Baby Led Weaning

Haurtxoak sei hilabete inguru dituenean (eta zoritxarrez, pediatra askok Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioei jaramonik ez egiteagatik, lehenago ere) edoskitzearen osagarri izango den elikadura eskaintzen hasteko garaia iristen da.

Gehiengoak, pure eta ahietan oinarrituko den elikadura sistema erabiliko dute, egokiena delakoan, baina geroz eta hedatuagoa den Baby Led Weaning sistema guztiz gomendagarria eta erosoa da. Sistema hau, Europa iparraldeko herrialdeetan erabiltzen da eta gure inguruan ere asko zabaltzen ari da eta Espainiako Pediatria Elkarteak ere babesten du.

Baby Led Weaning metodoa pure edo ahietan oinarritzen ez den metodoa da eta oinarri oso sinple eta betetzen errazak ditu:

– Helburua ez da haurrak jan dezan, elikaduraren oinarria esnea (hobe amarena, baina baita artifiziala ere) izango baita. Helburua, haurrak jaten eta mahaiean egoten ikastea da.

– Haurrak familiarekin egingo ditu otorduak, mahaiean eta aldi berean. Bere aulkitxoan edo norbaiten magalean egongo da eta janaria izango du eskura.

Hobe da zati handi samarrak eskuragarri uztea (3-5 zentimetro luzekoak eta estuak, patata frijituen itxurakoak), zati handiekin nekez itoko da haurra, eta hobeto heldu eta maneiatuko ditu.

Denetariko janaria eskaini, baina gatza eta azukre erantsirik ez duena. Bi horiek geroz eta beranduago ezagutu, hobe.

Ehundura desberdinetako janariak eskaini, biguinak, gogorrak, hotzak, beroak…

Ez eman haurrari janaririk ahora. Berak hartu eta eramango du ahora nahi duena, nahi duenean. Ez behartu haurra jatera.

– Hasieran soilik ukitu eta saltsan ibiliko da janariarekin, ziurrenik lehen egunetan ez da ahora eramateko gai izango, baina berehala ikasiko du. (Gure haurra, 6 hilabete zituela hasi zen janaria eskuragarri izaten, eta astebeteren buruan janaria hartu eta ahoan sartu eta uzteko gaitasuna lortu zuen).

Ez izan zikintzearen beldurrik. Metodo honekin, lurra, haurra eta ziurrenik, zu zeu ere hasieran oso zikin egongo zarete otordu amaieraro, baina merezi du.

Sarean metodo honen inguruko informazio asko eta errezeta osasungarriak… topatuko dituzue. Ez duzu etxetik atera aurretik purea prestatu eta mila gauzaren beharrik. Berehala solidoa jateko gai denez, fruta adibidez osorik eraman dezakezu eta haurraren autonomia eta mugimenduen kontrola asko garatzen da.

Elikadura osagarriaren inguruko hitzaldi eta tailerrak eskaintzen ditugu herriz herri, segurtasun neurriak, zein elikagai noiz eta nola eskaini azalduz.

[2018ko maiatzean eguneratua]

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.