Erditzearen inguruko informazioa topatuko duzu hemen.
Erditzea haurdunaldia amaitu eta haurra jaio eta plazenta irtetzen den uneri esaten zaio. Prozesu fisiologiko eta normala da, eta arazorik ez dagoen kasuetan, hobe da beharrezkoak diren esku hartzeak soilik egotea. Gehiegizko esku hartze edo interbentzioek, erditzearen prozesu naturala zaildu dezake eta. Erditzea ondo joan dadin, haurdun dagoen emakumea lasai eta babesean sentitzea komeni da.
Baina zer gertatuko da erditzean?
Erditzeak fase desberdinak biltzen ditu: dilatazioa, egozte-fasea eta karena edo plazenta botatzea.
Erditzera iritsi aurretik, emakumearen gorputza erditzerako prestatuz joaten da. Erditze-aurreko fasean, emakumea gutxinaka oxitozina jariatzen hasten da eta uzkurdura leunak izaten hasten da (sarri ez dira nabaritzen). Erditze aktiboa hasi baino 48-72 ordu lehenago hasten den fasea izaten da, eta gutxinaka umetokiaren lepoa ezabatzen joan dadin ahalbidetzen du. Honeki batera, muki-tapoia gutxinaka galtzen da (nahiz eta batzuetan lehenago ere galtzen den). Muki-tapoia umetokiaren lepoa babesten duen tapoi modukoa da, eta galtzen hasten denean, fluxua desberdina dela nabarituko da. Batzuetan odol galera txiki batzuk eragiten ditu edo gelatina marroiska antzekoa isurtzen da.
Fase honetan gaudelaz ohartzen bagara, bizitza normalarekin jarraitu eta haurdunaldiko azken egunez gozatzea da egokiena. Ez dago larritzeko arrazoirik, gorputza erditzeko prestatzen hasi den seinaleak dira soilik.
DILATAZIO FASEA
Haurra jaio dadin, umetokiaren lepoak 0tik 10 zentimetrorainoko dilatazioa izango du, 10 zentimetrora iritsi ostean hasiko baita egozte fasea.
– Dilatazio pasiboa: 0-5 zentimetro bitarteko faseari esaten zaio. Fase honetan uzkurdurak nabaritzen hasten da, irregularrak eta minik sortzen ez dutenak edo min arina sortzen dutenak izaten dira. Orduak igarotzen hasten direnean, uzkurdurak erregularragoak bihurtzen dira eta intentsitatea areagotuz joaten da. Uzkurdurak erregularrak direnean, 5 minuturo eta 30 segunduko iraupenarekin, dilatazio aktiboa hasi dela esan ohi da.
– Dilatazio aktiboa: 5-10 zentimetro bitarteko faseari esaten zaio, uzkurdura erregularrak direnean (maiztasun, iraupen eta intentsitatean) ematen da eta fase hau hasten denean esan daiteke ERDITZEA hasi dela. Uzkurduren intentsitatea handiagoa izango da, eta garrantzitsua da uzkurdura bakoitza kudeatzea. Mina arintzeko teknikak, jarrera erosoak, erlaxazio ariketak, masajeak, uzkurdurak hasi eta amaitzen direnaren kontzientzia izan eta amaitzen direnean atseden hartzea izaten dira fase hau errazagoa izateko bideak.
Mina jasangarri ez zaigunean, edo epiduralarekin erditzea erabaki badugu, une honetan jarriko da. Epiduralaz gehiago…
EGOZTE-FASEA
Dilatazioaren 10 zentimetrotara heldu denean, eta bultzatzeko gogoa sentitzen denean egozte-fasea hasi dela esan daiteke. Bultzatzeko gogoa kontrola-ezina izaten da eta uzkurduren maiztasuna berriro gutxitzen da. Uzkurduren arteko tartea handitzen bada ere, uzkurdura bakoitzaren iraupena eta mina areagotu egiten dira.
Fase honetan ama eroso egoteak, beharrezkoa duen jarrera hartzeak eta bertikaltasunak laguntzen du. Uzkurdura bakoitzean, haurra jaitsiz joango da, eta uzkurdura batekin batera jaioko da (edo uzkurdura desberdinetan burua eta hurrengoan gorputza aterako dira).
Fase honetan “suzko eraztuna” deritzona senti daiteke, perinean bero handia sortzen du haurra irtetzera doala sentitzeak, baina bero horrek ez du luzaroan irauten.
Epidurala jarrita dagoen zenbait kasutan bultzatzeko gogoa ez da ondo sentitzen eta uzkurdurak noiz dituen adierazten zaio amari.
Urraduraren bat izan bada edo episotomia egin behar izan bada, haurra jaio eta plazenta bota ondoren josiko dira (tokiko anestesia erabiltzen da epiduralik ez badago).
KARENA EDO PLAZENTA BOTATZEA
Haurra jaio ondoren, plazenta ateratzen da. Uzkurdurak hasten dira berriro, uzkurdura hauek plazenta umetokitik askatzea sortuko dute eta askatu ondoren plazenta botako da. Plazenta isuri ondoren, eta gehiegizko odol galerarik edo bestelako arazorik ez badago erditzea amaitutzat ematen da eta amak ez du bestelako zainketarik beharko. Urradurarik edo episotomiarik egin bada, une honetan zauria josi egingo da.
Bi ordu inguruz, emagina edo ginekologoaren zaintza izaten du amak arazorik sortuko balitz berehala artatua izan dadin.
Haurra jaio eta berehala amaren bularrean azala-azalarekin jartzea gomendatzen da. Arrazoi justifikaturik egon ezean, ama eta haurra ez dira banatu behar lehen 16 orduetan gutxienez. Haurraren zilborhestea, ez da moztu behar taupadak izateari utzi aurretik haurraren odolo guztiaren %30a inguru jaio ostean karenatik jasoko duela estimatzen da (zilborhesteko odola ematea edo jasotzea erabaki ez bada behintzat).
Bila zabiltzan hori topatu ez baduzu edo zalantzarik baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan eta behar duzun hori topatzen saiatuko gara edo profesional egokiarengana bideratuko zaitugu.
Erditzea prozesu fisiologikoa da eta hortaz, haurdun dagoen emakume oro (gaixotasun edo arriskuzko egoera batean ez badago) da erditzeko gai.
Erditzerako prestatzeko erarik eraginkorrena infomazioa izatea da eta norberaren beldur eta zalantzak aurrez argitzea.
Horretaz gain, gorputza eta prozesua ulertzeko era askotako aukerak topatuko dituzu emagin taldeen eta fisioterapeuta espezializatuen eskutik.
ERDITZERAKO PRESTAKUNTZA NORBERARENGAN:
- Zeure burua eta gorputzarengan, zeure erditzeko gaitasunean konfidantza izan.
- Erditzearen inguruko informazioa jaso. Gertatuko dena ulertu.
- Zeure eskubideak ezagutu.
- Zer nahi duzun eta zer ez duzun nahi erabaki.
- Erditzea artatzeko era desberdinen inguruko informazioa bilatu.
- Artatuko zaituen profesionala edo ospitalea aukeratu.
- Ez izan zeure iritzia adierazteko beldurrik, erditzean zeu zara protagonista.
- Zurekin egongo den/diren pertsonak ondo aukeratu.
- Erditze ostean eskertu edo erreklamazioa jarri zerbitzua hobe dezaten.
- Zeure esperientzia ingurukoekin partekatu.
Erditzerako prestakuntza on batek honako baldintzak bete behar lituzke:
– Erditze fisiologikoaren inguruko informazioa eskaintzen da, medikuen esku hartzea soilik kasu justifikatuetan ematen dela azalduz.
– Gerta litezken esku hartzeen arrazoiak, onurak eta albo ondorioak argi azaltzen dira.
– Erabaki guztiak hartzeko egin beharra duen bakarra haurdun dagoen emakumearena dela azpimarratzen da.
– Zure galdera eta zalantzak argitzen dizkizute. Zure nahiak errespetatzen dira eta ez zara epaitua sentitzen.
Informazio eguneratua izatea, zure gorputzean eta buruan konfidantza izatea eta beldur eta zalantzak aurrez argitzeak erditzeko unera prestaturik iristen lagunduko dizu, eta hortaz, erditzean arazoak egoteko aukerak gutxituko dira.
Lasaitzen eta ondo sentitzen laguntzen dizun edozein ariketa (neurrian eginik) egokia da gorputza zein emozionalki ondo egoten laguntzeko. Yoga, igeriketa, oinez ibiltzea eta haurdun dauden bikoteentzat antolaturiko beste zenbait ikastarok, haurdunaldiari denbora eskaintzeko balioko dute, hobeto sentitzeko eta egoera berdinean dauden beste bikote zenbaitekin zalantzak partekatzeko.
Oso garrantzitsua da erditzearen inguruan beldurra zerk ematen dizun identifikatu eta beldur horiek haurdunaldian lantzea. Erditzea ondo joatea eragotzi dezaken arlo oso boteretsua da burua, eta beldur horiek erditzeko unean blokeoak sortzeko gai izaten dira.
Normalean, minari edo arazoren bat egoteari izaten zaio beldurra:
– Erditze fisiologiko batean, amak nahi duen jarrera hartu, lasaitasunez eta giro erosoan dagoen bitartean, esku hartze minimoa edo bat ere ez dagoen bitartean, mina ez da gehiegizkoa izango. Minaren inguruko beldurra, azken belaunaldien erditzeen medikalizazio gehiegizkoaren ondorioz sortu da, ama deseroso dagoen jarreretan, etengabeko esku hartzea… dagoenean edo erditzea artifizialki azkartu nahi denean, mina asko areagotzen da eta.
– Arazoren bat egoteari beldurra izatea normala da baina haurdunaldi osoan bezala, oso garrantzitsua da lasaitasuna mantentzea. Ahalik eta esku hartzerik txikiena egotea gomendatzen da, baina beti, erditzea emagin baten presentzian gerta dadin saiatuaz, arazorik balego, emaginak gai baitira arazoa azkar identifikatu eta konponbiderik egokiena azkar bilatzen.
ERDITZERAKO PRESTAKUNTZAREN GAKOAK:
– Erditzera doanak ez du arnasa hartzeko modu berezirik ikasi behar. Erlaxazio teknikak erabiltzea, arnasketa sakonak… ondo etorriko da erditzeko unean lasaitasuna mantendu eta mina hobeto kudeatzeko. Dena den, erditzeko unean garrantzitsua dena ez da arnasa era berezi batean hartzen ikastea, ARNASA HARTZEA baizik.
Sarri, beldurra edo minak arnasa une batez ez hartzera eramaten gaitu, eta horrek minaren sentsazioa areagotzeaz gain, haurrari iristen zaion oxigenoa gutxitzen du bestelako arazoak sor ditzakelarik. Erditzeko unean, arnasa hartu, nahi duzun edo behar duzun eran, baina geratu gabe.
– Perinearen prestakuntza: emakumearen perinea erditzeko prestaturik dago, hortaz, ez luke prestakuntza berezirik behar izango. Dena den, haurdunaldia une egokia da perine masajea maiz egiteko eta perinea eta garunaren inguruko konexioa indartzeko. Perinea oso elastikoa da eta masajeen bidez, elastikotasun horren kontzientzia berreskuratuko da.
Masaje mota hau 22 astetik aurrera egiten hastea gomendatzen da, oso progresiboki, minik hartu gabe eta egunean bi aldiz eginik olioren baten laguntzaz.
Ez dago masaje mota honen onura erabatekoa adierazten duen ebidentzia nahikorik, baina emakumeak bere gorputza ezagutzeko eta beldurra galtzeko erabilgarria izan daiteke.
Erditzean lagunduko dizun pertsonarekin, bikotea, doula, laguna edo familiakoa izan, zer espero duzun, zer nahi duzun eta zer ez duzun nahi hitz egin. Arazo edo zailtasun zehatzik egongo balitz, nola jokatzea nahiko zenuken zehaztu eta erditze plana idatzi.
Mugimendua garrantzitsua da erditzean, espezializaturiko fisioterapeuta batekin prestakuntza egiteak lagun diezazuke zure gorputza ezagutzen.
.
- Erditzean dauden profesionalak identifikatu daitezen eskatzeko eskubidea dugu: izena, titulazioa eta espezialitatea eskatuz.
- Informaziorako eskubidea dugu gure osasunarekin zerikusia duten gai guztietan. Esku hartze eta prozesu bakoitza ezagutu aurrez eta argi azaldu behar zaizkigu.
- Erabakitzeko eskubidea dugu: gure osasun edo gorputzari eragiten dion edozein esku hartzeri baimena eman behar diogu (baimen informatua), eta edozein unetan baimen hori atzera bota dezakegu. Edozein esku hartze ukatzeko eskubidea dugu.
- Eskuragarri dauden aukera kliniko desberdinen artean erabakitzeko eskubidea dugu, eta gure erabakiak errespetatua izan behar du.
- Gure intimitate eta duintasun fisiko zein morala errespetatuak izateko eskubidea dugu. Ginekologia edo emagin egoilarrak egoteko, idatzizko baimena eman behar dugu eskubidedun pertsonatzat eta besteen mesederako ez erabiltzea babesturik gera daitezen.
- Protokolo medikuak onartu edo ez erabakitzeko eskubidea dugu, baita bestelako tratamenduak hautatzekoa ere. Protokoloak ez dira derrigorrez bete beharreko gidak.
- Erditze plana izateko eskubidea dugu.
Iturria: El Parto Es Nuestro.
Hemen irakur dezakezu Osakidetzak erabiltzaile eta pazienteen eskubideen duen atala.
Erditze plana, erditzeko egunean, ospitalean edo etxean artatzen zaituzten pertsonek zutaz jakitea nahi duzuna betetzen duen legezko balioa duen idatzia da.
Haurdunaldiko liburuxkan eta zure historia klinikoan, haurdunaldian zein aurretik zure bizitzan izandako osasun egoeren informazioa biltzen da, erditzeko unean oso garrantzitsuak izan daitezken datuak bilduz. Baina erditzean zuretzat garrantzitsuak izan daitezken beste zenbait alderdi ez dira biltzen bertan.
Erditze plana horretarako da, zuretzat garrantzitsuak diren gauzak jakin ditzaten, edo nolako erditzea nahi duzun edo nolako tratua jaso nahi duzun… adierazteko.
Zer nahi duzun eta zer ez era argian adierazi behar da, eta zuretzat garrantzitsuak diren gauza guztiak jartzea komeni da, nahiz eta txikikeriak direla iruditu.
Erditze planean idatzi duzunaz, erditzeko uneren batean iritziz aldatu baduzu, edozein unetan adieraz dezakezu. Adibidez: “epiduralik ez nuela nahi adierazi nuen eta orain nahi dut”. Ahoz esatea nahikoa da, eta jasoko den tratamenduaren arabera, tratamendu horri dagokion baimen informatua sinatu beharko duzu.
Erditze plana, erditzeko hautatu duzun tokian aurkeztu behar da erditzeko data probablea baina aste batzuk lehenago, eta posible bada, bertako emaginen buru edo ginekologoren batekin zeure erditze planaz hitz egitea komeni da. Erditzera zoazen egunean ere, erditze planaren kopia eramatea gomendatzen da, artatuko zaituen emaginari zuzenean emateko. Zure historia kliniko digitalean txertatzea eska dezakezu paziente eta erabiltzaileen informaziorako guneetan edo zure emagin edo sendagilearen kontsultan.
Espainiar Estatuan, erditze planaren legezko baliozkotasuna baimen informatu batenaren bera da (tratamendu bat onartu edo ukatzeko eskubidea honako legeek aitortzen dute: Konstituzioa, Osasungintzaren Lege Orokorra, Osasungintza Publikoaren Legea, Pazientearen autonomiaren Legea eta Eskubide eta Betebeharrak Informazioa eta Dokumentazio Klinikoaren arloan. -Iturria: El Parto El Nuestro).
Emakumea da bere gorputza eta osasunaren inguruko erabakiak hartzearen arduradun bakarra eta ez dago ezer, ezta osasun zentruetako barne funtzionamendurako protokoloak ere, lege horien gainetik. Hau da, emakumeak edozein unetan esan dezake EZETZ. Eta edozein unetan eska dezake, dagoen tokiko medioek ahalbidetzen duten tratamendua. Osasungintzako profesionalen betebeharra da, tratamendu desberdinen inguruko informazio OSOA ematea, ulertu dela ziurtatzea eta erabakiak emakumearengan uztea.
Tratamendu bati ezetz esateak, ez du inolaz ere, alta behartua hartzera derrigortuko emakumea.
Erditze normala artatzeko praktika klinikoko gida hemen irakur dezakezu, ebidentzia zientifikoak, erditze normal batean izatea gomendatzen dituen jarraibideak ezagutzeko. Eta hemen 2018.urtean Osasunaren Mundu Erakundeak erditzearen inguruan emandako gomendioak.
Erditze plan bat ez da profesional edo ospitalearen aurkako eraso bat inolaz ere. Erditzearen inguruan dituzun desirak adierazten ditu, erditzeko unean, kezka erantsirik izan ez dezazun.
Gaur egun geroz eta gehiago dira etxean erditzea erabakitzen duten emakumeak. Etxean erditzea emagin batek (gutxienez) lagunduta burutzen denean eta haurdunaldia normala eta arrisku baxuko erditzea aurreikusten bada zein ospitalea 30 minutuko gehienezko tartean dagoenean, aukera segurutzat jotzen dute geroz eta ikerketa gehiagok. ed
Emakumea etxean egoteak, lasaitasuna, intimitatea, konfidantza, askatasuna… sentiarazten dio eta horrek erditzea errazten du. Haurrarentzat ere onura esanguratsuak ditu: lasaitasun eta maitasun giroan jaiotzen da, ez da amarengandik inongo unean banatzen eta zilborhestea taupadak gelditu arte ez da eteten.
Etxeko erditzeetan emakumea izaten da protagonista, sentitzen duena edo nahi duena egiteko aukera du eta emaginak, bere beharren arabera egiten du lan. Emaginaren funtzioa ama eta haurra ondo daudela ziurtatzea da erditzeak irauten duen bitartean, amari behar duen segurtasuna ematea eta erditu ostean haurra eta amaren osasun egoera ona dela ziurtatzea. Arazorik balego edo egon daitekenaren susmoa badu, konponbidea azkarra eman edo ospitalera joatea gomendatuko du.
Etxeko erditzean, haurra jaio eta haurrondokoa bota ostean ordu batzuez emagina etxean egoten da arazorik sortuko balitz detektatzeko eta ama-haurraren lehen uneak zaintzeko. Edoskitzea ezartzen laguntzen du eta haurra zein ama ondo daudela baieztatzean joaten da. Erditze osteko lehen egunetan ere jarraipena egiten die ama-haurrari.
Emaginaz gain, emakumeak alboan izan nahi dituen pertsonak hauta ditzake. Bikotea, lagunen bat edo beste seme-alabak egon daitezke bertan emakumeak hala nahi badu. Erditzean argazkiak edo bideoa grabatzerik nahi izanez gero, konfidantzazko argazkilaria edo pertsona izatea gomendatzen da, ama errespetatuko duena, isiltasuna mantendu eta erditzean eragingo ez duena.
ZER BEHAR DA ETXEAN ERDITZEKO?
– Erditzea artatuko duen emagin taldea.
– Haurdunaldian arazorik egon ez izatea.
– 37-42 asteen artean erditzea.
– Ama zein haurra osasuntsu egotea.
– Ospitalea 30 minutuko distantzian egotea.
– Ospitalera joateko bidea, modua eta zeinek eramango zaituen zehazturik izatea.
Etxean erditzeko asmoa izanez gero, haurdunaldiaren hasieran erditzean artatzea nahi duzun emagina hautatu eta berarekin harremanetan jarri behar duzu. Haurdunaldian zehar, zenbait hitzordu izango dituzu berarekin eta zure beldurrak, beharrak, nahiak eta zure egoeraren berezitasunak landuko dituzue.
Doula bat izatea erabaki baduzu, haurdunaldi hasieran berarekin harremanetan jartzea komeni da. Doulak, erditzean laguntzeaz gain, haurdunaldi osoan zehar, zein erditze ostean lagun diezazuke.
Zer prestatu behar dut etxean?
Etxean erditzea erabaki bada, 37. astea inguratzen denerako etxean honakoak prest izatea gomendatzen da:
– Xurgagarriak: ospitalean erabiltzen diren ehunezko babesgarriak dira, erditzean, erditze ostean edo haurra aldatzeko erabiliko dira. Farmazia edo parafarmazia zein saltoki handietan aurki daitezke.
– Erditze osterako konpresak.
– Ospitalerako boltsa.
– Eskuoihalak: dutxatu, bainatu edo uretan erditzen baduzu beharko dituzu.
– Kuxinak: jarrera erosoak bilatzeko erabil ditzakezu, egokienak edoskitzerako erabiltzen diren kuxin handiak dira. Haurdunaldiko azken asteetan etzanda eroso egoteko balioko dizute, eta haurra jaiotzean bularra emateko ere bai.
– Arropa erosoa: biluzik eroso ez bazaude, kamiseta handiak edo ohe-atorrak eroso izango dira. Hobe aurretik zabaltzen den arropa erabiltzea erditzean haurra blarrean jartzeko.
– Pilateseko pilota: dilatazioan jarrera desberdinak hartzeko balioko du, aldaka mugitzeko… haurdunaldian zehar ere, hobe pilateseko pilota erabiltzea eserita egoteko.
– Manta elektrikoak, hazizko kuxinak: uzkurduren mina arintzeko bero lokalizatuak mesede egingo dizu.
– Olioak, musika lasaia eta kandelak: giro lasaia sortu, masajeak jasotzeak edo gogoko musika entzuteak erditzea erraztu dezake.
– Gustoko janari eta zukuak: erditze ostean gustora jango eta edango duzuna eskura izatea komeni da.
– Erditzeko igerilekua eta mahuka: uretan erditu nahi baduzu, igerilekua eta betetzeko mahuka prest izatea komeni da.
Educer erakundeak sorturiko etxean erditzeko gida euskarara itzuli dugu. Bertan, etxean erditu edo ez erabakitzen lagunduko dizun informazio praktikoa, aukerak… topatuko dituzu.
Alicanterako sorturiko gida izan arren, hemengo etxeko erditzeetarako ere baliagarria da. Ondoren, kasuan kasu hautaturiko emaginarekin hitzartu beharko da erditzearen inguruko guztia.
Gida osoa pdf bertsioan deskarga dezakezu.
Ospitalea da gaur egun erditze gehienak ematen diren gunea. Haurdunaldi normalez eta arrisku baxuko erditzeez gain, berezitasunak edo arrisku altuagoa duten erditzeak artatzen dira bertan. Etxeko erditzeekin alderatuz desberdintasun esanguratsuenak honakoak dira: ospitalean emaginez gain, ginekologoak, neonatologoak, pediatrak, erizainak… izango dira arazorik balego artatzeko prest. Honek, zenbait pertsonei segurtasun handiagoa sentiarazten die, eta horregatik hautatzen da ospitale bat edo beste. Aurrez ospitalea ezagutzeak eta erditzeen unitatea ezagutzeak amaren segurtasuna areagotu ohi du.
Ospitaleko erditzeetan baliabideak oso aldakorrak dira (batzuek bainera dute, besteek ez…) eta haurdunaldiaren ezaugarrien arabera batzuk edo beste eskuragarri izango dituzu. Batzuetan, logela partekatuan egiten da dilatazioaren hasiera eta ondoren erditze gelara eramaten da ama. Besteetan, hasieratik ama nahi duen pertsonarekin eta ospitaleko langileekin soilik egongo da dilatazio eta erditze prozesuan.
Arrisku maila desberdinei erantzuteko zentru desberdinak daude eta zure erreferentziazkoa zein den ezagutzea gomendagarria da. Horretaz gain, zentruz aldatzeko hautua egin baduzu, eskaera denboraz egitea gomendagarria da.
Horregatik da garrantzitsua erditzeko hautatu duzun ospitalaren baldintza eta protokoloak aurrez ezagutzea. Erditzeko unea iritsi aurretik, zer topatuko duzun jakiteak eta zer eska dezakezun eta zer ez jakiteak, lasaitasuna emango dizu.
Erditzeko unea ez da eztabaidan aritzeko unea, hortaz, hobe erditze plana aurrez aurkezturik eta hitzarturik izatea.
Haurdunaldia normal joan bada, arazo garrantzitsurik gabe, eta 37-42 asteen artean baldin bazaude (37 asteara iritsi aurretik, edozein erditzeko seinale baduzu, zoaz berehala), ospitalerako gauzak prest izatea komeni da.
Ospitalera goizegi edo beranduegi iritsiko ote garen beldurra izaten da sarri. Batetik, goizegi iritsiz gero, etxera joateko esan diezagukete eta handik ordu batzuetara itzuli beharko dugu (ez da batere erosoa izaten, erditzeko prest zaudela uzkurdura eta sabelarekin joan-etorrian ibiltzea). Bestetik, goizegi iritsi bagara, etxera joateko esan beharrean, ospitalean ingresaturik geratu gaitezke, eta honek “erlojuaren aurkako” prozesu batean sar gaitzake. Ospitalaren protokoloen arabera, erditzea motelegi badoa, erditzea azkartu edo bestelako esku hartzeak eskainiko zaizkigu, eta horrek haurra erditze instrumentalizatu edo zesarea bidez jaiotzea ekar dezake.
Beranduegi iristeak ere beldurra sortzen du, haurra bidean izango ote dugun (ez da oso ohikoa) edo epidurala jartzeko beranduegi iritsiko ote garen (epidurala nahi den kasuetan).
Noiz joan behar da ospitalera?
1. Berehala joateko arrazoiak:
– Odol galerak badituzu.
– Boltsa hautsi eta urak zikinak badaude (hau da, galtzen den likidoa ez da gardena, berdexka baizik).
– Sukarra baduzu.
– Haurraren mugimenduak ez badituzu sentitzen.
2. Gauzak prest izan baina presarik gabe joateko arrazoiak:
– Uzkurdurak erregularrak dira eta ez dira geratzen jarrera aldatu edo atseden hartuta. Ordu betez baino gehiagoz, 5 minutu edo gutxiagoko maiztasuna duten uzkurdura erregularrak badituzu, erditze aktiboko fasean zaudela esan daiteke eta hortaz, ospitalera joateko ordua iritsi dela.
Boltsa haustea ez da ospitalera presaka joateko arrazoi nahikoa urak garbiak badira. Azken ikerketen arabera, boltsa hautsi eta ez bada taktorik egiten, ez bainurik hartzen (dutxatzea libre da) ezta penetrazioa duen sexu-harremanik izaten, infekzio arriskua ez da larria eta hortaz, 24-48 orduz uzkurdurak erregularrak izan arte etxean egoteko aukera dago.
Etxean egotea hautatu baduzu, edan ura edo zukuak etengabe eta lasai egoten saiatu.
Epidurala analgesia da (mina arintzeko tratamendua) eta erditzeetan uzkurduren mina arintzeko erabiltzen da. Lunbareetako ornoen artean dagoen gunean kateter bat kokatzen da eta bertatik gutxinaka sendagaia sartzen joaten da. Kateterra jartzeko, aurrez normalean, anestesia lokala ematen da.
Noiz jarri behar da?
Erditze normalen kasuan, erditze aktiboa hasi denean jartzea gomendatzen da, hau da, uzkurdurak erregularrak direnean eta 3-4 zentimetroko dilataziora heldu denean. Geroz eta beranduago jarri, erditzearen prozesu naturalean eragin gutxiago izango du eta hortaz, arazoak sortzeko arriskua gutxituko da. Dena den, 8 zentimetroko dilataziora heldu bada, ez da jartzea gomendatzen. Analgesiaren efektua egozte fasean edo egozte fase ondoren iritsiko litzake eta hortaz, zentzurik gabekoa litzakelako.
Epiduralak albo ondorioak ditu, eta hortaz, mina arintzeko metodo ez inbasiboak erabiltzea edo epidurala erabiltzearen onura zein arriskuak aztertzea gomendatzen da.
Zeintzuk dira albo-ondorioak?
- Hipotentsio arteriala.
- Duramaterra zulatzeko arriskua. Epiduralaren kateterra kokatzean, nahi gabe duramaterra zulatuko balitz, amaren likido zefaloerrakideoa irtetzen hasiko litzake eta horrek buruko min handia sortzen du. Hau gertatuz gero, egun batzuetan guztiz horizontalki egon beharko du amak eta hortaz, haurra zaintzea eta edoskitzea oso zailak bihurtzen dira.
- Infekzioa; Kateterra kokatu den gunea infektatuz gero, meningitia izateko arriskua dago.
- Bizkarreko min errepikakorrak. Epidurala izan duten pertsonek bizkarreko min errepikakorrak izateko arrisku handiagoa dute.
- Uzkurdurak gutxitzen ditu. Uzkurduren maiztasun eta intentsitatea gutxitzen dira eta hortaz, oxitozina sintetikoa jarri behar izaten da.
- Haurraren bihotz taupaden ez-egonkortzea.
- Haurra ez ondo kokatzea. Amaren mugikortasuna murriztean, haurra ondo kokatzea zailtzen da eta hortaz, erditze instrumentalizaturako aukera igo.
- Egozte fase luzeak. Denbora aurrera joan ahala, instrumentalizazioa edo zesarea egitea erabakitzeko aukera asko hazten da. Haurra eta ama asko nekatzen dira.
- Endorfina jarioa gelditzen da. Amak minik sentitzen ez duenez, endorfinen jarioa geratzen da. Haurrak endorfinarik ez du jasoko eta hortaz, gehiago sufrituko du, berak ez baitu epiduralaren efektua sentitzen.
- Sukarra izateko arrisku handiagoa. Epiduralak ama eta haurraren tenperatura igo dezake.
- Edemak izateko arriskua; horrek edoskitzean eragiten du, haurrak bularra heltzea zailtzen baitu.
- Mugikortasuna mugatzen du.
- Amaren esneak ez du endorfinarik. Haurrak mina izan dezake erditze instrumentalizatua edo zesarea izan bada, eta endorfinek mina arinduko liokete.
- Erdi-lokarturik jaiotzeko arriskua Sendagaiek haurra erdi-lo jaiotzea ekar dezakete eta egoera horrek egunak iraun ditzake. Horrek bularra hartzeko indarrik eza edo esnatzeko gaitasun eza dakar, eta hortaz, haurra behar beste elikatzeko gai ez izatea.
Epidurala jaso aurretik BETI idatzizko baimena eman behar da. Idatzizko baimenean arriskuak argi agertu behar dira. Idatzizko baimenaz gain, prozesua eta albo-ondorioak argi azaldu behar zaizkigu.
Erditzea minarekin burutzen den zerbait dela eta sufritu behar dugula irakatsi digun gizartean bizi gara. Horrek, erditzeko uneari beldurra izatea sor dezake eta beldur hori izango da erditzean agertu eta mina sorraraziko diguna. Beldurrak, tentsioan egotea sortzen du, eta umetokia tentsioan izateak, ez dio bere lana behar bezala egiten uzten eta mina agertzen da.
Hala ere, minak ez du sufritzea esan nahi. Uzkurdurek mina eman arren, bestelako faktoreek eragiten ez badute, min hori uzkurdurek irauten duten bitartean soilik sentituko da, eramangarria izango da eta uzkurduren artean atseden hartu eta deskonektatzen utziko du.
Mina areagotzen duten egoerak:
–Deseoroso egotea. Nahi den jarrera ezin hartu izatea, etzanda egotera beharturik egotea, argi gehiegi egon eta ezin itzaltzea, egarria izan eta edaten ez uztea, kable edo tutuek nahi bezala mugitzen ez uztea, hotza edo beroa izatea…
– Oxitozina sintetikoa erabiltzea.
–Segurtasunik eta intimitaterik ez sentitzea.
ZER EGIN MINA ARINTZEKO?
Aukera desberdinak dituzu, medikuak edo bestelakoak, hauek dira batzuk:
– Uneoro emakumeak nahi duen jarrera hartzea, mugimendu askatasuna. Erditzearen une bakoitzean, gorputzak jarrera desberdinak hartzea eskatzen du. Oinez noraezean ibiltzea, dantza egitea, zintzilikatzea, pilateseko pilota eserita, lau hanketan, kuxinek, igerilekuan…
– Dutxa edo bainu beroak. Batez ere dilatazio fasean eraginkorrak dira, beroa giltzurrunetan sentitzeak uzkurdurak arindu ditzake.
– Masajea. Erditzeko unean lagunduko digun pertsonak, oinarrizko masajeak ematen aurrez ikasteak asko lagun dezake, bizkarrean, oinetan zein lepoaldean masajeak jasotzeak lasaitzen lagunduko du.
– Musika lasaigarria, kandelak, aromaterapia… giro atsegin eta lasaia sortzeak asko laguntzen du.
–Manta elektrikoa, hazizko kuxinak… bero lokalizatuak asko arintzen du uzkurduren mina, batez ere giltzurrunetan sentitzen diren uzkurdurak badira.
–Tens bidezko korronteak… uzkurdurak arintzeko tens bidezko korronte tresnak.
– Hipnosia, biofeedbacka… teknika hauek oso eraginkorrak izaten dira, baina soilik egiten dakienak burutu behar ditu.
– Abestea edo soinuak askatzea. Abestea edo barnetik ateratzen diren soinuak askatzeak mina arindu eta prozesua errazten du. Ahoa eta umetokiaren artean lotura dagoela dioten teoriak daude, eta ahoa zabaltzeak eta hotsak askatzeak umetokia dilatatzen laguntzen duela.
– Meditazioa, yoga... lasaitasuna areagotu eta gorputzari lanean uzteko metodo hauek eraginkorrak izaten dira mina arintzeko.
Erditzeko mina arintzeko erarik onena emakumea errespetatzea da. Lasaitasuna mantendu, emakumeak behar duen intimitatea eta segurtasuna sentitzeak minaren sentsazioa gutxitu eta sufrimendurik ez egotea ekarriko du.
Haurdunaldi ohikoaren iraupena 37-42 astekoa da (azken hilerokoaren lehen egunetik zenbatzen hasita), hortaz, 42 astea bete aurretik induzitzea ez da gomendatzen osasun arazorik ez dagoen kasuetan. Erditze espontaneoa haurra jaiotzeko prest eta amaren gorputza erditzeko prest daudenean hasten da, momentu hori iritsi baino lehen induzitzeak haurrarengan eta amarengan eragina izan dezake.
Haurrarentzat sabelean dagoen egun bakoitza irabazten ateratzen den egun bat gehiago da, bertan bere behar guzti-guztiak aseturik ditu eta jaiotzeko indarra hartzen ari da. Gainera bere organuak ere prestatuz doaz kanpoko bizitzarako. Amaren gorputza bitartean, ez dago geldirik. Agian ez du kontrakziorik sentituko edo ez zen tapoia botatzen hasiko, baina gorputza gutxinaka-gutxinaka prestatuz doa, hormonalki eta fisikoki gutxinaka umetokia eta prestatuz.
Eragite artifizialari baietz esan aurretik kontuan hartu hau:
– BETI esan dezakezue ezetz: pazientearen autonomiaren legeak zure gorputzaren inguruko erabakiak zuk zeuk hartu behar dituzula aitortzen du.
Noiz da beharrezkoa?
- Haurdunaldiko hipertentsio egoerak. Preeklampsia, eklampsia, HELLP sindromea dagoenean, baina erditzerako 48 orduko marjina uzten duten kasuak direnean eta hortaz berehalako zesarea bidezko jaiotza behar ez denean.
- Infekzio amniotikoa. Infekzioa diagnostikatu denean, baina arriskua bat-batekoa ez denean, erditzea 12 orduren barruan amaitzea behar bada.
- Haurraren arriskuaren susmoa:
- Baieztaturiko Hazte Motel Intrauterinoa dagoen kasuetan.
- 42 astez gaindiko haurdunaldia.
- Ama-haur rh inkonpatibilitatea.
- Arrisku aurrekariak izatea, aurrez haurdunaldi amaieran haurrak galdu izana adibidez.
- Gaixotasun larriak (haurra zein amak) edo kronikoak izatea.
- Gaixotasun autoinmuneak izatea.
- Haurra galdu izana.
Noiz EZ da beharrezkoa eragite artifiziala?
- Plazenta prebio guztiz oklusiboa. (Kasu hauetan zesarea behar da)
- Haurra ipurdiz, transbertsalki edo zutik egotea. (Edozein unetan bira daiteke)
- Zilborhestea buruaren aurretik egotea. (Erditzea zaindua baina espontaneoa izan daiteke).
- Herpes genitala.
- Aldaketako desproportzioa: ezin da jakin amaren aldakak nola kokatuko diren erditzeko unea hasi arte.
Kasuan kasu aztertu beharko da erditzea artifizialki eragiteak onura gehiago izan ditzakeen arriskuak baino.
ERDITZEAREN ERAGITE ARTIFIZIALAREN (INDUKZIOA) ARRISKUAK
Erditzearen eragite artifiziala edo indukzioa, kontu handiz burutzen ez bada, zesarean amaitzeko arriskua %50era igotzen da. Hortaz, prozesu hau hasi aurretik arrazoi justifikatuak egon behar dira eta ama-haurrek jasotko duten onura, arriskua baina handiago izan behar da.
Eragitea hasi aurretik Bishop Testa egin behar da. Bertan, faktore desberdinak kontuan hartzen dira eta 7 puntu baina gehiago lortu badira, eragitearen arrakasta aukera altua dela esaten da. 4 puntuz beherako kasuetan, umetokiaren lepoa prest ez dagoela ondorioztatzen da eta hortaz, zesarea edo erditze instrumentalizaturako aukera areagotzen da.
Puntuak | 0 | 1 | 2 | 3 |
Umetokiaren lepoaren trinkotasuna | Gogorra | Erdikoa | Biguna | |
Ezabatzea % | %30 | %40-50 | %60-70 | + %80 |
Dilatazioa | 0 | 1-2 | 3-4 | 5-6 |
Umetokiaren lepoaren kokapena | Atzekoa | Erdibidekoa | Aurrekoa | |
Kokatze maila | Librea | Hasierakoa | II maila | III maila |
Zein dira amarentzat erditzearen eragite artifizialaren arriskuak?
- Ez-egonkortasun emozionala. Beldurra eta antsietatea sor daitezke erditzea eragingo dizutela jakitean. Erditzea ondo joateko lasaitasuna oinarrizkoa da.
- Uzkurdura gogorregi eta luzeak. Plazenta askatze-goiztiarra, umetoki haustura edo umetokiko urradurak sor daitezkelarik.
- Umetokiko infekzioa.
- Erditze osteko gehiegizko odol galera.
- Likido amniotikoaren enbolia.
- Mina gehiegizkoa izatea, monitorizazio eta odol tutuek mugimendua ez ahalbidetzea eta hortaz epidurala eskatzeko beharra areagotzea. Epidurala jartzeak, oxitozina dosia igotzea ekarriko du.
Zein dira haurrarentzat arriskuak?
- Goizegi jaiotzea, haurra prest egon aurretik jaiotzeak umetoki kanporako bizitzara prest ez egotea eragin dezake. Arnas arazoak… izan ditzake.
- Jaiotzean traumatismoak bizitzea erditze instrumentala edo egozte fase zailagoak izaten direlako. Zesarea bidez jaiotzen direnek erditze kanaletik ateratzean eragindako minak edo zesarearen nahi gabeko ebakidurak izatea ekar dezake.
- Haurraren sufritze larria. Uzkurdura gogorregiak izateak, odol jarioa irregularra izatea ekar dezake eta plazentan edo zilborhestean arazoak sor daitezke. Erditze instrumentalizatuak edo zesareak ere haurraren sufritzea ekar dezake.
- Umetokiko infekzioa. Takto gehiago jasaten dira erditze hauetak eta hortaz, infekzio arriskua asko areagotzen da.
Hala ere, egunak aurrera doazela ikusi eta zuek gauza martxan jartzea nahiago baduzue, badaude metodo naturalak:
– Sexua oso ona da. Uzkurdura natural eta plazerrezkoak sortzen dira eta gorputza martxan jartzen dute. Gainera, semena baginan isurtzean, prostaglandiak isuriko dira, eta prostaglandiak umetokiaren lepoa ezabatzen laguntzen duten hormonak dira.
– Triparekin… ez bazara hortan ikusten, laztanek eta titiburuen estimulazioak ere efektu antzekoa dute.
– Janari pikantea jan. Ez baduzu bihotzerrerik ez haurdunaldiko almorranarik, janari pikantea jan. Sabela mugituaraziko du eta mugitzeak erditzea martxan jartzen du.
– Hitz egin haurrari. Esaiozue bera ezagutzeko desiatzen zaudetela eta jaiotzeko buruarekin beherantz joan behar duela, maitasunez hartuko duzuela. Txorakeria dirudien arren, ginekologiako adituek indukzio naturalerako metodo oso ona dela diote.
– Musika dantzagarria entzun eta dantza egin.
– Barre egin.
– Ibili. Hobe da paseo motz asko egitea goiz osoa ibiltzera joatea baino. Pentsa, goiz osoa oinez eman, bazkaldu eta siestara zoazela. Siestarako etzatean uzkurdurak dituzula ohartu edo boltsa hausten duzula, nekatuta iritsiko zara erditzerak eskatuko dizun esfortzura. Hobe da goizean lehen orduan paseotxo bat, hamaiketakoa lasai hartu eta kuluxkatxo bat egin eta beste paseotxo bat, bazkal ostean beste bat…. txikiak baina maiz.
– Erlaxatu eta deskonektatzea. Erditzea normalean emakumea lasaien eta erditzean gutxien pentsatzen ari denean hasten da martxan.
Orohar, oxitozina naturala jariatzen lagunduko dizun edozein ekintzak lagun dezake erditzea bere kabuz has dadin. Gogoko dituzun ekintza gustagarriak burutu, eta saia zaitez azken egun edo orduez gozatzen.
Erditze instrumentalizatuan haurra ateratzeko tresnak erabiltzen dira, eta kasu batzuetan, tresna horiez gain, episotomia ere egiten zaio amari.
Instrumentalizazio tasak baxuagoak dira amak mugimendu askatasuna duen erditzeetan.
Zein dira instrumentalizazio motak?
– Forzepsa: 2 pala artikulatu ditu (guraize itxurakoak) eta amaren baginan sartzen da haurraren burua heldu eta mugituarazi edo biratzeko.
Haurra zein amari zauri handiak eragiten dizkio.
– Bentosa: haurraren buruari erantsi eta bertatik tiraka ateratzen da haurra.
Haurrari ubelduak edo haztura handiak sortzen dizkio eta buruaren malformazioa eragin dezake. Amari episotomia luzatzea sor diezaioke.
– Espatula: Forzepsaren antzekoa baina goilara formakoa da. Ez dira 2 pala artikulatu izaten, independienteak baizik. Amaren muskulatura eta haurra apur bat banatu eta haurra ateratzeko erabiltzen da.
Erditze instrumentalizatua izan baduzu, uroginekologian aditua den fisioterapeuta batekin hitzordua eskatu eta errekuperazio egokia izatea gomendagarria da.
Erditze intrumentalizatuen arriskuak:
- Bagina, umetokiaren lepoa edo umetokian urradura eta lesioak.
- Urradura muskularrak edo uzki-esfinterrekoak.
- Sexu organuetan lesioak.
- Episotomiaren luzatzeak.
- Inguruko organuetan lesioak.
- Ubelduak edo koxix-hausteak.
- Perineoko min kronikoa.
Eta haurrarentzat:
- Markak, ubelduak, azal urradurak, zauri txikiak.
- Zauri handiak, zefalo-ubelduak, kraneo barneko hemorragiak, kraneoa haustea, aurpegiko paralisia. Mina bizitzako lehen egun eta asteetan.
Episotomia irekiera baginala zabaltzeko egiten den ebakidura kirurgikoa da. Bagina eta uzkiaren artean egiten da guraize moduko batzuen laguntzaz eta haurra irteteko bidea errazteko helburua du. Ebakidura zuzen uzkirantz edo albo baterantz egin daiteke. Bigarren modu honek, arrisku gutxiago dakartza baina sendatzeko zailtasun handiagoak ematen ditu.
Haurra jaio ostean, episotomia josi egiten da.
Zeintzuk dira episotomiaren arriskuak?
– Odol galera handiak izatea.
– Infekzioak.
– Sendatzeko prozesuan arazoak sortzea.
Zeintzuk dira episotomiaren ondorioak?
– Hantura. Episotomiaren inguruak hazita egunak eman ditzake.
– Mina. Eguneroko ekintzetan mina: eseritzea, txiza egitea, bularra ematea, haurra hartzea, ibiltzea….
– Inkontinentzia. Txiza zein kakarena.
– Sexu harremanetan mina izatea.
Gaur egun, episotomia oso erabilia da ospitaletako erditzeetan (%80ko episotomia tasak dituzten ospitaleak daudelarik), baina ikerketek erakutsi dute episotomia ez dela beharrezkoa kasurik gehienetan.
Episotomia izateko arriskua asko gutxitzen da amak jarrera bertikalean erditzeko aukera badu.
Azken ikerketek erakutsi dute, episotomia baina arrisku gutxiago dituela urradura naturalak. Zauria ez da horren sakona izaten eta errazago sendatzen baita.
Episotomia egin aurretik, osasun langileak emakumearen baimena eskatu behar du.
Episotomia izan baduzu, uroginekologian aditua den fisioterapeuta batekin hitzordua eskatu eta errekuperazio egokia izatea gomendagarria da.
Zesarea ebakuntza kirurgiko handitzat sailkatua dago. Amaren sabelaren geruza desberdinak moztuz eta hauek zabalduz, haurra bertatik ateratzeko egiten da erditze normala arriskutsua edo ezinezkoa den kasuetan. Zesareak ondorio garrantzitsuak sortzen ditu amaren zein haurraren osasunarentzat. Garrantzitsua da ebakuntza honen onuren eta arriskuen berri izatea.
NOLA BURUTZEN DA ZESAREA?
Zesarea ebakuntza kirurgiko handia izanik, anestesiarekin burutzen da: gorputz osoko anestesia (larritasun handiko kasuetan soilik erabili behar da anestesia honek haurrari gehiago eragiten baitio) edo epiduralaren edo anestesia rakideoa bidez egiten da kasuaren arabera. Bi motako epiduralak erabili ohi dira zesarea kasuetan: dilatazio fasean jarri den epidurala edo errakideoko anestesia (zesarearen aurreko unean bertan jartzen da epidurala jartzen den toki berean baina dosi bakarra ematen da eta ez tuturik bizkarrean jarrita uzten. 2-3 orduz irauten du honen eraginak).
Zesarea burutuko zaion emakumeari besoan zunda jartzen zaio likidoak (seruma) zein sendagaiak odolean sartu eta bere osasun egoera ahalik eta egonkorren mantentzeko. Pubisaren goikaldeko ilea moztu eta sabela garbitu eta desinfektatzen zaio. Maskurian zunda jartzen zaio hau hutsik mantendu ahal izateko.
Ebakidura sabelaren beheko aldean egin ohi da, pubisaren goiko muga inguruan eta normalean horizontala izaten da (Pfannenstiel ebakidura). Larritasun handiko kasuetan edo egoera oso konkretuetan, ebakidura bertikala egin daiteke: zilborretik pubisera.
Lehen ebakiduraren ostean, gantza baztertu eta aponeurosia (muskuluak heltzen dituen geruza sendoa) horizontalki mozten da. Ondoren, muskulu abdominalak baztertzen dira eta peritoneoa (sabeleko organuak biltzen dituen boltsa fina) behatzekin urratzen da (duela gutxi arte moztu egiten zen, baina berriro osatzeko okerragoa dela ikusi zen). Horrela umetokira iristeko aukera izaten da. Umetokia ere ebakidura transbertsal baten bidez zabaltzen da umetokiaren eta umetokiaren lepoaren arteko segmentutik. Segmentu hau, uzkurdurak izan badira osatzen da soilik. Uzkurduren bidez zabaltzen den gune fina izaten da eta errekuperazio hobea izatea eragiten du.
Uzkurdurarik izan gabe egiten diren zesareatan (zesarea programatuan kasu), histerotomia egiten da, umetokia ebakiz, ez baita segmentua deitzen den gunea egongo.
Ondoren, haurra ateratzen da, zilborhestea moztu eta plazenta eskuz ateratzen da. Geroz eta gehiago dira zilborhestea taupadak izateari utzi aurretik mozten ez duten ospitaleak edo plazenta ateratzeko, bere kabuz askatu arte itxaroten dutenak. Plazenta atera ostean, umetokia bere kabuz, 40 egunen buruan, birxurgatzen den hariarekin josten da.
Peritoneoa gaur egun ez da josten kasu askotan, bere kabuz berriro osa dadin uzten da. Aponeurosia josi egiten da muskuluak bere tokian kokatu ostean. Gantza zenbaitetan ez da josten emaitza estetiko hobeak uzten dituelako. Azaleko ebakidura josi edo grapaz itxita uzten da. Azken ikerketen arabera, josteak, konplikazio gutxiago eta errekuperazio hobea dakar.
Haurra eta ama ondo badaude, ez dago arrazoi justifikaturik banatuak izateko. Haurra amaren bularrean jar daiteke eta amaren sabela josten duten bitartean bertan egon. Bestela, bikoteak edo laguntzaileak amaren ondoan heldu dezake.
Geroz eta gehiago dira “zesarea errespetatua” eskaintzen duten ospitaleak. Zesarea hauetan, ama nahi duen pertsonak lagundurik egoten da (pertsona honek ez du ebakuntza ikusiko, amaren buruaren alboan egongo da ama lasaitzen, eta haurraren jaiotza bizitzen). Amak haurra heldu ezin badu, pertsona honek izango du amarengandik gertu edo azala-azalarekin.
Ebakuntza osoak 40-60 minutuko iraupena du ez bada arazorik sortu. Ama zein haurra ondo dauden kasuetan, elkarrengandik urruntzea ez da justifikatua.
Anestesiaren efektua 2 ordu inguru gehiagora arte luzatzen da zenbaitetan, eta ondoren analgesikoak jasotzen dira. Ebakuntzatik 12 ordu ingurura, zunda eta zainbarnekoak kentzea gomendatzen da. Hasieran (ebakuntzatik 4 ordura has daiteke) dieta likidoa izango du amak.
Zesarea ebakuntza handia da eta ez da inoiz egin behar bere arriskuak azaldu eta baimen informatua sinatu gabe.
Zesarearen inguruko guztia “¿Nacer por cesárea? (Ibone Olza, Enrique Lebrero)” liburuan topatuko duzu. Guztiz gomendagarria haurdunaldian irakurri eta zesarea ekiditeko, edo zesarea ostean, zauri emozionala sendatzen laguntzeko.
Zure haurra zesareaz jaio behar dela esan badizute, edo zesareaz jaio bada, El Parto Es Nuestro elkarteak duen Apoyocesareas posta zerrendan laguntza, informazioa eta babesa topatuko dituzu (gazteleraz).
Honakoak dira zesarea benetan beharrezkoak diren kasuak:
Arazo larriak, zesarea guztiz beharrezko direnak (haurdunaldien %5ean ematen dira):
– Zilborhesteko prolapsoa: haurraren burua baino lehen, zilborhestea sartzen da erditze kanalean eta buruaren presioak zilborhestetik odola ondo ez igarotzea eta haurrak oxigenorik ez jasotzea eragin dezake. Kasu honetan larrialdiko zesarea egin behar da, eta dena prest egon bitartean, amak lau hanketan egon behar du.
– Plazenta erortzea: erditze aktiboa hasi aurretik, edo haurra jaio aurretik plazenta askatzean gertatzen da. Oso ondorio larriak ditu eta berehalako zesarea behar da, haurra oxigenorik gabe geratzen baita eta amak, odol galera handiak izateko arriskua baitu. Amak sabeleko min handia sentitzen du.
– aurreko Plazenta edo prebioa: haurdunaldi amaieran diagnostikatzen da. Haurdunaldi hasieran sarri plazenta behean egoten da, baina haurdunaldian zehar bere tokia hartzen du. Soilik haurdunaldi amaieran dagoenean da zesarea programaturako arrazoia.
– Haurra gaizki kokaturik egotea. Erditze aktiboa hasi eta haurrak aurpegiz edo transbertsalki jarraitzen badu, zesarea egin behar da. Haurra gaizki kokaturik egotea ez da nahikoa arrazoi zesarea programatzeko, erditzea hasi eta bira daitekelako. Zutik edo ipurdiz dauden haurren kasuetan, zesarea ez da derrigorrezkoa, badira erditze hauek artatzen dituzten ospitaleak.
– Amaren gaixotasun garrantzitsuak. Amak erditzeko esfortzua egitea desegokia den kasuetan zesarea beharrezkoa da. Kasuan kasu, lehen uzkurdurak izan ditzan eta haurra jaiotzeko presta dadin itxaron daiteke edo zesarea aurrez programamtu beharko da.
Kasuan kasu aztertu beharreko kasuak:
– Amaren aldaka arazoak. Errakitismoa edo bestelako malformazioren bat duten amen kasuak. “Haurra handia datorrela” aitzakia izaten da askotan zesarea aurrez programatu edo aurreratzeko. Ez da zesarea programatzeko arrazoi nahikoa, hobe da erditzea bat-batean has dadin eta eboluzioaren arabera erabakitzea. Kontuan hartu behar da, ama adibidez makutxetan dagoenean, bere aldaken irekidura %30 zabaltzen da. Etzanda eta hankak gorantz jarrita, irekidura hori gutxiagoko da eta gainera, grabitateak ez du haurra beherantz joaten laguntzen.
– Haurra gaizki kokatzea. Haurra egokiro ez kokatzea edo aurrerantz begira atzerantz begira egoteak, zesarea beharrezkoa izatea ekar dezake. Hau ekiditeko, haurdunaldi erditik aurrera pilateseko pilotan eserita egotea, katuaren posturan egunero tartetxo batez egotea eta egunero ibili, dantza egin edo igeri egitea gomendatzen da.
-Haurra ipurdiz egotea. Berez, ez da zesarearako nahikoa arrazoia. Profesionalek prestakuntza eza izatea izaten da zesarearako aitzakia. Haurdunaldiko 30.astetik aurrera haurra ipurdiz balego, masajeak (“version cefálica externa”, Bilboko Gurutzetako Ospitalean egiten da adibidez), akupuntura eta gimnasia ariketak gomendatzen dira (katuaren postura adibidez).
– Tumoreak. Amak umetokian edo inguruan tumorerik badu, kasuaren arabera aztertu beharko da.
– Dilatazioa geratzea. Zenbait kasutan dilatazioa geratu egiten da. Gehienetan oxitozina sintetiko gehiegi erabiltzeak sortzen du, beldurrak, bakardadeak edo intimitaterik ez izateak. Kasu hauetan, emakumea tarte batez bakarrik utziz gero, dilatazioa martxan jarri ohi da (normalean komunean bakarrik egon ondoren).
– Haurraren ongizatea gutxitzea. Monitorizazioan haurra deseroso dagoela edo uzkurduren ostean errekuperatzeko gaitasun gutxiago duela ikusten da. Hori detektatzen bada, pH proba egiten zaio (amaren baginatik sarturiko orratzak haurraren buruko pH-a neurtzen du balore normalak dituen aztertzeko). Erditze luzeak, haurra desegoki kokatzeak, oxitozina sintetikoak eragindako gehiegizko uzkurdurak, intimitaterik eza, beldurrak… izaten dira eragile nagusiak.
– Aurrez zesarea izatea. Aurrez zesarea bat izateak ez du hurrengoak zesarea izatea derrigortzen. Lehenengo zesarearen arrazoiak eta haurdunaldi horren berezko ezaugarriak aztertu behar dira. Hobea da zesarea ostean, erditze baginala izatea, bigarren zesarea bat baino. Badira 3 zesarea izan ostean ere, erditze baginala etxean izan duten emakumeak.
– Bikiak izatea: kasuan kasu aztertu behar da. Bikiak izateak ez du zesarea izatera derrigortzen. Hobe da erditze baginala izatea. Bikiak goiztiarragoak izan ohi dira eta zesareak dituen ondorioak gehitzeak eragin oso negatiboa izan dezake.
Zesarea ebakuntza handia da eta soilik beharrezkoak diren kasuetan egin behar da.
Zesarea ebakuntza handia da eta hortaz, soilik benetan beharrezkoa denean egin behar da.
Hauek dira zesareak AMARENTZAT dituen arriskuak:
– Ama hiltzeko arriskua erditze baginalean baino 4-6 aldiz altuagoa da. Hortaz, ez da zesarearik egin behar benetan beharrezkoa ez bada.
Zesarean hiltzeko arrazoia zesarearen beraren konplikazioren bat edo anestesiarekin arazoren bat egotea izan ohi da. Larrienak, odol galera handiak izatea (batzuetan umetokia kentzea beharrezkoa delarik odol galera beste eraren batean geratzerik ez dagoelako). Tronbosi edo enboliak (odol koaguluak sortu eta beste organuetara joateak sorturiko arazoak). Ez dira ohiko arazoak, baina heriotza arriskua sortzen dute.
– Anemia arriskua. Odol galerak erditzean baina handiagoak izan ohi dira eta horrek anemia sor dezake. Odol-transfusioak behar izatea eragiten du edo hilabeteetan zehar ahultasunarekin bizi behar izatea.
– Infekzioetarako arriskua. Umetokia, maskuria edo ebakuntzak eragindako zauri inguruan infekzioak sor daitezke.
– Peritoniti arriskua areagotzen da, istripuz maskuria edo hesteak moztu daitezke ebakuntzan (umetokiaren alboan dauden organuak dira eta).
– Ileo paralitikoa edo hesteak gelditzea. Ebakuntzaren ostean hesteen mugimendua geratu edo ez ohikoa izatea gerta daiteke. Guztiz geratzen bada, arazo larria sortzen da. Mugimendua aldatzen bada, bizi guztirako beherako edo idorreria garaiak sor daitezke.
– Atxikidurak sortzea. Organu desberdinen artean, zuntzak sortu eta euren egoera normala alda dezakete. Sarri atxikidurak ez dira nabaritzen eta ez dute ondorio garrantzitsurik sortzen. Hala ere, asko dira, ebakuntzatik hilabete batzuetara, edo zenbait urtera, sabelaldea puzturik, idorreria, beherakoa eta halako sintomak egunero izaten dituztenak. Zenbaitetan, zesareatik hainbat urtera, atxikidurek hesteak guztiz oztopatzea gerta daiteke.
– Ugalkortasun arazoak. Atxikidurak falopioren tronpetan edo umetokiaren toki zehatzen batean ematen badira beste haurdunaldi bat lortzea zail daiteke, edo ezinezko bihurtu. Haurdunaldia lortuta ere, bat-bateko abortua izateko aukera asko igotzen da. Plazentaren arazoak ere izateko arriskua asko areagotzen da.
– Haurra galtzea. Aurrez zesarea izan duten emakumeek, haurdunaldiaren azken fasean haurra galtzeko aukera bikoitza dute.
– Hileroko mingarri eta galera handikoak. Zesarea ostean, nahiko maiz gertatzen da hilerokoak mina sortzea eta odol kopuru handia galtzea (horrek aldi berean, anemia sortzen duelarik).
– Anestesiak efektu nahikorik ez egitea. Zenbait kasutan anestesiak nahiko efekturik izan ez eta ebakuntza sentitzeko arriskua dago. Horrelako kasuetan, Trauma Osteko Estresa eta beste zenbait trauma sortzen dira.
– Errakideoko anestesia erabiltzen den kasuetan buruko min handia izateko arriskua dago.
– Anestesiari alergia edo shocka sortzea oso larria da (oso gutxitan ematen da).
– Ondorio emozional eta psikologiko handiak ditu zesareak. Erditzeosteko depresioa eta Trauma Osteko Estresa oso ohikoak dira. Ikus hemen gehiago..
Hauek dira HAURRARENTZAT zesareak dituen arriskuak:
Erditze kanaletik pasatzeak haurrak egoera optimoan munduratzeko beharrezkoak dituen zenbait prozesu mesedegarri ditu: birikak likidoz hustuarazten ditu, garuna eta hesteak kanpoko mundurako prestatzen ditu… Zesareaz jaiotzen diren haurrek, ez dute hau guztia jasotzeko aukerarik, horregatik, zesarea, beharrezko den kasuetan soilik egin behar da.
– Arnas arazoak: birikek hustutzea eta mundurako prestatzea jaso ez duten haurrek, arnasa azkarregi eta superfizialki hartzeko arrisku handiagoa dute. Horrek oxigeno beharra eragingo die eta hortaz, zaintza berezietako eremuan egon beharko du. Arazo hau ohikoagoa da zesarea programatuko kasuetan, haurrek uzkurduren bidez mundurako prestatzea izan ez dutelako.
– Goizegi jaiotzeko arriskua. Erditzea 37-42 asteen artean ematen da normalean, haur bakoitzaren arabera 38. astean jaiotzea egokia izan daiteke, baina beste zenbait 42.astera arte ez dira prest egongo. Hortaz, goiztiarra izateak sortzen dituen arazoak izan ditzake: organuak ez prest egotea, arnasa hartu edo jateko gaitasunik eza, pisu gutxiegi.. .Arazo hau ohikoagoa da zesarea programatuko kasuetan, haurrek ez dutelako jaiotzeko unea hautatzen, ez dira prest daudenean jaiotzen.
– Haurrak ebakia izateko arriskua. Uste dena baina ohikoagoa da, zesareaz jaiotako haurrak ebakiren batekin jaiotzea. Zesarea kasuen %2an ematen da.
– Alergiak eta asma izateko arrisku handiago dute zesareaz jaiotako haurrek. Erditze kanaletik jaio ez, eta lehen mikrobioak amarenak ez izatea dira arrazoi nagusiak.
– Garapen arazoak. Haurraren garuna jaiotzeko prest ez egoteak ikasteko gaitasun gutxiago edo motelagoa izatea sortzen du. Hau ohikoagoa da zesarea programatu kasuetan.
Hortaz, zesarea, benetan beharrezkoa den kasuetan SOILIK egitea gomendatzen da. Zesarea izateko arriskua asko areagotzen da erditzearen fisiologia naturala eta emakumea errespetatzen ez badira. Mugimendu askatasuna, intimitatea bermatu eta oxitozina sintetikoa, boltsa haustea… bezalako praktikak ekiditeak zesarea tasa gutxituko du.
Zesarea izan ondoren, ebidentzia zientifikoak dio, hobe dela beti, erditze baginala saiatzea, haurra zein amarentzat hobea delako.
Zesarea izan duten emakume askok, beldurrak, minak, zalantzak… izaten dituzte. Horiei erantzun eta babes sare bat osatzen du El Parto Es Nuestro elkartearen Apoyocesareas zerrenda irekiak. Edonork eman dezake izena eta bertan parte hartu.
Hau, zesarea osteko erditze baginalaren inguruko bideo zoragarria da. (gazteleraz)
Ingelesezko artikulu honetako zenbait datu garrantzitsu Zesarea Osteko Erditze Baginalaren inguruan:
-Zesarea osteko erditze baginalaren lortze tasa: 72-76% (RCOG, 2007).
-Umetokia hausteko arriskua: 0.2% (Fitzpatrick et al. 2012).
– Aurrez zesarea bat, bi edo gehiago izan, umetokia hausteko arriskua ez da asko aldatzen (RCOG,20007).
– Umetokiaren hausturak eragindako amaren heriotza arriskua: 1 baino baxuagoa da 100.000 emakumeren artean (RCOG, 2007).
-Umetokiaren haustura haurraren heriotzen 5% -aren arrazoia da (Guise et al 2004).
– Haur 1-en heriotza ekiditeko 7142 zesarea elektibo egin behar dira -hau da, benetako arrazoi justifikaturik gabeko 7142 zesarea- (Guise et al 2004).
Hortaz, zesarea izan baduzu, ez ahaztu hurrengo haurrak erditzeko gai zarela kasurik gehienetan, eta erditze normalak arrisku baxuagoak eta albo ondorio baxuagoak dituela, bai ama zein haurrarentzat.
.
Kristeller maniobra erditzean egiten den maniobra da. Amaren sabela indar handiz estutzen da uzkurdura batean zehar haurrari ateratzen lagundu asmoz. Maniobra hau zenbait herrialdeetan debekatua dago, beste askotan ez egitea gomendatzen da.
Haurra zein amarentzat arriskua duen maniobra da:
– Haurraren klabikula haustea, buruko ubelduak, esternokleidomastoideoaren urradura…
• Besoak, sorbaldak edo eskuak haustea edo mugikortasun arazoak sortzea haurrarengan.
• Saihetsak haustea.
• Hipoxia
• Barne organuen lesioak
• Hematomak
• Garunean presioa handitzea
• Amak hemorragiak eta urradurak izatea.
• Umetokiko haustura.
• 3. eta 4. mailako perineo edo baginako urradurak.
• Prolapso urogenitala
• Plazenta goizegi egoztea
• Saihetsak haustea
El Parto Es Nuestro elkartea hau jasan duten emakumeen historioak biltzen ari da datu errealak jasotzeko. Hemen konta dezakezu.
Cochrane Summaries-ek aurrez B motako estreptokokoaren inguruan esan zuenaren inguruko iritzia aldatu du.
Ez dago erditzean antibiotikoa amari ezartzeak onurarik dakarrenik adierazten duen arrazoi frogaturik. Hortaz, antibiotikoa sistematikoki estreptokoko positiboa duten emakume guztie ez ematea gomendatzen da, sortzen dituen albo-ondorioengatik; soilik, beste sintomaren bat edo arrisku gehitua duten emakumeentzat gomendatzen da.
Hemen informazio gehiago (ingelesez).
Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du inolaz ere ordezkatzen zure osasun profesionalak zure kasuari dagokionean adierazitakoa.
[2023ko ekainean eguneratua]