Noiz da beharrezkoa?

Honakoak dira zesarea benetan beharrezkoak diren kasuak:

Arazo larriak, zesarea guztiz beharrezko direnak (haurdunaldien %5ean ematen dira):

Zilborhesteko prolapsoa: haurraren burua baino lehen, zilborhestea sartzen da erditze kanalean eta buruaren presioak zilborhestetik odola ondo ez igarotzea eta haurrak oxigenorik ez jasotzea eragin dezake. Kasu honetan larrialdiko zesarea egin behar da, eta dena prest egon bitartean, amak lau hanketan egon behar du.

Plazenta erortzea: erditze aktiboa hasi aurretik, edo haurra jaio aurretik plazenta askatzean gertatzen da. Oso ondorio larriak ditu eta berehalako zesarea behar da, haurra oxigenorik gabe geratzen baita eta amak, odol galera handiak izateko arriskua baitu. Amak sabeleko min handia sentitzen du.

aurreko Plazenta edo prebioa: haurdunaldi amaieran diagnostikatzen da. Haurdunaldi hasieran sarri plazenta behean egoten da, baina haurdunaldian zehar bere tokia hartzen du. Soilik haurdunaldi amaieran dagoenean da zesarea programaturako arrazoia.

– Haurra gaizki kokaturik egotea. Erditze aktiboa hasi eta haurrak aurpegiz edo transbertsalki jarraitzen badu, zesarea egin behar da. Haurra gaizki kokaturik egotea ez da nahikoa arrazoi zesarea programatzeko, erditzea hasi eta bira daitekelako. Zutik edo ipurdiz dauden haurren kasuetan, zesarea ez da derrigorrezkoa, badira erditze hauek artatzen dituzten ospitaleak.

Amaren gaixotasun garrantzitsuak. Amak erditzeko esfortzua egitea desegokia den kasuetan zesarea beharrezkoa da. Kasuan kasu, lehen uzkurdurak izan ditzan eta haurra jaiotzeko presta dadin itxaron daiteke edo zesarea aurrez programamtu beharko da.

Kasuan kasu aztertu beharreko kasuak:

– Amaren aldaka arazoak. Errakitismoa edo bestelako malformazioren bat duten amen kasuak. “Haurra handia datorrela” aitzakia izaten da askotan zesarea aurrez programatu edo aurreratzeko. Ez da zesarea programatzeko arrazoi nahikoa, hobe da erditzea bat-batean has dadin eta eboluzioaren arabera erabakitzea.  Kontuan hartu behar da, ama adibidez makutxetan dagoenean, bere aldaken irekidura %30 zabaltzen da. Etzanda eta hankak gorantz jarrita, irekidura hori gutxiagoko da eta gainera, grabitateak ez du haurra beherantz joaten laguntzen.

– Haurra gaizki kokatzea. Haurra egokiro ez kokatzea edo aurrerantz begira atzerantz begira egoteak, zesarea beharrezkoa izatea ekar dezake. Hau ekiditeko, haurdunaldi erditik aurrera pilateseko pilotan eserita egotea, katuaren posturan egunero tartetxo batez egotea eta egunero ibili, dantza egin edo igeri egitea gomendatzen da.

-Haurra ipurdiz egotea. Berez, ez da zesarearako nahikoa arrazoia. Profesionalek prestakuntza eza izatea izaten da zesarearako aitzakia. Haurdunaldiko 30.astetik aurrera haurra ipurdiz balego, masajeak (“version cefálica externa”, Bilboko Gurutzetako Ospitalean egiten da adibidez), akupuntura eta gimnasia ariketak gomendatzen dira (katuaren postura adibidez).

Tumoreak. Amak umetokian edo inguruan tumorerik badu, kasuaren arabera aztertu beharko da.

Dilatazioa geratzea. Zenbait kasutan dilatazioa geratu egiten da. Gehienetan oxitozina sintetiko gehiegi erabiltzeak sortzen du, beldurrak, bakardadeak edo intimitaterik ez izateak. Kasu hauetan, emakumea tarte batez bakarrik utziz gero, dilatazioa martxan jarri ohi da (normalean komunean bakarrik egon ondoren).

Haurraren ongizatea gutxitzea. Monitorizazioan haurra deseroso dagoela edo uzkurduren ostean errekuperatzeko gaitasun gutxiago duela ikusten da. Hori detektatzen bada, pH proba egiten zaio (amaren baginatik sarturiko orratzak haurraren buruko pH-a neurtzen du balore normalak dituen aztertzeko). Erditze luzeak, haurra desegoki kokatzeak, oxitozina sintetikoak eragindako gehiegizko uzkurdurak, intimitaterik eza, beldurrak… izaten dira eragile nagusiak.

Aurrez zesarea izatea. Aurrez zesarea bat izateak ez du hurrengoak zesarea izatea derrigortzen. Lehenengo zesarearen arrazoiak eta haurdunaldi horren berezko ezaugarriak aztertu behar dira. Hobea da zesarea ostean, erditze baginala izatea, bigarren zesarea bat baino. Badira 3 zesarea izan ostean ere, erditze baginala etxean izan duten emakumeak.

Bikiak izatea: kasuan kasu aztertu behar da. Bikiak izateak ez du zesarea izatera derrigortzen. Hobe da erditze baginala izatea. Bikiak goiztiarragoak izan ohi dira eta zesareak dituen ondorioak gehitzeak eragin oso negatiboa izan dezake.

Zesarea ebakuntza handia da eta soilik beharrezkoak diren kasuetan egin behar da.

Zesarearen inguruko guztia “¿Nacer por cesárea? (Ibone Olza, Enrique Lebrero)” liburuan topatuko duzu. Guztiz gomendagarria haurdunaldian irakurri eta zesarea ekiditeko, edo zesarea ostean, zauri emozionala sendatzen laguntzeko.

Zure haurra zesareaz jaio behar dela esan badizute, edo zesareaz jaio bada, El Parto Es Nuestro elkarteak duen Apoyocesareas posta zerrendan laguntza, informazioa eta babesa topatuko dituzu (gazteleraz).

[2018ko maiatzean eguneratua]

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

× Zalantzarik?