Zailtasunak

Amagandiko edoskitzea ez da beti erraza izaten. Batez ere lehen egun eta asteetan arazoak ager daitezke. Halakorik bazenu, edoskitze aholkulari batengana, laguntza talde batera edo emaginarengana joatea da onena. Dena den, hemen gako orokor batzuk ematen saiatuko gara.

ESNEAREN IGOERA:

Haurrak hiru egun inguru dituenean, bularraren baskularizazioa hazten da eta titia beroa, handituta eta gogor samarra egon daiteke. Honi, esnea sortzen egotea batuz gero, ingugirtazioa gerta daiteke haurrak esnea egoki hartzen ez badu. Hau ekiditeko edoskitzea maiz eta mugarik gabe ahalbidetzea eta haurra eta amak jarrera egokia hartzea garrantzitsua da.

Mina agertuko balitz, titiak drenatzea komeni da esne pilaketarik sortu ez dadin. Haurrak titia hartu aurretik, hartualdi bakoitzean titian masajea egitea gomendatzen da titi-buruaren inguruan bigundu dadin. Horrela, haurrak titia drenatzea berez egingo du hartualdian zehar.

Aza hostoak hartualdia amaitzean bularrean jartzeak hantura gutxitzen duela frogaturik dago. Bularretakoaren barruan aza hostoak jarri eta hurrengo hartualdira arte jarrita utzi.

Esnea ateratzeak ere mina arinduko du. Eskuz edo esne-ateragailu baten bidez egin dezakezu.

ZARTADURAK ETA MINA:

Titi-buru inguruan zartadurak agertzen direnean mina sortzen da. Haurrak bularra heldu beharrean titi-burua soilik heltzean ager daitezke; edo, haurrak bularra ondo heldu arren arazo fisiko bat duelako: mihi-hari motza edo ankiloglosia.

Mina arintzeko amaren esnea zartaduretan jartzeak lagundu dezake. Hala ere, arazoa sortzen duen jarrera zein den edo haurrak arazo bat duelako gertatzen den aztertu eta arazoa konpontzen ez bada, zartadurak ez dira sendatuko edo berriro agertuko dira.

Zartadurak sortzen dituen arazoa konpondu arren, zartadurak sendatu bitarteko hartualdiak ez dira errazak izango. Puntualki pezonerak erabil daitezke zartadurak sendatu bitartean, baina garrantzitsua da arazoa sortzen duena konpontzea (laguntza taldeek, edoskitze aholkulariek edo emaginak lagunduko dizute).

Haurraren ahoak sorturikoak:

Sarri edoskitzean arazoak (haurrak bularra ez ondo heltzea, kexatzea, amak mina izatea, zartadurak…) haurraren mihi-hariak eragiten du.

Beste zenbaitetan haurrak aho “txikiegia” izatea gerta liteke, eta horrek titiburua soilik heltzea dakar. Halakoetan, garrantzitsua da, haurrak ahoan arazorik duen ikustea.
Garrantzitsua da halakorik egon daitekenaren susmoa baduzu, edoskitze aholkulari, pediatra, emagina edo laguntza talderen batekin harremanetan berehala jartzea, zenbait kasutan kirurgia behar baita arazoa konpontzeko.

Infekzioak:

Bularrean infekzioren bat dagoenean, sarri amak mina sentitzen du bai hartualdian zehar, zein bestela ere. Mina sentitzen baduzu eta bestelako arrazoiren bat ez delaz ziur bazaude, baliteke infekzio bat izatea. Batzuetan “esne perlak” sortzen dira, esne pilaketatxoak dira, oso sakonak eta ukitzean mina eragiten dute. Laguntza talde, sendagile, edoskitze aholkularia edo emaginarengana joatea garrantzitsua da arazoa konpontzeko. Amaren bularraren bakterien kultiboa egingo da zerk sortzen duen ikusteko.

Zenbait kasutan kirurgia behar izaten da. Mina handia bada, esnea atera eta haurrari xiringa-behatza teknika edo edalontzi bidez ematea komeni da.

Mastitisa: 

Esne bideren batean pilaketa sortzean gertatzen da. Sukarra eragiten du eta hantura eta gorritasuna. Hartualdiaren aurretik beroa jarriz, masajeak emanez eta hazita dauden guneak hartualdian zehar ukituz hobetzen da.

Raynaud sindromea:

Esku eta oinetako behatzetan, belarrietan, sudur puntan eta titi-buruetan odol jarioa gutxitzeak eragiten du. Hotza edo estres egoeretan gehiago ematen da. Titi-buruaren kolorea aldatu egiten da (hartualdi amaieran zuria dago, gero morea jartzen da eta ondoren arrosa kolorekoa) eta beroa jarriz asko hobetzen da. Beroa aplikatzea, bularra leku epeletan ematea eta estres egoerak gutxitzeak (batez ere bularra ematera zoazenean) sintomak hobetuko ditu. Guztiz osatzea lortzen ez bada ere (periodikoki errepikatu ohi da), kasurik gehienetan ez du sendagairik behar izaten, baina behar izanez gero, sendagileak emango dizu.

Azaleko arazoak:

dermatitia eta bestelako azaleko arazoek bularra ematea zaildu dezakete. Hazkura eta hantura sortu ohi dute. Halakorik izanez gero, zoaz sendagilearenera kultibo bat egin eta zerk sortzen duen ikus dezaten.

Edozein arazo izanez gero, edoskitze aholkulariak, laguntza taldeak edo emaginak lagunduko dizute. Ez izan galdetzeko lotsarik. Edoskitzeak ez du mina sortu behar eta arazoa geroz eta lehenago konpondu, edoskitzea atseginagoa izango da.

[2018ko maiatzean eguneratua]

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

× Zalantzarik?