Prozesu emozionala

img_76254

Haurdunaldia sarri garai emozionalki desegonkortzat hartzen da. Egia da, haurdunaldiak dakartzan aldaketa fisiko zein hormonalen eraginez aldaketa emozional zenbait gertatzen dela.

Lehen hiruhilekoa izaten da emozionalki eragin handien izaten duena. Haurdun egotearen poza edo tristurari (ez dugu ahaztu behar haurdunaldi guztiak ez direla nahi zelako ematen), progesterona eta estrogenoek sentikortasun handiagoa sortzen dute.

Lehen hiruhilekoan gainera, haurdunaldiaren inguruko beldurrak ere sortzen dira. Ondo joango ote den, neska ala mutila den, bat edo gehiago diren… pentsatzeak haurdun dagoen emakumeari estresa eta antsietatea sor diezaioke.

Horri guztiari, sintoma deserosoak gehitzen bazaizkio, haurdun dagoen emakumeak hiruhileko zaila izan dezake.

Bigarren hiruhilekoan haurdunaldiaren prozesu fisiologikoa egonkortu egiten da eta normalean, haurdun dagoen emakumea hobeto sentitzen da. Gainera, inflexio-puntutzat hartu ohi den momentua ere bizitzen da: haurraren lehen mugimenduak sentitzen direnean, haurdun dagoen emakumeak haurra benetan hor dagoela eta izaki biziduna denaren kontzientzia hartzen du.

Azken hiruhilekoan, berriro nolabaiteko desegonkortasuna gerta liteke. Batetik, haurdun egotearen poza, haurraren mugimenduak sentitzeak ematen duen indarra… sentitzen dira, baina bestetik, sarri, beldurra eta antsietatea ere agertzen dira.

Lasaitasuna eta antsitatea kontrolpean izatea garrantzitsua da, eta horregatik, haurdun dagoen emakumeari bere kezkak, beldurrak edo antsietatea kentzen laguntzen saiatzea gomendatzen da. Horretarako, erlaxazio teknikak, sexua, musika, ibiltzea, gogoko diren gauzak egitea… edo doula edo konfidantzazko emagin batekin hitz egitea gomendatzen da.

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

× Zalantzarik?