Elkarrizketa hau 2016koa da eta hortaz, informazioa zaharkitua da.
Gaur egun, Euskadiko Esnearen Liga ez dago aktibo.
[2016]
Esnearen Ligako Edurne Guerrerok, Esnearen Ligari buruzko galderatxo batzuk erantzun dizkigu.
1- Zer da Esnearen Liga?
Esnearen Liga irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, apolitikoa eta akonfesionala, bularra emateko informazioa eta laguntza eskaintzen dituena.
Euskal Herrian 27 urte daramatzagu laguntza eskaintzen.
2- Nolakoak dira bilerak?
Bilerak aproposak dira edoskitzeari eta haurren hazierari buruz gehiago ikasteko. Horrez gain, leku aparta dira bizitzaren etapa berean dauden eta zure zalantza berak dituzten beste pertsona batzuekin harreman berriak sortzeko ere.
Hileroko bileretan, emakumeek beraien zalantzak, pentsamenduak eta emozioak besteei azal diezazkiekete, eta, aldi berean, beraien esperientziak konta ditzakete, beste ama batzuei laguntzeko. Hori guztia juiziorik gabeko giro ireki eta errespetuzkoan egiten da.
Bileretan hainbat gai jorratzen dira, baina beti egoten da beta amen galdera eta zalantzak argitzeko. Esnearen Ligako monitore batek dinamizatzen ditu bilerak, eta hark ebidentzia zientifikoan oinarrituriko edoskitzeari buruzko ezaupideak besteen esku jartzen ditu. Sarrera librea da.
3- Nortzuk zarete Esnearen Ligako aholkulariak?
Aholkulariak edo monitoreak amak gara, eta gure seme-alabei bularra eman ondoren, edoskitzeari buruzko formakuntza sakona jaso dugunez, gure laguntza eskaintzen dugu. Ama boluntarioak gara.
4- Zein dira Esnearen Ligaren helburuak?
Gure helburu nagusia emakumeak ahalduntzea da, informazioaren eta formakuntzaren bidez. Horrez gain, gure helburu soziala amagandiko edoskitzea normalizatzea da, profesionalei formakuntza ematea, eta informazioa zabaltzea.
5- Bilerez gain, zein aholkularitza aukera duzue?
Telefonoz ere ematen dugu laguntza, eta beharrezkoa denean, ama eta haurra ikusteko bakarka ere geratzen gara amarekin. Bizkaia eta Gipuzkoan egun 11 monitore gara, eta hilero 200 bat amei laguntzen diegu, bai laguntza-taldeetan, bai telefonoz, bai Interneten bidez. Horrez gain, hainbat gauza egiten ditugu, familientzat nahiz osasun-profesionalentzat: argitalpenak, sinposioak, hitzaldiak, tailerrak… Web-orria eta Facebook-eko orria ere baditugu.
6- Zein da gaur egun erditze ostean familien egoera?
Bakarrik sentitzen dira, batez ere bularrarekin arazoak dituztenean.
Garai batean emakumeek laguntza-sare paregabea zuten umeei bularra emateko, haien amak, ahizpek edo amonek ere bularra eman zutelako. Gaur egun ez daukate babesa ematen dien sare sozialik, eta normalean bularrik eman ez duten emakumeak izaten dituzte inguruan, azken hamarkadetan biberoia izan delako emakume gehienen lehen aukera. Bularra ematea gauza naturala da, baina ikasi beharreko artea da. Esnearen Ligako bileretara joan eta han beste ama batzuk haurrei bularra ematen ikustea lagungarria da beste amentzat edo haurdunentzat bularra ematen ikasteko.
Bestalde, edoskitzeari buruzko trebakuntza jaso duten geroz eta profesional gehiago dauden arren, amek zailtasunak dituztenean, sentitzen dute inork ez diela jaramonik egiten, eta galduta ikusten dute beren burua. Monitore bati deitzea eta laguntza eraginkorra garaiz jasotzea oso lagungarria izaten da zailtasunak gainditzeko, eta bularra ematen aurrera egin ahal izateko.
7- Haurdun dagoen emakumeak edo bikoteak Esnearen Ligako bileretan
parte har dezake?
Noski baietz. Gure bilerak zabalik daude haurdun dauden emakumeentzat, bularra ematen duten amentzat, haien senideentzat eta, oro har, amagandiko edoskitzea interesatzen zaien pertsona guztientzat. Haurrak ere ongi etorriak izaten dira gure bileretan.
Bilerak bereziki gomendagarriak dira haurdun dauden emakumeentzat, bularra emateko oinarrizko ezaupideak ikas ditzaketelako, eta, ondorioz, haurra izaten dutenean konfiantza eta segurtasun handiagoak izango dituzte bularra ematean.
Era berean, komeni da bikotekideak ere bileretara etortzea, horrela informazioa zuzenean jasoko baitute, eta baliabide gehiago izango dituzte amari behar duen babes emozionala emateko. Hortaz, errazagoa egingo zaie beren funtsezko zeregina betetzea, hau da, beren haurraren edoskitzaroa babestu eta laguntzea.
8- Esne-bankua jartzea adostu dute. Zein da zuen iritzia?
Gu ezin pozago egongo gara esne-bankua inauguratzen duten egunean.
Gure lurraldeko beharrei erantzuteko gai den esne-banku baten premia handia dago; izan ere, geroz eta haur gehiago jaiotzen dira denboraz lehen. Jaioberri horientzat, beren amaren esnearen atzetik, beste amen esnea da aukerarik onena, haien osasuna babesten baitu, eta haurraren garapen egokia maila askotan laguntzen du.
Duela sei urte parlamentuan egon ginen, esne-banku bat sortzeko txosten bat onar zezatela eskatzeko. Orain esne-bankua martxan jartzea adostu dute, eta egunen batean egingo dute, baina ez dute inolako datarik zehaztu.
Espero dugu denbora gehiegi igaro aurretik jarriko dutela benetan martxan.
9- Ama batek bularra ematean debekuak edo diskriminazioak jasaten
baditu, zer egin dezake?
Gure elkartearekin harremanetan jarri eta salatu. Amagandiko edoskitzea normal-normala izan dadin egiten dugu lan, eskubide bat izateaz gain, osasun-kontu bat delako.
10- Zerbait gehitu nahi duzue?
Amei informazioa eta laguntza emateaz gain, harreman estua eta ona dugu osasun-profesional askorekin, eta lankidetza estuan dihardugu haiekin. Horrez gain, ospitale-mailako esne-ateragailuak alokatzen ditugu, amek edoskitzea berreskuratu behar dutenean edo hartualdi guztietan esnea atera behar dutenean erabiltzeko; esate baterako, haurra ospitaleratuta dutenean. Esnea ateratzeko erakusteko tailerrak ere egiten ditugu, eta han aukera guztiak erakusten ditugu, amaren eta haurraren egoeraren arabera zein aukera dauden ikus dezaten. Profesionalentzako liburuak ere saltzen ditugu.
Gainera, gure taldeetan erditzeari, bularra emateari eta haur-hazierari buruzko liburuez osaturiko liburutegiak ditugu gure kolaboratzaile diren familientzako. Kolaboratzaileek gure zereginarekin aurrera jarraitzen laguntzen digute, eta hori eskertzeko, hilean haur-hazierari buruzko bi bilera berezi egiten ditugu Donostian eta Irunen.
Mila esker Edurne!