Egunik ugalkorrenak

Aurkakoa uste den arren, sarri ez da erraza izaten haurdunaldia lortzea. Antisorgailuak utzi eta haurdunaldia iristen ez dela ikusteak, frustrazioa eta beldurra sortzen du sarri, baina errealitatean, estatistikoki bataz beste, haurdunaldiaren aurkako babesik gabe sei hilabete inguruz harremanak izaten dira haurdunaldia lortu aurretik.

Horregatik, haurdunaldia lortzeko aukerak ugaritzeko, emakumearen egunik ugalkorrenak zein diren jakitea gomendatzen da, eta egun horietan babesik gabeko harremanak gutxienez, egunean behin izatea.

Aldagai desberdinen bidez ezagutu daitezke emakumearen egunik ugalkorrenak:

  • Hilerokoaren zikloa: Ziklo erregularra duten emakumeetan (28-30 egun hilerokoaren hasieratik hurrengo hilerokoaren hasierara) zikloaren 14-15 egunen artean gertatuko da obulazioa. Espermatozoideek emakumearen gorputzaren barnean 48-72 bizirik irauteko gaitasuna dutela kontuan hartzen badugu, zikloaren 12. egunetik aurrera babesik gabeko harremanak izanez gero, haurdunaldia lortzeko aukerak areagotuko dira.
  • Obulazio testak: gaur egun badira merkatuan obulazio testak. Emakumearen txizaren azterketa erraz baten bidez, obulazio egunak zein diren adierazten dutenak.
  • Tenperatura basala: esnatzean dugun tenperatura da eta emakumeetan hilerokoaren zikloarekin harreman zuzena du. Tenperatura basala eta hilerokoaren arteko harremana zehazteko hilabete zenbaitetan egunero esnatzean tenperatura hartzea beharrezkoa da. Ez da oso metodo erosoa, are gutxiago gaur egun obulazio testak eskura izanik.
  • Fluxu baginala: Hilerokoaren zikloan zehar, emakumearen fluxu baginala aldatuz joaten da eta hori behatuz, obulazio egunak identifikatu daitezke. Hormona bidezko antisorgailuak hartu badira, hilabete batzuez itxarotea komeni da fluxuaren ezaugarriak aldatzen dituztelako.

Ziklo erregularra duten emakumeetan, hortaz, erraza da obulazio egunak identifikatzea (zikloaren 14-15 egunen inguruan gertatzen da) eta ez da beharrezkoa izaten beste metodorik erabiltzea. Zikloa erregularra denean, obulazio testak erabiltzea izan daiteke erarik errazena, beste bi metodoek hilabeteetako behaketa eskatzen du eta.

[2018ko maiatzean eguneratua]

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

× Zalantzarik?