Adina

Askotan aipatzen da adina haurdunaldia lortu eta ondo joan dadin garrantzitsua dela eta 35 urte izatea muga bezala jartzen da sarri. Geroz eta gehiago dira gaur egun guraso izatea atzeratzen duten bikote edo emakumeak, lana edo bestelako arrazoiak tarteko.

Ez dago ama izateko mugarik, baina erabaki hori atzeratzeak honako ondorioak izan ditzake:

  • Geroz eta beranduago, ugalkortasuna gutxitu egiten da, eta haurdun geratzea zaildu egiten da zenbaitetan.
  • Haurdunaldia lortu ez eta adina dela eta laguntza bidezko ugalketara jotzen duten 35 urtez gorako emakumeek biki edo hirukiak izateko aukera gehiago dituzte, eta horrek, bat-bateko abortua, erditze goiztiarrak eta zesarea izateko arriskua handitzen ditu.
  • Haurrak gaixotasunak izateko arriskua areagotzen da. Trisomia bezalako gaixotasunak haurrak izateko arriskua asko areagotzen da 35 urtez gorako emakumeen kasuan.
  • Haurra eta amaren osasunean eragingo duten beste arazo zenbait ere areagotzen dira: erditze goiztiarrak, zesareak, erditze instrumentalak, hipertentsioa edo haurdunaldiko diabetea izateko arriskua adibidez.

Bestalde, asko ikertzen ari den gaia da, eta azken ikerketek, haurrak gaixotasun zenbait izateko arriskua gutxitzen dela erakutsi dute (autismoa kasu). Etengabe ikertzen ari diren arloa da eta hemen emaitzak biltzen saiatuko gara.

Hortaz, 35 urte baino gehiago izanez gero, eta haurdun egon edo geratzeko asmoa izanez gero, are garrantzitsuagoa bihurtzen da haurdunaldi aurretik amaren osasun egoera aztertu eta haurdunaldi kontrolatua izatea.

Gizonezkoen kasuan, ugalkortasuna adinaren araberakoa dela ere erakutsi dute azken ikerketek. 40 urtez gorako gizonezkoen kasuan haurdunaldia era naturalean lortzeko zailtasuna era adierazkorrean areagotzen delarik.

[2019ko abuztuan eguneratua]

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

× Zalantzarik?