Haurraren etorrera lau hankakoen sendira

Askotan haur baten etorrera, lau hankakoen etxetik irteteko une bilakatzen da, gu geu beldur garelako haiek edukiko duten jarreragatik edo ingurukoen gomendioengatik.

“Gaixotasunak kutsa diezazkiokete, hozka egin diezaioke, orain arte ondo egon zarete, baian umea datorrenean ezin duzue animaliekin biziztzen jarraitu oso zikinak dira eta ez duzue ezertarako betarik izango, umea izan arte ondo dago animaliak izatea, baina orain zertarako nahi dituzue? Heldutasunera iritsi zarete eta orain beste ardura batzuk dituzue…”. Honelako gauzak entzun ohi ditugu.

Norberak erabakitzen du bere sendia nola osatu eta nola gozatu. IMG_3190Elkarbizitza posible da eta gehienetan onura iturri besterik ez da. Beraz, lehenik hartu unetxo bat lau hankekoen lekua zure etxean non nahi duzun erabakitzeko eta gero, gozatu zure sendiaz.

Zer espero? Nola jokatuko dute txakur eta katuek haurra jaiotzean?

Animali bakoitza mundu bat da. Batez ere, txakur eta katuak izan ohi ditugu etxean, bi espezie ezberdin eta oso ezberdin komunikatzen direnak, egoera berdinaren aurrean kontrako jarrera hartzeraino.

Txakurrek (eta katakumeek) kuriositatez haurre egiten die egoera berriei gehienetan, katuek berriz mesfidantzaz.

Txakurrek nahi gehiegi adieraz dezakete, umearekin jolasa bilatuz, behin eta berriz miazkatuz, etab. Hemen geuk jarri beharko dugu norainoko muga edo jolasa mozteko unea, neurriz kanpoko energia edo indarra adieraziz gero edo gustuko ez ditugun gauzak ikustean (miazkatzea adibidez). Katuek normalean ihes egiten diote haurrari, baina aldi berean, haien oheak edo jantziak izaten dituzte gustuko lotarako, beraz gauza hauek zuzendu beharko ditugu gustuko ez baditugu.

Txakurren kasuan, “ez” edo beste agindu batzuk erraz samar mozten dute ekidin nahi den ekintza (agindu hauek erantzutera ohituta badago). Katuekin ordea, leku haietara sarbidea debekatzea da errazena (ateak itxiz).

Ez dugu sekula egoera bat behartu behar. Haurra ikusi edo usaindu nahi badute utzi lasai (zuen begiradapean noski), baina ez badute nahi, ez behartu elkar-ezagutzea, piskanaka egingo dute euren bidea, biak batera edo bakoitza bere bidetik.

Nola presta dezaket haurraren etorrera?

Haurdunaldia habia prestatzeko aprobetxatu behar dugu, zentzu guztietan, haurrarekiko eta animaliekiko. Haurraren gauza guztiak (jantzi berriak, jostailuak, sehaska, kotxea, etab.) etxeko zati bilakatuko dira eta animaliek hau ezagutu beharra dute, beraz, utzi lasai guztia ezagutzen (usaintzen) eta ondoren hasi arauak jartzen.

Txakurren kasuan, haur bat ikustean, batzuk geldi-geldirik geratzen dira, beste batzuk ihes egin nahi izaten dute eta gehienek gainera salto egin nahi izaten dute jolastera, badira zaunkaka edo hortzak erakusten hasten direnak ere.

Geldirik geratzen badira, ondo; jolastera salto egiten badute, piskanaka lasaixeago jolas egitera erakutsi (“lasai”, “atzera” eta “geldik” aginduak erabilgarriak dira kasu hauetan); ihes egin nahi badute, haurrak dauden lekuetatik maizago paseatu, baina egoera behartu gabe, haien mugimendu eta oihuetara ohi daitezen; eta hortzak erakusten baditu edo zaunkaka hasten bada, txakurren hezitzaile batekin kontaktuan jarri egoera azter dezan eta esku bat bota diezazun.

Katuen kasuan, garrantzitsuena, katuaren ohiturak ahalik eta berdinen mantentzea da. Badira “feliway” izeneko feromona batzuk, katua lasai mantentzen laguntzen dutenak.

Katuen deserosotasuna normalean gorotzak eta pisak bere lekutik kanpo egiten adierazten dute. Kasu hauetan, lehenik eta behin, hondar-ontzia garbi mantendu behar dugu, ura ere beti garbi, eta bere lekua utzi behar diogu katuari. Adituek diotenez, katuak adina jateko ontzi izan behar lituzkete, ura edonon (leku ezberdinetan) eta katuen kopurua baina hondar-ontzi bat gehiago. Ahal bada, hondar-ontzia jateko eta edateko lekuetatik urrun izan behar dute, baita lotarako lekutik urrun ere. Ez da batere erraza gomendio hauek jarraitzea eta normalena komunean dena batera izatea da, baina ahal bada, hau da modurik egokiena.

Honez gain, egunoroko ohiturak aztertu behar ditugu eta ahal den neurrian mantendu. Ezin dugu orain txakurra kalean ibili egun osoan eta umea datorrenean justu-justu pisa egitera atera. Denbora gutxi izango dugula uste badugu, bere irteerak zuen ordutegi berrietara piskanaka egokitzen joatea da onena.

Bestalde, haurdunaldian gurekin egiten badute lo, bazkaltzen dugun bitartean gurekin egoten badira edo sofara gurekin igotzen badira, ezin dugu haurra jaiotzean hau guztia aldatu. Aldez aurretik erabaki behar dugu nola nahi dugun izatea gure eta etxeko animalien arteko arremana. Gerora begira ez baditugu ohitura hauek gustuko, haurra etorri aurretik hasi beharko dugu mugak jartzen, datorrenerako ohitura berriak beregana ditzan. Honela, errazago izaten da elkarbizitza.

Batez ere, katuen kasuan izaten da nabari, ate guztiak isten hasten gara ilez bete ez dezaten haurraren guztia eta azkenean leku itxi eta urrun batetara baztertzen ditugu. Oso gaizki daramatzate gehienek aldaketa guzti hauek eta osasun arazoak ere ekar diezazkiete (piseko infekzioa, arnas arazoak, gorotz lehorregiak egitea edo ez egitea, ahoko arazoak, etab luze bat).

Edozein izaera aldaketa ahalik eta lehen sumatu eta aztertu behar dugu, erremedioa ahalik eta azkarren jarri ahal izateko behar izanez gero.

Kalean gabardina luzez, txapelarekin, makilarekin, bizikletarekin, umeen kotxe batekin edo gurpil-ahulki batekin topatzean hartzen duten jarrera aztertu behar genuke. Beldur badira edo zaunkaka hasten badira, ume-ahulkira ohitu beharko dugu ziurrenik. Haurdunaldia aprobetxatu ume-ahulkia ikustera eta bere presentziara ohitzeko eta ahal baduzue, kotxe eta guzti paseatu tarteka, bere ondoan joaten ikas dezan. Gainontzeko beldurrak ere jendea dabilen lekuetan paseatzera ohitzean gutxitzen dira, askotan baita guztiz desagertu ere. Behin haurra gurekin denean, aprobetxatu edozein irteera haur eta txakur, guztiak batera, paseatzera irteteko.

Nola egin aurre osasun arazoei:

Osasun arazoak ere kezkatzen gaituzte eta haien iturri direlakoan desegiten gara orain arte sendiaren zati izan diren lau hankakoez. Jakin, bi gaixotasun direla umeei errazen pasa diezazkietenak, gainontzekoak ezinezkoak dira edo oso probabilitate txikia dago hori gertatzeko.

Hala ere, garbitasun neurri arruntekin erraz ekidin daiteke kutsatze hau. Bi gaixotasun hauek teniak eta kokzidio txikiak (Giardia) dira, biak gorotzetan irteten dira eta kutsatzeko ahora pasa behar dute, beraz ez da zaila, umea gorotzetatik aldenduz, hau ekiditea.

Tenientzako tratamendua badago, hiruhilabeteroko desparasitazioa (bai katu nahiz txakurrentzat) eta umeak haiekin dabiltzanean hilabeteroko desparasitazio gomendatzen da. Teniak arroz ale txikiak bezala ikusten dira gorotzentan eta normalean mugitu egiten dira. Hala ere, arruntena txitxare luze eta biribilak aurkitzea da, hauek ez dira kutsakorrak.

Giardiasi ugari izan ohi da umeen artean eta gehienetan gizakiaren giardiagatik izan ohi da, ez txakurrenagatik. Hala ere, txakurraren gorotzak azter daitezke tarteka parasitua duen hala ez jakiteko (giardia oso zabaldua da kalean, beraz erraz eraman dezakegu guk edo txakurrek etxera).

Giardiaren sintomak noizbehinkako gorotz bigunak (gorotz gogorragoekin tartekatuz), muki horiarekin edo odol tanta batzuekin izan ohi dira, eta tratamendu arrunt eta erraza izan ohi dute normalean.

Umeek ez lukete txakur edo katua musukatu behar eta ez genuke hauek umea miazkatzen utzi behar. Hemendik aurrera, bakoitzak nahi duen bezala joka dezake senide guzti hauekin norberaren etxean.

Ekiñe Aizpurua Olaizola

Usurbildarra jaiotzez eta bihotzez, baina Madrilen dut bizilekua. Txikitatik 20140720_201653animaliekin lan egin nahi eta halaxe egin dut, biologia ikasten hasi nintzen, baina albaitari gisa bukatu dut. Txakur, katu eta animali exotikoen arloan egiten dut lan eta etxean ere baditut hainbat txakur, katu eta beste zeinbait animalia exotiko. Iritsi zait amatasunaren munduan murgiltzeko unea, ea animaliekin bezain ondo moldatzen naizen.

× Zalantzarik?