Erditzea bizkortzeko teknikak

Haurdunaldi ohikoaren iraupena 37-42 astekoa da (azken hilerokoaren lehen egunetik zenbatzen hasita), hortaz, 42 astea bete aurretik induzitzea ez da gomendatzen osasun arazorik ez dagoen kasuetan. Erditze espontaneoa haurra jaiotzeko prest eta amaren gorputza erditzeko prest daudenean hasten da, momentu hori iritsi baino lehen induzitzeak haurrarengan eta amarengan eragina izan dezake.

Haurrarentzat sabelean dagoen egun bakoitza irabazten ateratzen den egun bat gehiago da, bertan bere behar guzti-guztiak aseturik ditu eta jaiotzeko indarra hartzen ari da. Gainera bere organuak ere prestatuz doaz kanpoko bizitzarako. Amaren gorputza bitartean, ez dago geldirik. Agian ez du kontrakziorik sentituko edo ez zen tapoia botatzen hasiko, baina gorputza gutxinaka-gutxinaka prestatuz doa, hormonalki eta fisikoki gutxinaka umetokia eta prestatuz.

Eragite artifizialari baietz esan aurretik kontuan hartu hau:

–  BETI esan dezakezue ezetz: pazientearen autonomiaren legeak zure gorputzaren inguruko erabakiak zuk zeuk hartu behar dituzula aitortzen du.

Noiz da beharrezkoa?

  • Haurdunaldiko hipertentsio egoerak. Preeklampsia, eklampsia, HELLP sindromea dagoenean, baina erditzerako 48 orduko marjina uzten duten kasuak direnean eta hortaz berehalako zesarea bidezko jaiotza behar ez denean.
  • Infekzio amniotikoa. Infekzioa diagnostikatu denean, baina arriskua bat-batekoa ez denean, erditzea 12 orduren barruan amaitzea behar bada.
  • Haurraren arriskuaren susmoa:
    • Baieztaturiko Hazte Motel Intrauterinoa dagoen kasuetan.
    • 42 astez gaindiko haurdunaldia.
    • Ama-haur rh inkonpatibilitatea.
  • Arrisku aurrekariak izatea, aurrez haurdunaldi amaieran haurrak galdu izana adibidez.
  • Gaixotasun larriak (haurra zein amak) edo kronikoak izatea.
  • Gaixotasun autoinmuneak izatea.
  • Haurra galdu izana.

Noiz EZ da beharrezkoa eragite artifiziala?

  • Plazenta prebio guztiz oklusiboa. (Kasu hauetan zesarea behar da)
  • Haurra ipurdiz, transbertsalki edo zutik egotea. (Edozein unetan bira daiteke)
  • Zilborhestea buruaren aurretik egotea. (Erditzea zaindua baina espontaneoa izan daiteke).
  • Herpes genitala.
  • Aldaketako desproportzioa: ezin da jakin amaren aldakak nola kokatuko diren erditzeko unea hasi arte.

Kasuan kasu aztertu beharko da erditzea artifizialki eragiteak onura gehiago izan ditzakeen arriskuak baino.

ERDITZEAREN ERAGITE ARTIFIZIALAREN (INDUKZIOA) ARRISKUAK

Erditzearen eragite artifiziala edo indukzioa, kontu handiz burutzen ez bada, zesarean amaitzeko arriskua %50era igotzen da. Hortaz, prozesu hau hasi aurretik arrazoi justifikatuak egon behar dira eta ama-haurrek jasotko duten onura, arriskua baina handiago izan behar da.

Eragitea hasi aurretik Bishop Testa egin behar da. Bertan, faktore desberdinak kontuan hartzen dira eta 7 puntu baina gehiago lortu badira, eragitearen arrakasta aukera altua dela esaten da.  4 puntuz beherako kasuetan, umetokiaren lepoa prest ez dagoela ondorioztatzen da eta hortaz, zesarea edo erditze instrumentalizaturako aukera areagotzen da.

Puntuak 0 1 2 3
Umetokiaren lepoaren trinkotasuna Gogorra Erdikoa Biguna
Ezabatzea % %30 %40-50 %60-70 + %80
Dilatazioa 0 1-2 3-4 5-6
Umetokiaren lepoaren kokapena Atzekoa Erdibidekoa Aurrekoa
Kokatze maila Librea Hasierakoa II maila III maila

 Zein dira amarentzat erditzearen eragite artifizialaren arriskuak?

  • Ez-egonkortasun emozionala. Beldurra eta antsietatea sor daitezke erditzea eragingo dizutela jakitean. Erditzea ondo joateko lasaitasuna oinarrizkoa da.
  • Uzkurdura gogorregi eta luzeak. Plazenta askatze-goiztiarra, umetoki haustura edo umetokiko urradurak sor daitezkelarik.
  • Umetokiko infekzioa.
  • Erditze osteko gehiegizko odol galera.
  • Likido amniotikoaren enbolia.
  • Mina gehiegizkoa izatea, monitorizazio eta odol tutuek mugimendua ez ahalbidetzea eta hortaz epidurala eskatzeko beharra areagotzea. Epidurala jartzeak, oxitozina dosia igotzea ekarriko du.

Zein dira haurrarentzat arriskuak?

  • Goizegi jaiotzea, haurra prest egon aurretik jaiotzeak umetoki kanporako bizitzara prest ez egotea eragin dezake. Arnas arazoak… izan ditzake.
  • Jaiotzean traumatismoak bizitzea erditze instrumentala edo egozte fase zailagoak izaten direlako. Zesarea bidez jaiotzen direnek erditze kanaletik ateratzean eragindako minak edo zesarearen nahi gabeko ebakidurak izatea ekar dezake.
  • Haurraren sufritze larria. Uzkurdura gogorregiak izateak, odol jarioa irregularra izatea ekar dezake eta plazentan edo zilborhestean arazoak sor daitezke. Erditze instrumentalizatuak edo zesareak ere haurraren sufritzea ekar dezake.
  • Umetokiko infekzioa. Takto gehiago jasaten dira erditze hauetak eta hortaz, infekzio arriskua asko areagotzen da.

Hala ere, egunak aurrera doazela ikusi eta zuek gauza martxan jartzea nahiago baduzue, badaude metodo naturalak:

Sexua oso ona da. Uzkurdura natural eta plazerrezkoak sortzen dira eta gorputza martxan jartzen dute. Gainera, semena baginan isurtzean, prostaglandiak isuriko dira, eta prostaglandiak umetokiaren lepoa ezabatzen laguntzen duten hormonak dira.
– Triparekin… ez bazara hortan ikusten, laztanek eta titiburuen estimulazioak ere efektu antzekoa dute.
Janari pikantea jan. Ez baduzu bihotzerrerik ez haurdunaldiko almorranarik, janari pikantea jan. Sabela mugituaraziko du eta mugitzeak erditzea martxan jartzen du.
Hitz egin haurrari. Esaiozue bera ezagutzeko desiatzen zaudetela eta jaiotzeko buruarekin beherantz joan behar duela, maitasunez hartuko duzuela. Txorakeria dirudien arren, ginekologiako adituek indukzio naturalerako metodo oso ona dela diote.
Musika dantzagarria entzun eta dantza egin.
Barre egin.
Ibili. Hobe da paseo motz asko egitea goiz osoa ibiltzera joatea baino. Pentsa, goiz osoa oinez eman, bazkaldu eta siestara zoazela. Siestarako etzatean uzkurdurak dituzula ohartu edo boltsa hausten duzula, nekatuta iritsiko zara erditzerak eskatuko dizun esfortzura. Hobe da goizean lehen orduan paseotxo bat, hamaiketakoa lasai hartu eta kuluxkatxo bat egin eta beste paseotxo bat, bazkal ostean beste bat…. txikiak baina maiz.
Erlaxatu eta deskonektatzea. Erditzea normalean emakumea lasaien eta erditzean gutxien pentsatzen ari denean hasten da martxan.

Orohar, oxitozina naturala jariatzen lagunduko dizun edozein ekintzak lagun dezake erditzea bere kabuz has dadin. Gogoko dituzun ekintza gustagarriak burutu, eta saia zaitez azken egun edo orduez gozatzen.

[2018ko maiatzean eguneratua]

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

×

Powered by WhatsApp Chat

× Zalantzarik?