Epidurala

Epidurala analgesia da (mina arintzeko tratamendua) eta erditzeetan uzkurduren mina arintzeko erabiltzen da. Lunbareetako ornoen artean dagoen gunean kateter bat kokatzen da eta bertatik gutxinaka sendagaia sartzen joaten da. Kateterra jartzeko, aurrez normalean, anestesia lokala ematen da.

Noiz jarri behar da?

Erditze normalen kasuan, erditze aktiboa hasi denean jartzea gomendatzen da, hau da, uzkurdurak erregularrak direnean eta 3-4 zentimetroko dilataziora heldu denean. Geroz eta beranduago jarri, erditzearen prozesu naturalean eragin gutxiago izango du eta hortaz, arazoak sortzeko arriskua gutxituko da. Dena den, 8 zentimetroko dilataziora heldu bada, ez da jartzea gomendatzen. Analgesiaren efektua egozte fasean edo egozte fase ondoren iritsiko litzake eta hortaz, zentzurik gabekoa litzakelako.

Epiduralak albo ondorioak ditu, eta hortaz, mina arintzeko metodo ez inbasiboak erabiltzea edo epidurala erabiltzearen onura zein arriskuak aztertzea gomendatzen da.

Zeintzuk dira albo-ondorioak?

  • Hipotentsio arteriala.
  • Duramaterra zulatzeko arriskua. Epiduralaren kateterra kokatzean, nahi gabe duramaterra zulatuko balitz, amaren likido zefaloerrakideoa irtetzen hasiko litzake eta horrek buruko min handia sortzen du. Hau gertatuz gero, egun batzuetan guztiz horizontalki egon beharko du amak eta hortaz, haurra zaintzea eta edoskitzea oso zailak bihurtzen dira.
  • Infekzioa;  Kateterra kokatu den gunea infektatuz gero, meningitia izateko arriskua dago.
  • Bizkarreko min errepikakorrak. Epidurala izan duten pertsonek bizkarreko min errepikakorrak izateko arrisku handiagoa dute.
  • Uzkurdurak gutxitzen ditu. Uzkurduren maiztasun eta intentsitatea gutxitzen dira eta hortaz, oxitozina sintetikoa jarri behar izaten da.
  • Haurraren bihotz taupaden ez-egonkortzea.
  • Haurra ez ondo kokatzea. Amaren mugikortasuna murriztean, haurra ondo kokatzea zailtzen da eta hortaz, erditze instrumentalizaturako aukera igo.
  • Egozte fase luzeak. Denbora aurrera joan ahala, instrumentalizazioa edo zesarea egitea erabakitzeko aukera asko hazten da. Haurra eta ama asko nekatzen dira.
  • Endorfina jarioa gelditzen da. Amak minik sentitzen ez duenez, endorfinen jarioa geratzen da. Haurrak endorfinarik ez du jasoko eta hortaz, gehiago sufrituko du, berak ez baitu epiduralaren efektua sentitzen.
  • Sukarra izateko arrisku handiagoa. Epiduralak ama eta haurraren tenperatura igo dezake.
  • Edemak izateko arriskua; horrek edoskitzean eragiten du, haurrak bularra heltzea zailtzen baitu.
  • Mugikortasuna mugatzen du.
  • Amaren esneak ez du endorfinarik. Haurrak mina izan dezake erditze instrumentalizatua edo zesarea izan bada, eta endorfinek mina arinduko liokete.
  • Erdi-lokarturik jaiotzeko arriskua Sendagaiek haurra erdi-lo jaiotzea ekar dezakete eta egoera horrek egunak iraun ditzake. Horrek bularra hartzeko indarrik eza edo esnatzeko gaitasun eza dakar, eta hortaz, haurra behar beste elikatzeko gai ez izatea.

Epidurala jaso aurretik BETI idatzizko baimena eman behar da. Idatzizko baimenean arriskuak argi agertu behar dira. Idatzizko baimenaz gain, prozesua eta albo-ondorioak argi azaldu behar zaizkigu.

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

× Zalantzarik?