Zer da erditzea?

Erditzea haurdunaldia amaitu eta haurra jaio eta plazenta irtetzen den uneri esaten zaio. Prozesu fisiologiko eta normala da, eta arazorik ez dagoen kasuetan, hobe da beharrezkoak diren esku hartzeak soilik egotea. Gehiegizko esku hartze edo interbentzioek, erditzearen prozesu naturala zaildu dezake eta. Erditzea ondo joan dadin, haurdun dagoen emakumea lasai eta babesean sentitzea komeni da.

Baina zer gertatuko da erditzean?

Erditzeak fase desberdinak biltzen ditu: dilatazioa, egozte-fasea eta karena edo plazenta botatzea.

Erditzera iritsi aurretik, emakumearen gorputza erditzerako prestatuz joaten da. Erditze-aurreko fasean, emakumea gutxinaka oxitozina jariatzen hasten da eta uzkurdura leunak izaten hasten da (sarri ez dira nabaritzen). Erditze aktiboa hasi baino 48-72 ordu lehenago hasten den fasea izaten da, eta gutxinaka umetokiaren lepoa ezabatzen joan dadin ahalbidetzen du. Honeki batera, muki-tapoia gutxinaka galtzen da (nahiz eta batzuetan lehenago ere galtzen den). Muki-tapoia umetokiaren lepoa babesten duen tapoi modukoa da, eta galtzen hasten denean, fluxua desberdina dela nabarituko da. Batzuetan odol galera txiki batzuk eragiten ditu edo gelatina marroiska antzekoa isurtzen da.

Fase honetan gaudelaz ohartzen bagara, bizitza normalarekin jarraitu eta haurdunaldiko azken egunez gozatzea da egokiena. Ez dago larritzeko arrazoirik, gorputza erditzeko prestatzen hasi den seinaleak dira soilik.

DILATAZIO FASEA

Haurra jaio dadin, umetokiaren lepoak 0tik 10 zentimetrorainoko dilatazioa izango du, 10 zentimetrora iritsi ostean hasiko baita egozte fasea.

Dilatazio pasiboa: 0-5 zentimetro bitarteko faseari esaten zaio. Fase honetan uzkurdurak nabaritzen hasten da, irregularrak eta minik sortzen ez dutenak edo min arina sortzen dutenak izaten dira. Orduak igarotzen hasten direnean, uzkurdurak erregularragoak bihurtzen dira eta intentsitatea areagotuz joaten da. Uzkurdurak erregularrak direnean, 5 minuturo eta 30 segunduko iraupenarekin, dilatazio aktiboa hasi dela esan ohi da.

Dilatazio aktiboa: 5-10 zentimetro bitarteko faseari esaten zaio, uzkurdura erregularrak direnean (maiztasun, iraupen eta intentsitatean) ematen da eta fase hau hasten denean esan daiteke ERDITZEA hasi dela. Uzkurduren intentsitatea handiagoa izango da, eta garrantzitsua da uzkurdura bakoitza kudeatzea. Mina arintzeko teknikak, jarrera erosoak, erlaxazio ariketak, masajeak, uzkurdurak hasi eta amaitzen direnaren kontzientzia izan eta amaitzen direnean atseden hartzea izaten dira fase hau errazagoa izateko bideak.

Mina jasangarri ez zaigunean, edo epiduralarekin erditzea erabaki badugu, une honetan jarriko da. Epiduralaz gehiago…

EGOZTE-FASEA

Dilatazioaren 10 zentimetrotara heldu denean, eta bultzatzeko gogoa sentitzen denean egozte-fasea hasi dela esan daiteke. Bultzatzeko gogoa kontrola-ezina izaten da eta uzkurduren maiztasuna berriro gutxitzen da. Uzkurduren arteko tartea handitzen bada ere, uzkurdura bakoitzaren iraupena eta mina areagotu egiten dira.

Fase honetan ama eroso egoteak, beharrezkoa duen jarrera hartzeak eta bertikaltasunak laguntzen du. Uzkurdura bakoitzean, haurra jaitsiz joango da, eta uzkurdura batekin batera jaioko da (edo uzkurdura desberdinetan burua eta hurrengoan gorputza aterako dira).

Fase honetan “suzko eraztuna” deritzona senti daiteke, perinean bero handia sortzen du haurra irtetzera doala sentitzeak, baina bero horrek ez du luzaroan irauten.

Epidurala jarrita dagoen zenbait kasutan bultzatzeko gogoa ez da ondo sentitzen eta uzkurdurak noiz dituen adierazten zaio amari.

Urraduraren bat izan bada edo episotomia egin behar izan bada, haurra jaio eta plazenta bota ondoren josiko dira (tokiko anestesia erabiltzen da epiduralik ez badago).

KARENA EDO PLAZENTA BOTATZEA

Haurra jaio ondoren, plazenta ateratzen da. Uzkurdurak hasten dira berriro, uzkurdura hauek plazenta umetokitik askatzea sortuko dute eta askatu ondoren plazenta botako da. Plazenta isuri ondoren, eta gehiegizko odol galerarik edo bestelako arazorik ez badago erditzea amaitutzat ematen da eta amak ez du bestelako zainketarik beharko. Urradurarik edo episotomiarik egin bada, une honetan zauria josi egingo da.

Bi ordu inguruz, emagina edo ginekologoaren zaintza izaten du amak arazorik sortuko balitz berehala artatua izan dadin.

Haurra jaio eta berehala amaren bularrean azala-azalarekin jartzea gomendatzen da. Arrazoi justifikaturik egon ezean, ama eta haurra ez dira banatu behar lehen 16 orduetan gutxienez. Haurraren zilborhestea, ez da moztu behar taupadak izateari utzi aurretik haurraren odolo guztiaren %30a inguru jaio ostean karenatik jasoko duela estimatzen da (zilborhesteko odola ematea edo jasotzea erabaki ez bada behintzat).

[2018ko maiatzean eguneratua].

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

× Zalantzarik?