Sintoma eta tratamenduak

Haurra galtzen denean, edo zerbait gaizki dagoelaren susmoa izanez gero, emagina edo ginekologoarekin harremanetan jartzea garrantzitsua da.

Haurra galdu dela adieraz dezaketen SINTOMAK honakoak izan ohi dira.

– Odol galera handia, koaguloak dituena.

– Sabeleko min handia.

– Sukarra (bestelako infekzio agerikorik ez badago).

Honako sintomarik izanez gero, zoaz larrialdietako emagina edo ginekologoarengana.

Kasuan kasu, honako TRATAMENDUAK izango dira.

Haurdunaldiko 12. asteara arteko galeretan:

Itxarote egoera: Inongo botika edo interbentziorik egin gabe, gorputzak bere lana egin dezan itxarotea da azken ikerketen arabera egin daiteken onena. Kasuen %80 inguruan eraginkorra da eta amaren gorputzari bere erritmo eta beharren arabera lan egiten uzten dio. Normalean, egun batzuk irauten duen prozesua da eta amak sabel aldean uzkurdu antzekoak nabaritu ohi ditu. Uneren batean, hilerokoaren antzeko odol galerak izaten dira baina luzaroago irauten dute (9 egun inguru) eta haurra zein plazenta isurtzen dira. Prozesua normalean, amak galera onartzen duen unean hasiko da.

Bide hau hautatzen dutenek, emagin edo ginekologoren batekin harreman zuzena izatea gomendatzen da eta min handia, ondoeza edo sukarra izanez gero, berehala larrialdietako zerbitzu batengana jotzea gomendatzen da.

Prostaglandina bidezko tratamendua: sendagai bidez, etenda dagoen haurdunaldiaren arrastoak isurtzeko prozesua da.Itxarote egoeraren sintoma berdinak eta prozesu bera eragiten du. Desberdintasun esanguratsuena, prozesuari naturalki hasten utzi beharrean, sendagai bidez hastea da eta hortaz, gorputza oraindik prest ez egotea ekar dezake. Horrek, mina eta odol galerak handiagoak izatea eragin dezake amaren hormonak desorekatzea eragiten baitu.

Legratua: kirurgia bidez haurdunaldiak utzi dituen arrasto guztiak kentzeari deritzo eta soilik benetan beharrezkoa den kasuetan erabili behar da ondorio fisikoak uzten dituelako. Umetokiaren pareta marruskatu egiten da prozesu honetan.

Haurdunaldiko 12. astetik aurrerako galeretan:

Kasuan kasu azterturik, aurreko tratamendu berak erabiliko dira, baita aukera hauek ere.

Erditzea bizkortzeko teknikak: sendagai bidezko erditzearen azkartzea eragin daiteke, prostaglandia bidez edo baita oxitozina sintetikoaren erabileraren bidez.

Zesarea: haurra galdu dela eta erditzera itxaroteak amarentzat arriskua sortzen badu, zesarea egingo da. Zesarea ebakuntza handia da eta albo ondorio asko ekar ditzake, benetan beharrezkoa den kasuetan soilik erabili behar da.

Kasuan kasu sendagileek egokien den tratamendua aholkatuko dute. Dena den, komenigarria da, amarentzat ageriko arrisku egoera ez denean (odol galera handiak ditu, infekzio baten adierazle den sukarra du…), legratua edo sendagai bidezko tratamenduak ez dira abortua detektatu den unean bertan egin behar. Hobe da, haurra galdu duela esan zaion ama edo bikoteari egoera ulertu eta erabakitzeko denbora ematea, gerora, ondorio psikologiko eta fisikoak gutxiago izan daitezen.

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

× Zalantzarik?