Haurdunaldi gabeko edoskitzea (esperientziak)

Jaso dugun beste kontakizun bat duzue hau, zoragarria iruditu zaigu, eta edoskitzearen inguruko mito asko hausten dituena: haurdunaldirik gabeko edoskitzea (adopzio edo hau bezalako kasuetan posible da). Gai honetaz gehiago hemen. Mila esker bihotzez gurekin partekatzeagatik!

4 hilabete eta erdiko haurraren ama naiz. Gure semea ez zen nire sabeletik sortu, nire bikotearen sabeletik baizik. Haurdun geundela jakin genuen egunean, krisia aitzaki, lanik gabe geratu nintzen ni, pena handia eman zidan arren, aukera ona izan zen gure haurrarekin denbora gehiago egoteko balioko zuelako.

Haurdunaldia ondo joan zen nire bikotearen sabelean, eta nik hazieraz, edoskitzeaz, haurdunaldiaz… liburu mordoa irakurri nuen. Haietako batean aurkitu nuen eragindako edoskitzearen berri… eta bikoteari proposatu nion. Berak pozez hartu zuen, bere lanak ez baitzion utziko eskatu ahala bularra ematen eta.

Haurra jaiotzean, nire bikotearekin eta nirekin azala-azalarekin izaten genuen, eta berehala hasi zen bion bularretan esne bila. Nik nire bikotearen esnea zuen tresnatxo bat erabiltzen nuen hasieran berak nire bularretik ere esnea izan zezan, eta egun batzuen buruan, esnea nuelaz ohartu nintzen. Biok tartekatu ginen lehen hilabetean bularra emateko, eta orain, nik soilik ematen diot.

Animatu nahi ditut beste ama batzuk, gu bezala edo adopzioa aukeratu dutenak, saiatzera. Gogorra bada ere, konstantzia izan eta edoskitze aholkulari batekin hitz egiteak lagunduko die eta. Espero dut nire istorioak beste batzuk laguntzea.

Eskerrik asko M.

× Zalantzarik?