Etxean erditzea

Gaur egun geroz eta gehiago dira etxean erditzea erabakitzen duten emakumeak. Etxean erditzea emagin batek (gutxienez) lagunduta burutzen denean eta haurdunaldia normala eta arrisku baxuko erditzea aurreikusten bada zein ospitalea 30 minutuko gehienezko tartean dagoenean, aukera segurutzat jotzen dute geroz eta ikerketa gehiagok. ed

Emakumea etxean egoteak, lasaitasuna, intimitatea, konfidantza, askatasuna… sentiarazten dio eta horrek erditzea errazten du. Haurrarentzat ere onura esanguratsuak ditu: lasaitasun eta maitasun giroan jaiotzen da, ez da amarengandik inongo unean banatzen eta zilborhestea taupadak gelditu arte ez da eteten.

Etxeko erditzeetan emakumea izaten da protagonista, sentitzen duena edo nahi duena egiteko aukera du eta emaginak, bere beharren arabera egiten du lan. Emaginaren funtzioa ama eta haurra ondo daudela ziurtatzea da erditzeak irauten duen bitartean, amari behar duen segurtasuna ematea eta erditu ostean haurra eta amaren osasun egoera ona dela ziurtatzea. Arazorik balego edo egon daitekenaren susmoa badu, konponbidea azkarra eman edo ospitalera joatea gomendatuko du.

Etxeko erditzean, haurra jaio eta haurrondokoa bota ostean ordu batzuez emagina etxean egoten da arazorik sortuko balitz detektatzeko eta ama-haurraren lehen uneak zaintzeko. Edoskitzea ezartzen laguntzen du eta haurra zein ama ondo daudela baieztatzean joaten da. Erditze osteko lehen egunetan ere jarraipena egiten die ama-haurrari.

Emaginaz gain, emakumeak alboan izan nahi dituen pertsonak hauta ditzake. Bikotea, lagunen bat edo beste seme-alabak egon daitezke bertan emakumeak hala nahi badu. Erditzean argazkiak edo bideoa grabatzerik nahi izanez gero, konfidantzazko argazkilaria edo pertsona izatea gomendatzen da, ama errespetatuko duena, isiltasuna mantendu eta erditzean eragingo ez duena.

ZER BEHAR DA ETXEAN ERDITZEKO?

Erditzea artatuko duen emagin taldea.

– Haurdunaldian arazorik egon ez izatea.

– 37-42 asteen artean erditzea.

– Ama zein haurra osasuntsu egotea.

– Ospitalea 30 minutuko distantzian egotea.

– Ospitalera joateko bidea, modua eta zeinek eramango zaituen zehazturik izatea.

Etxean erditzeko asmoa izanez gero, haurdunaldiaren hasieran erditzean artatzea nahi duzun emagina hautatu eta berarekin harremanetan jarri behar duzu. Haurdunaldian zehar, zenbait hitzordu izango dituzu berarekin eta zure beldurrak, beharrak, nahiak eta zure egoeraren berezitasunak landuko dituzue.

Doula bat izatea erabaki baduzu, haurdunaldi hasieran berarekin harremanetan jartzea komeni da. Doulak, erditzean laguntzeaz gain, haurdunaldi osoan zehar, zein erditze ostean lagun diezazuke.

Zer prestatu behar dut etxean?

Educer erakundeak sorturiko etxean erditzeko gida euskarara itzuli dugu. Bertan, etxean erditu edo ez erabakitzen lagunduko dizun informazio praktikoa, aukerak… topatuko dituzu.

Alicanterako sorturiko gida izan arren, hemengo etxeko erditzeetarako ere baliagarria da. Ondoren, kasuan kasu hautaturiko emaginarekin hitzartu beharko da erditzearen inguruko guztia.

Gida osoa pdf bertsioan deskarga dezakezu.

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.1488380_10151759576431174_704223390_n

× Zalantzarik?