Haurra goizegi joaten denean

Haurdunaldi guztiak ez dira amaitzen gurasoek nahiko luketen bezala, haurdunaldi batzuk haurra galduz amaitzen dira. Haurdunaldi hasieran edo amaieran izan, galera handia da, nahiz eta prozesua desberdina izan.

Haurra galdu duen familiak, izan haurdunaldi hasiera zein amaieran, mina sentitzen du. Amak gainera, haurdunaldia berak izan du eta galera ere, fisikoki berak izan du eta horrek hormonetan zein bere gorputzean eragin zuzena du.

Hasieran, egoera onartzea asko kostatzen da, sarri zer gertatu den ez dakigulako, ez delako gertatua onartu nahi edo ezin dugulako sinetsi.

Estatistikoki, baieztaturiko haurdunaldien %15 amaitzen dira lehen hiruhilekoan. Hauei, baieztatu gabeko eta odol galera handiko hilerokoekin nahasten diren abortuak gehitu behar zaizkie. Hortaz, haurdunaldien portzentaia handi bat, lehen hiruhilekoan amaitzen dela esan daiteke. Hasieran ematen diren galera gehienek, %70 inguruk, enbrioiaren malformazio kromosomikoetan izaten du harremana.

Arrazoia edozein delarik ere, ez da gertaturikoa ulertzea errazten duen gaia izaten. Batetik, gure seme edo alabatzat dugulako dagoeneko sabelean hazten ari zena eta galera, bat-batean gertatzen delako. Alaitasuna, ilusioa eta espektatiba guztiak mina eta ezin ulertuan bihurtzen dira une batetik bestera.

Min hori sarri amorruan, errudun sentitzean, segurtasun ezean, beldurrean edo lotsan bihurtzen da, eta haurra galdu izana ezkutatu nahi izaten da. Min hori onartu, gertatu dena ulertu eta errudun ez sentitzen saiatzea da garrantzitsua, eta horretan lagunduko dizun pertsona egokiak alboan izatea.

Inork ez du haurra galdu izanaren errurik. Inork ez du haurra galdu izanaren erantzunkizunik ez eta lotsa sentitu beharrik.

Gaizki sentitzea normala da, maite eta ilusioz espero genuen norbait galdu dugu eta dolu prozesu bat igaro beharko da.

Galera izan duen pertsonak denbora behar du eta denbora horretan prozesu desberdinetatik igaroko da. Garrantzitsua da unean unean sentitzen dena egitea, agurtze prosezuei garrantzia ematea eta gorputzari behar duen denbora ematea.

Nola lagundu haurra galdu duenari:

– Haurra galdu duenak badaki galera oso handia izan duela, ez egin ezer gertatu ez denaren itxurarik, ez esan “beste bat izango duzu” edo halako esaldirik. Haur hori galdu du eta ez du beste batek bere tokia inoiz beteko eta.

– Ez espero haurra galdu duenak normal jarraitzerik. Galera handia jasan du, eta ziurrenik, ez da berdina inoiz izango, bizitzako esperientzia gogor guztien ondoren gertatzen den bezala.

– Ez sartu presarik. Bakoitzak bere denbora behar du egoera bakoitza onartu eta aurrera egiteko, alboan egon baina bere espazioa eman haurra galdu duenari.

Haurra galdu duenari, behar duen denbora eta laguntza ematen saiatu.

Ikus: Haurra galdu izanaren sintoma eta tratamenduak.

Dolua, kasu erreal bat.

Haurdunaldiko galeren inguruan Guraso.com-en.

Mónica Álvarezi elkarrizketa.

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

× Zalantzarik?