, administrariak, garbitzaileak, tabernariak  eta doulak ere.

Informazio jendartean bizi gara, informazioa eskura dugu uneoro, mugikor, tablet, ordenagailuak… eskura ditugu edozein zalantza argitzeko. Eta informazioa boterea da. Bizitzen ari zaren prozesu fisiologiko eta emozionalaren inguruko informazioa izateak, prozesua hobeto ezagutu eta egokitzea errazten du. Informazio hori, ebidentzia zientifikoa oinarri eta eguneratua izateak, guztioi egiten digu mesede.

Ez dugu baloratuko zabaltzen ari den informazioa. Informazio gehiago behar duenak hemen doulen inguruko nazioarteko ikerketa batzuk eta hemen zabaldu den ikerketa.

Bi estekak irakurri eta hausnartzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Gure aldetik, besarkadarik goxoena osasun langile askori, doularen figura ulertu eta elkarlanean ari direnei, emakumeen erabakitzeko gaitasunean konfidantza izan eta alboan izatea erabaki duten pertsona hori errespetatzen dutenei. Besarkadarik goxoena, osasun profesional eguneratuei, enpatikoei, emakumeak, haurrak eta beraiekin dauden bikote edo lagunak, errespetatzen dituztenei. Besarkadarik beroena, beraien lankideen adierazpenekin haserre dauden profesionalei. Besarkadarik goxoena, sistemak ezarritako mugengatik, beraien lana nahi bezain ondo egiterik ez dutenei.

Besarkadarik goxoena, emakumeei. Norberak baitaki zer behar duen, emaginaz gain, bere haurdunaldian, erditzean edo erditze ostean.

Eta batez ere, besarkadarik handiena, denon artean jendarte hobe bat eraikitzen saiatzen ari zareten guztiei. Besarkada hotz-hotz bat, eraiki beharrean, eraitsi nahi duzuen guztiei, eraso bakoitzean, emakumeek eta haurtxoek galtzen baitute.

Hau guztia esan ondoren, lanean jarraituko dugu, informazioa behar duen guztiengana iritsi dadin. Emaginek, erditze normal guztietan beraien lana egin ahal izan dezaten. Emakumeen erabakiak errespetatu daitezen. Ebidentzia zientifikoa profesional guztiengana iritsi dadin. Indarkeria eta erasoak, alboratu daitezen.

ETBko AZPIMARRA saioan parte hartu dugu gai honen inguruan, hemen ikusgai.

Dibujo

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

× Zalantzarik?