Familia anitzak: Izena eta izana. Virginia Basurto.

Izendatzen ez dena, esaten ez dena, ez delako existitzen,

(edo familia guztiak berdinak eta parekoak direla sinestarazi nahi digutenean)

Feminismotik edan dugunentzat, zertaz ari garen asmatzea ez da zaila, urteetako borroka izan baita hau. Emakumeok askotan pairatu behar izan dugulako ikusezintasunaren ondorio, urteak baitaramatzagu izendatzen ez dena izendatu beharra dagoela aldarrikatzen. Euskalgintzan ere aipatua da gaia. Izena eta izana. Biak baitatoz eskutik. Ikusezin bihurtzen baita esaten ez dena, izatea ukatzen eta betirako baztertzen.

Chimamanda Adichie nigeriar idazleak ere esana da ere, kulturartekotasunaren aldeko alegazioa eginez, “istorio bakarrak” duen arriskua.

Eta justu, bi gauza horiek ikusten ditugu familiaz hitz egiten dugunean, familia eredu konkretu bat baitatorkigu burura, familia eredu bat, kapitalismoan sustraitzen dena. Familia nuklearra, gizon eta emakume batek eta haien seme alabek osatua. Baina badira familia eredu gehiago, datuek erakusten digute, 90.en hamarkadatik aurrera aldaera handia jasan duela familia ereduak eta gure inguruan begiratzen badugu, guztiok ohartuko gara, familia eredu horretatik at baditugula hainbat eredu.

Burura etor dakiguken lehena, gure baserrietan eta gure sustraietan erroturiko familia eredu zabala izan daiteke, muin horretatik at, beste heldu batzuek osatzen dutena. Beste batzuk gure familia berari begiratzean aurkituko ditugu aldaerak, umerik gabeko familiak, guraso bakarrekoak, guraso banandu eta berriro elkartuak, alargunak, etxean bikotearen ama edo aita dituztenak, osaba izekoren bat, edo sexu berdineko bi kidek osatutakoa, ume adoptatuak dituztenak, harrera egoeran dituztenak, migrazioa dela eta banandutako familiak edo beste hainbat. Orduan zergatik gure buruan, jasotzen dugun medioetako presio publiziatarioan familia eredu bakarra dagoela sinestarazi nahi digute? Errealitate anitz eta aberasgarri hau ez onartzea, ez bistaratzea, ze arrazoi eta ze ondorio dakartza?

Arrazoietara begira, ustetan sartzea litzateke, eta badakigu usteak erdi ustelak direla. Baina aspaldian Amelia Varcarceli entzun nion “susmoaren” teoria hartuta… agian norbaitek hori horrela izaten jarraitzea nahi duela datorkit burura, sistema eta eredu hau “sortu” zuten sistemek alegia. Hor norberari dagokio, botere estrukturak nortzuk dituzten eta zertarako erabiltzen dituzten hausnartzea.

Ondorioei begiratuz, agian kezka are handiagoa sortzen dit. Lehenik eta behin, bazterketa egoeran uzten ditugu eredu horretatik at geratzen direnak. Familientzako eta familietan pentsatutako egoera, politika, laguntza eta ekintza guztietatik kanpo geratuz. Esaterako, emakume bakarraz eta beraien seme alabekin osatutako familiek, badakigu pobrezia eta bazterketa egoera bat pairatzeko aukera gehiago dutela eta mundu mailan esaten da, kasu honetan familien heren bat dagoela, hots, familien %30 inguru emakume batek gidatua dagoela.

Baina arazo makroetaz gain, badaude arazo txikiagoak ere, mikroan geratzen direnez, atentzioa gutxiago erakartzen dutenak eta (hemen berriro, datorkit burura feminismoaren pertsonala politikoa dela, nola, eramaten ditugun arazoak alor pertsonalera horrela dimentsio politikoa kentzeko, horrela dimentsio soziala eta gizartearen eta estatuaren errespontsabilitatea ezkutatzeko) . Baina nola sentitzen dira, nola sentitzen gara pertsonak uneoro eredu estandarretan sartzen ez garenean? Nola sentitzen dira gure umeak, eskolatik aitak eta amak bete beharreko paperak ekartzen dituztenean, amona aitonekin bizi badira? Edo bi aita edota bi ama badituzte? Edota aita edo ama bakarra?

Amatasunaz eta aitatasunaz ari garenean guzti hau are garbiagoa da. Haurdunaldi, erditze eta edoskitzean, ikusten dugu behin eta berriz, aitaren paperaren garrantziaz hitz egiten dela. Baina batzuetan ez dago aitarik (ez dago zertan egon) eta ez dugu zertan aita ez dagoen kasuetan baztertuak izan beharrik (gure erabakia bada aitarik egotea, edota gure egoerek hala markatu badute).

Egoera bati erantzun on bat emateko lehen pausua egoera hori ondo ezagutzea da. Familiei zuzendu behar badiegu gure ekintza edo atentzioa (eta orain botere publiko eta hauen atentzio eta sozializazio tresnaz ari naiz) lehenik egoera hori ahalik eta hobekien ezagutu behar dugu. Ezin dugu familiez hitz egin, edo ezin ditugu familiak artatu hauen egoera eta errealitatea ezagutu gabe. Beraz, lehenik familien aniztasuna ulertu eta aztertu beharko genuke, familia idealizatu eta bakarraren ispilutik alde agin, eta familiak anitzak direla onartu, eta aniztasun hori errespetatu eta balioan jarri. Gure gizartearen isla da familia eta familiaren isla familia. Jatorri ezberdinetako familiak eta estruktura ezberdinetakoak dauzkagu, beraz, eskertuko genuke, familiaz hitz egitean, zertaz ari diren jakitea. Horrela Euskadiko Emaginen Federazioak agian ez lituzke egingo zenbait baieztapen, ez luke esango aitak egon behar duela erditzean, baizik emakumeak aukeratutako lagun bat egon beharko lukeela bertan. Familia odolez bakarrik ez baita eratzen, ez eta ezkontzaz edo paper legalez. Eta aitarik gabeko familiek ez lukete baztertuak sentitu behar, ez lukete “desberdin” sentitu behar, aitarik ez dagoelako. Familia bakoitza ezberdina delako, familia bakoitzean kide kopuru desberdinak daudelako, eta familia bakoitzaren baitan harreman ezberdinak daudelako.

Baita, jakin behar dugu familietan botere harreman desorekatuak ere gertatzen direla, eta hortaz informatu eta horretan eragin. Baina hori beste gai bat da.

Virginia Basurto

× Zalantzarik?