Aulkitxoa beharrezkoa da?

Galdera hau egin ziguten azken aholkularitza pertsonalizatuan. Eta erantzuna “nahi baduzue bai, zergatik ez?” izan zen. Aurpegian irribarre handi bat sortu zitzaion amari eta aitak “primeran, erabakita!” erantzun zuen segituan.

Aholkularitza pertsonalizatuak duen oinarria, familia horren beharrak zein diren aztertu, aukera desberdinak eskaini eta behar duten informazioa gerturatzea da, ondoren, eurek erabaki dezaten. Erabakia ez zuten erantzunarengatik hartu, beraiek sentitzen zutena erabaki zezaketela entzun zutelako baizik. 4 eguneko haurra zuten, eta etxean hiru haur eramaile desberdin, utzitakoa, oparitutakoa eta erositakoa. Ez zuten aulkitxorik erosita, beraiek ez zuten aulkitxoaren beharra ikusten hasieran, eta hortaz, beharra sentitu arte itxarotea erabaki zuten.

Eta ez al litzateke hala egin behar? Zenbat sehaska, aulkitxo, biberoi, txupete, mantatxo eta arropa geratu zaizue etxeko armairuren batean hautsa hartzen?

Ez, aulkitxoa ez da derrigorrezkoa. Haurrak ez du aulkitxoa behar. Izatekotan, helduak behar du aulkitxoa (deitu kapazo, aulki edo maxikoxi). Eta zalantza asko ditut helduak behar dituenaren inguruan ere.

Haurrak lehen hilabeteetan soinean egotea behar du, etxean haurra uzteko lurra, mantatxoak eta mila aukera gehiago ditugu, eta kalean, tenperatura, estimulazio, mugimendu egoeratan… non hobe ama, aita, izeba edo aitonaren bularreko babesean baino? Gainera, mugimendu askatasun osoa izango du helduak.

Esperientzia propiora salto eginez… guk aulkitxoa lehen 2-3 hilabeteetan erabili IMG_20140802_162359behar izan genuen, jaiotza oso gogorrak haurra erabat soinean eramateko aukera ukatu zigulako. Handik aurrera, hilabete batzuk eman zituen kotxeko maleteroan tokia jan eta hautsa hartzen. Ondoren, aulki arin bat erabili genuen pare bat astetan tarte motzen batean… baina hori ere, hautsa hartzera igaro zen berehala. Traba egiten zigun. Orain, trio bat (maxikosi-kapazo-aulkia) bi aldeetara erabil daiteken aulki arina ditugu etxeko armairuan tokia jaten, alfer-alferrik.

Denboran atzera egiterik bagenu, ziurrenik ez genuke aulkitxorik erosiko haurdunaldian zehar, ez beste gauza asko ere… Hautsa hartzeko gauzak baino, hobe jolaserako espazio libreak.

Zenbat gauza erosi dituzu hautsa pilatzeko?

× Zalantzarik?