Haurdunaldi aurreko azterketa

Haurdunaldi osasuntsu bat izateko, haurdun geratzen saiatu aurretik, ginekologoarenera joatea gomendatzen da. Bertan, odol analisi bat, zure bizi ohituren inguruko galderak eta azterketa ginekologikoa egiten da haurdunaldia zaildu edo amagaia osasuntsu dagoen ikusteko.

Azido folikoa hartzearen garrantzia azaldu eta errezeta ematen du normalean ginekologoak. Azido foliko gabeziak fetuak osasun arazo larriak izatea dakar, eta horregatik gomendatzen da haurdun geratu aurretik ere azido folikodun elikagaiak ugaritu edo pilulen bidez hartzea. Azido folikoa hartzeak, arantza bifido kasuen hirutik bi ekidin litezkela dioten ikerketak daude.

Haurdunaldi aurreko azterketan, zalantzak argitu eta haurdunaldia lortu eta ondo joan dadin gomendioak ere jasoko dira. Elikadura osasuntsua, garrantzitsuak diren nutriente eta elikagaiak zein diren, egunik ugalkorrenak zein diren eta izan daiteken edozein zalantza argitzeko balio du.

Gainera, odol analisiak eta azterketa ginekologikoak, haurdun geratu aurretik kontuan hartu beharreko berezitasunik dagoen ere erakutsiko du (anemia adibidez). Zenbait gaixotasunekiko inmunitatea ere aztertuko da (errubeola, toxoplasmosia, barizela…) eta emaitzen araberako gomendioak jasoko dira; zenbait kasutan txertoren bat hartzeko gomendioak emango zaizkio amagaiari.

Ahoaren osasuna aztertzea ere gomendagarria da eta haginlariarengana joan eta egin beharreko garbiketa edo/eta tratamenduak zehaztea eta burutzea ere gomendatzen da. Haurdunaldian, ohikoa izaten da ahoan egon daitezken hantura edo kariesak edo gaixotasunak areagotzea.  Dena den, Irene Iglesias Rubioren hitzetan, haurdunaldian ahoan egin beharreko tratamendu guztiak burutu daitezke, anestesiak ez baitu eraginik.

Beste aukera interesgarri bat, pelbi zoruaren egoera aztertzea da horretan espezializaturiko fisioterapeuta batekin.

[2018ko maiatzean eguneratua]

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

× Zalantzarik?