Noiz joan behar dut ospitalera?

Haurdunaldia normal joan bada, arazo garrantzitsurik gabe, eta 37-42 asteen artean baldin bazaude (37 asteara iritsi aurretik, edozein erditzeko seinale baduzu, zoaz berehala), ospitalerako gauzak prest izatea komeni da.

Ospitalera goizegi edo beranduegi iritsiko ote garen beldurra izaten da sarri. Batetik, goizegi iritsiz gero, etxera joateko esan diezagukete eta handik ordu batzuetara itzuli beharko dugu (ez da batere erosoa izaten, erditzeko prest zaudela uzkurdura eta sabelarekin joan-etorrian ibiltzea). Bestetik, goizegi iritsi bagara, etxera joateko esan beharrean, ospitalean ingresaturik geratu gaitezke, eta honek “erlojuaren aurkako” prozesu batean sar gaitzake. Ospitalaren protokoloen arabera, erditzea motelegi badoa, erditzea azkartu edo bestelako esku hartzeak eskainiko zaizkigu, eta horrek haurra erditze instrumentalizatu edo zesarea bidez jaiotzea ekar dezake.

Beranduegi iristeak ere beldurra sortzen du, haurra bidean izango ote dugun (ez da oso ohikoa) edo epidurala jartzeko beranduegi iritsiko ote garen (epidurala nahi den kasuetan).

Noiz joan behar da ospitalera?

1. Berehala joateko arrazoiak:

– Odol galerak badituzu.

– Boltsa hautsi eta urak zikinak badaude (hau da, galtzen den likidoa ez da gardena, berdexka baizik).

– Sukarra baduzu.

– Haurraren mugimenduak ez badituzu sentitzen.

2. Gauzak prest izan baina presarik gabe joateko arrazoiak:

Uzkurdurak erregularrak dira eta ez dira geratzen jarrera aldatu edo atseden hartuta. Ordu betez baino gehiagoz, 5 minutu edo gutxiagoko maiztasuna duten uzkurdura erregularrak badituzu, erditze aktiboko fasean zaudela esan daiteke eta hortaz, ospitalera joateko ordua iritsi dela.

Boltsa haustea ez da ospitalera presaka joateko arrazoi nahikoa urak garbiak badira. Azken ikerketen arabera, boltsa hautsi eta ez bada taktorik egiten, ez bainurik hartzen (dutxatzea libre da) ezta penetrazioa duen sexu-harremanik izaten, infekzio arriskua ez da larria eta hortaz, 24-48 orduz uzkurdurak erregularrak izan arte etxean egoteko aukera dago.

Etxean egotea hautatu baduzu, edan ura edo zukuak etengabe eta lasai egoten saiatu.

Estreptococo agalictaearen proba positiboa izan den kasuetan, aurrez, erditzeko asmoa duzun ospitalearen protokoloa ezagutzea gomendatzen da. Batzuek, boltsa hautsi eta 8 ordura amari antibiotikoak ematen dizkiote, besteek, haurra jaio ostean infekzioa izan duen gertutik zaintzen dute. Irakurri hemen gehiago.
Osasunaren Mundu Erakundearen 2018ko otsaileko gomendioen arabera, erditze aktiboa emakumearen 5. zentimetrotik aurrera izango litzake, eta hortaz, dilatazio horretara iritsi baina lehen ospitalean ez ingresatzea gomendatzen dute. Hori dela eta, dena ondo badago, ohikoa da etxera joatea gomendatzea.
[2018ko maiatzean eguneratua]

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

× Zalantzarik?