Zesarea ebakuntza kirurgiko handitzat sailkatua dago. Amaren sabelaren geruza desberdinak moztuz eta hauek zabalduz, haurra bertatik ateratzeko egiten da erditze normala arriskutsua edo ezinezkoa den kasuetan. Zesareak ondorio garrantzitsuak sortzen ditu amaren zein haurraren osasunarentzat. Garrantzitsua da ebakuntza honen onuren eta arriskuen berri izatea.
NOLA BURUTZEN DA ZESAREA?
Zesarea ebakuntza kirurgiko handia izanik, anestesiarekin burutzen da: gorputz osoko anestesia (larritasun handiko kasuetan soilik erabili behar da anestesia honek haurrari gehiago eragiten baitio) edo epiduralaren edo anestesia rakideoa bidez egiten da kasuaren arabera. Bi motako epiduralak erabili ohi dira zesarea kasuetan: dilatazio fasean jarri den epidurala edo errakideoko anestesia (zesarearen aurreko unean bertan jartzen da epidurala jartzen den toki berean baina dosi bakarra ematen da eta ez tuturik bizkarrean jarrita uzten. 2-3 orduz irauten du honen eraginak).
Zesarea burutuko zaion emakumeari besoan zunda jartzen zaio likidoak (seruma) zein sendagaiak odolean sartu eta bere osasun egoera ahalik eta egonkorren mantentzeko. Pubisaren goikaldeko ilea moztu eta sabela garbitu eta desinfektatzen zaio. Maskurian zunda jartzen zaio hau hutsik mantendu ahal izateko.
Ebakidura sabelaren beheko aldean egin ohi da, pubisaren goiko muga inguruan eta normalean horizontala izaten da (Pfannenstiel ebakidura). Larritasun handiko kasuetan edo egoera oso konkretuetan, ebakidura bertikala egin daiteke: zilborretik pubisera.
Lehen ebakiduraren ostean, gantza baztertu eta aponeurosia (muskuluak heltzen dituen geruza sendoa) horizontalki mozten da. Ondoren, muskulu abdominalak baztertzen dira eta peritoneoa (sabeleko organuak biltzen dituen boltsa fina) behatzekin urratzen da (duela gutxi arte moztu egiten zen, baina berriro osatzeko okerragoa dela ikusi zen). Horrela umetokira iristeko aukera izaten da. Umetokia ere ebakidura transbertsal baten bidez zabaltzen da umetokiaren eta umetokiaren lepoaren arteko segmentutik. Segmentu hau, uzkurdurak izan badira osatzen da soilik. Uzkurduren bidez zabaltzen den gune fina izaten da eta errekuperazio hobea izatea eragiten du.
Uzkurdurarik izan gabe egiten diren zesareatan (zesarea programatuan kasu), histerotomia egiten da, umetokia ebakiz, ez baita segmentua deitzen den gunea egongo.
Ondoren, haurra ateratzen da, zilborhestea moztu eta plazenta eskuz ateratzen da. Geroz eta gehiago dira zilborhestea taupadak izateari utzi aurretik mozten ez duten ospitaleak edo plazenta ateratzeko, bere kabuz askatu arte itxaroten dutenak. Plazenta atera ostean, umetokia bere kabuz, 40 egunen buruan, birxurgatzen den hariarekin josten da.
Peritoneoa gaur egun ez da josten kasu askotan, bere kabuz berriro osa dadin uzten da. Aponeurosia josi egiten da muskuluak bere tokian kokatu ostean. Gantza zenbaitetan ez da josten emaitza estetiko hobeak uzten dituelako. Azaleko ebakidura josi edo grapaz itxita uzten da. Azken ikerketen arabera, josteak, konplikazio gutxiago eta errekuperazio hobea dakar.
Haurra eta ama ondo badaude, ez dago arrazoi justifikaturik banatuak izateko. Haurra amaren bularrean jar daiteke eta amaren sabela josten duten bitartean bertan egon. Bestela, bikoteak edo laguntzaileak amaren ondoan heldu dezake.
Geroz eta gehiago dira “zesarea errespetatua” eskaintzen duten ospitaleak. Zesarea hauetan, ama nahi duen pertsonak lagundurik egoten da (pertsona honek ez du ebakuntza ikusiko, amaren buruaren alboan egongo da ama lasaitzen, eta haurraren jaiotza bizitzen). Amak haurra heldu ezin badu, pertsona honek izango du amarengandik gertu edo azala-azalarekin.
Ebakuntza osoak 40-60 minutuko iraupena du ez bada arazorik sortu. Ama zein haurra ondo dauden kasuetan, elkarrengandik urruntzea ez da justifikatua.
Anestesiaren efektua 2 ordu inguru gehiagora arte luzatzen da zenbaitetan, eta ondoren analgesikoak jasotzen dira. Ebakuntzatik 12 ordu ingurura, zunda eta zainbarnekoak kentzea gomendatzen da. Hasieran (ebakuntzatik 4 ordura has daiteke) dieta likidoa izango du amak.
Zesarea ebakuntza handia da eta ez da inoiz egin behar bere arriskuak azaldu eta baimen informatua sinatu gabe.
Zesarearen inguruko guztia “¿Nacer por cesárea? (Ibone Olza, Enrique Lebrero)” liburuan topatuko duzu. Guztiz gomendagarria haurdunaldian irakurri eta zesarea ekiditeko, edo zesarea ostean, zauri emozionala sendatzen laguntzeko.
Zure haurra zesareaz jaio behar dela esan badizute, edo zesareaz jaio bada, El Parto Es Nuestro elkarteak duen Apoyocesareas posta zerrendan laguntza, informazioa eta babesa topatuko dituzu (gazteleraz).
[2018ko maiatzean eguneratua]
Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.