Erditze plana

Erditze plana, erditzeko egunean, ospitalean edo etxean artatzen zaituzten pertsonek zutaz jakitea nahi duzuna betetzen duen legezko balioa duen idatzia da.

Haurdunaldiko liburuxkan eta zure historia klinikoan, haurdunaldian zein aurretik zure bizitzan izandako osasun egoeren informazioa biltzen da, erditzeko unean oso garrantzitsuak izan daitezken datuak bilduz. Baina erditzean zuretzat garrantzitsuak izan daitezken beste zenbait alderdi ez dira biltzen bertan.

Erditze plana horretarako da, zuretzat garrantzitsuak diren gauzak jakin ditzaten, edo nolako erditzea nahi duzun edo nolako tratua jaso nahi duzun… adierazteko.

Zer nahi duzun eta zer ez era argian adierazi behar da, eta zuretzat garrantzitsuak diren gauza guztiak jartzea komeni da, nahiz eta txikikeriak direla iruditu.

Erditze planean idatzi duzunaz, erditzeko uneren batean iritziz aldatu baduzu, edozein unetan adieraz dezakezu. Adibidez: “epiduralik ez nuela nahi adierazi nuen eta orain nahi dut”. Ahoz esatea nahikoa da, eta jasoko den tratamenduaren arabera, tratamendu horri dagokion baimen informatua sinatu beharko duzu.

Erditze plana, erditzeko hautatu duzun tokian aurkeztu behar da erditzeko data probablea baina aste batzuk lehenago, eta posible bada, bertako emaginen buru edo ginekologoren batekin zeure erditze planaz hitz egitea komeni da. Erditzera zoazen egunean ere, erditze planaren kopia eramatea gomendatzen da, artatuko zaituen emaginari zuzenean emateko. Zure historia kliniko digitalean txertatzea eska dezakezu paziente eta erabiltzaileen informaziorako guneetan edo zure emagin edo sendagilearen kontsultan.

Espainiar Estatuan, erditze planaren legezko baliozkotasuna baimen informatu batenaren bera da (tratamendu bat onartu edo ukatzeko eskubidea honako legeek aitortzen dute: Konstituzioa, Osasungintzaren Lege Orokorra, Osasungintza Publikoaren Legea, Pazientearen autonomiaren Legea eta Eskubide eta Betebeharrak Informazioa eta Dokumentazio Klinikoaren arloan. -Iturria: El Parto El Nuestro).

Emakumea da bere gorputza eta osasunaren inguruko erabakiak hartzearen arduradun bakarra eta ez dago ezer, ezta osasun zentruetako barne funtzionamendurako protokoloak ere, lege horien gainetik. Hau da, emakumeak edozein unetan esan dezake EZETZ. Eta edozein unetan eska dezake, dagoen tokiko medioek ahalbidetzen duten tratamendua. Osasungintzako profesionalen betebeharra da, tratamendu desberdinen inguruko informazio OSOA ematea, ulertu dela ziurtatzea eta erabakiak emakumearengan uztea.

Tratamendu bati ezetz esateak, ez du inolaz ere, alta behartua hartzera derrigortuko emakumea.

Erditze normala artatzeko praktika klinikoko gida hemen irakur dezakezu, ebidentzia zientifikoak, erditze normal batean izatea gomendatzen dituen jarraibideak ezagutzeko. Eta hemen 2018.urtean Osasunaren Mundu Erakundeak erditzearen inguruan emandako gomendioak.

Erditze plan bat ez da profesional edo ospitalearen aurkako eraso bat inolaz ere. Erditzearen inguruan dituzun desirak adierazten ditu, erditzeko unean, kezka erantsirik izan ez dezazun.

[2018ko maiatzean eguneratua]

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

× Zalantzarik?