Osasun azterketak

Haurdun gaudela jakitean, lehen urratsa, emaginarekin hitzordua hartzea izaten da. Berak azalduko du, gure historia klinikoaren arabera, zein izango den haurdunaldian egingo zaigun jarraipena, zein proba egin daitezken eta berak argituko du izan daiteken edozein zalantza.

Orokorrean, lehen hiruhilekoan ez duzu odol analisia eta ekografiaz gain beste hitzordurik izango, ondoren, hilabetean behin ikusiko zaitu emaginak edo ginekologoak.

Gaur egun, honako probak egin daitezke haurdunaldia normal doanean:

Odol eta gernu analisiak: orokorrean, haurdunaldiko hiruhileko bakoitzean odol eta gernu analisi bana egingo zaio haurdun dagoen emakumeari. Bertan, amaren osasun orokorra aztertzeaz gain, zenbait gaixotasunekiko inmunitatea begiratzen da (toxoplasmosia, rubeola, barizela, sifilia, VIH, hepatitisa…), amaren Rh-a eta infekzio zantzurik ba ote dagoen begiratzen da. Emaitzen arabera, hurrengo analisietan balio berak edo beste batzuk aztertuko dira.

Screening hirukoitza: Lehen hiruhileko odol analisiekin batera aztertzen da odola screening hirukoitz bidez. Proba honek, fetuaren entzimak aztertzen ditueta emaitzen arabera, estatistikoki gaixotasun kromosomiko zenbait izateko zenbateko aukera dagoen adierazten da (12.asteko ekografiaz lagunduta).

Ekografiak: Orokorrean, haurdunaldiko hiruhileko bakoitzean ekografia bat egiten da. Bertan, haurraren pisua, neurria eta ondo osaturik dagoen begiratzen da. Organu guztiak dituen eta ondo ote dauden begiratzen da. Ekografietan, plazenta nolakoa den, ondo kokaturik dagoen eta ondo dagoen begiratzen da, eta horrekin batera, zilborhestearen osaera eta funtzionamendua ere aztertzen da.

Une polita izaten da, gurasoek haurra lehen aldiz ikusteko aukera izaten baitute. Haurra mugitzen, mihia ateratzen edo txiza egiten sabel barnean ikusteak ilusio berezia sortu eta haurdunaldiaren kontzientzia zabalagoa hartzea sortzen du.

– Azukrearen proba. O´Sulliban Testari deitzen zaio azukrearen proba eta haurdunaldiko 24-28 asteen artean egin ohi da. Haurdunaldiko diabetea ote dagoen jakiteko egin ohi da. Odol analisi bat egin eta glukosa kontzentrazio altukko zuku bat edan eta ordubetez eserita geldirik egon ostean berriro odola ateraz egiten da. Emaitzetan, glukosaren absorzioa nola ematen den aztertzen da. Zukua edan eta ordubetera glukosa maila 140tik gora badago, glukosaren proba luzea egitea gomendatuko da. Hiru ordu irauten duen proba da, glukosa kontzentrazio altuagoa duen zuku bat hartu eta ordubetera, bi ordura eta hiru ordura dagoen kontzentrazioa aztertzen da odol analisi bidez.

Ez da proba erosoa izaten, batetik odol ateratzeak baraurik egin behar direlako (2 O´Sulliban Testaren kasuan, 4 proba luzearen kasuan) eta bestetik, edan beharreko zukuak ondoeza sor dezakelako. Goragalea sor lezake eta oka eginez gero, beste egun batean errepikatu beharko litzateke. Gainera, probak irauten duen denbora guztian, geldirik egon behar da, hortaz ordubete, edo hiru orduz anbulategian egon beharra dago.

Geroz eta gehiago dira proba hau egitearen aurka agertzen ari diren ikerketa eta sendagileak, emakumeak horrelako glukosa kontzentrazio altua hartzeak kalteak eragin ditzakela iritzita.

Amniozentesia. Haurdunaldiko 15-18 asteen artean egiten da eta amaren sabeletik haurraren boltsa amniotikorarteko orratza sartuz burutzen da, ekografiaz dena ondo doala begiratzen den bitartean.  Haurraren likido amniotikoa hartu eta aztertzen da. Haurrak anomalia kromosomikorik edo gaixotasunik duen aztertzeko erabiltzen da.

Noiz egiten da?

  • Screening hirukoitzaren emaitzek egitea komeni dela adierazten dutenean.
  •  Familian gaixotasun genetikoen aurrekariak daudenean.
  • Aurrez gaixotasun genetikoren bat izan duen haurdunaldia izan bada.
  • Ama 35 urte baina zaharragoa denean.

Amniozentesia ez da arriskurik gabeko proba. Boltsa amniotikoa zulatzen denez, zuloa ondo itxi dadin atseden hartzea gomendatzen da proba egin ostean. Zuloa ondo itxi ez bada, likido amniotiko galerak eman daitezke eta aborturako arriskua sor daiteke.

Estreptococo agalictaearen proba: Haurdunaldiaren 35.astetik aurrera egiten da eta estreptococo agalictaearen presentzia detektatzeko balio du. Jendartearen %30ak inguru izaten duen bakteria da, eta probaren emaitza positiboa izateak ez gaitu larritu behar.  Proba, bagina eta uzki inguruko bakteriak makiltxo batez hartuz eta hori azterturik egiten du ginekologoak. Azken ikerketa batek erakutsi du antibiotikoak amari emateak ez duela justifikaziorik. Hortaz, antibiotikoa ez hartzea gomendatzen da.

Down sindromea detektatzeko odol analisia. 800 euro inguru balio duen odol analisi bat da, Down sindromea detektatzeko egiten dena. Gaur egun, klinika pribatuetan soilik egiten da.

Sendagileek haurdunaldiak beste proba bereziren bat behar dela adieraz dezakete kasu bakoitzaren arabera.

Edozein kasutan, haurdun dagoen emakumea da proba bat egin edo ez erabakiko duen bakarra, sendagile edo emaginek, proben inguruko informazio osoa emateko betebeharra dute, azken erabakia beti haurdun dagoen emakumea delarik.

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

× Zalantzarik?