Haurdunaldian zehar jakingarri izango zaizun informazioa topatuko duzu hemen.
Haurdunaldia prozesu fisiologiko naturala, gaur egun, ernalkuntza lagundurako teknika desberdinen bidez ere eman daitekena da eta ernalduriko obulua inplantatzen denetik erditze arteko denborari deitzen zaio. Haurdunaldiaren helburua haurra ondo osatu eta jaio dadin da, eta horretarako, hasiera-hasieratik amaren gorputzean aldaketak ematen dira.
Haurdunaldi normalak, emakumearen azken hilerokoaren lehen egunetik 37-42 aste arteko iraupena izaten du. 37 aste bete aurretik edo 42 bete ondoren ere haurrak jaiotzen dira, baina horiek goiztiar edo berantiarrak direla esaten da.
Haurdunaldia, hiru zatitan banatzen da: 14 astera arteko denborari lehen hiruhilekoa deritzo, 14-28 asteen artekoari bigarren hiruhilekoa eta 28tik haurra jaio bitartekoari hirugarren hiruhilekoa.
Bataz beste, haurdunaldian zehar, emakumeak 12 kilo inguru hartuko dituela esaten bada ere, gaur egun, ez dago kilo kopuru “egokia” zein den zehazteko ebidentzia nahikorik, emakume batzuk 12 baina gutxiago eta beste zenbaitek gehiago hartzen dituzte haurdunaldi osasuntsuetan. Emakumearen ia organu guztien funtzionamenduan eragiten du (nerbio-sisteman, liseriketan, hezurretan, arnasketan, zirkulazioan, sistema hormonalean eta garunean besteak beste).
Prozesu konplexua da eta emakumearentzat berezia izaten da eta fisikoki, psikologikoki eta emozionalki eragiten dio.
Zenbait kulturetan, haurdun dagoen emakumea sakratu edo jainkosatzat hartzen da, bizi berri bat sortzen ari delako, eta erabateko babesa ematen zaio.
Haurdunaldia sarri garai emozionalki desegonkortzat hartzen da. Egia da, haurdunaldiak dakartzan aldaketa fisiko zein hormonalen eraginez aldaketa emozional zenbait gertatzen dela.
Lehen hiruhilekoa izaten da emozionalki eragin handien izaten duena. Haurdun egotearen poza edo tristurari (ez dugu ahaztu behar haurdunaldi guztiak ez direla nahi zelako ematen), progesterona eta estrogenoek sentikortasun handiagoa sortzen dute.
Lehen hiruhilekoan gainera, haurdunaldiaren inguruko beldurrak ere sortzen dira. Ondo joango ote den, neska ala mutila den, bat edo gehiago diren… pentsatzeak haurdun dagoen emakumeari estresa eta antsietatea sor diezaioke.
Horri guztiari, sintoma deserosoak gehitzen bazaizkio, haurdun dagoen emakumeak hiruhileko zaila izan dezake.
Bigarren hiruhilekoan haurdunaldiaren prozesu fisiologikoa egonkortu egiten da eta normalean, haurdun dagoen emakumea hobeto sentitzen da. Gainera, inflexio-puntutzat hartu ohi den momentua ere bizitzen da: haurraren lehen mugimenduak sentitzen direnean, haurdun dagoen emakumeak haurra benetan hor dagoela eta izaki biziduna denaren kontzientzia hartzen du.
Azken hiruhilekoan, berriro nolabaiteko desegonkortasuna gerta liteke. Batetik, haurdun egotearen poza, haurraren mugimenduak sentitzeak ematen duen indarra… sentitzen dira, baina bestetik, sarri, beldurra eta antsietatea ere agertzen dira.
Lasaitasuna eta antsitatea kontrolpean izatea garrantzitsua da, eta horregatik, haurdun dagoen emakumeari bere kezkak, beldurrak edo antsietatea kentzen laguntzen saiatzea gomendatzen da. Horretarako, erlaxazio teknikak, sexua, musika, ibiltzea, gogoko diren gauzak egitea, psikologoa… edo doula edo konfidantzazko emagin batekin hitz egitea gomendatzen da.
Asko dira euren buruari galdera hau egiten dioten emakumeak. Babesik gabeko harremanak izan eta hilerokoa izateko eguna iritsi bitarteko egunak, sarri, zalantzaz beterik igarotzen dira.
Badira, haurdun egon arren, hilerokoaren bisita ez izatea bestelako sintomarik lehen asteetan ez duten emakumeak; eta badira, baita ere, lehen egunetik haurdun daudela sentitzen dutenak ere.
Honakoak dira haurdun geratzean izan daitezken sintoma edo aldaketatxo batzuk:
- Bularretan aldaketak edo traba edo min arina.
- Nekea, logurea eta energia falta zaizula sentitzea.
- Fluxu baginalean aldaketak.
- Aldaketa emozionalak: sentikorrago egotea, erraz umorez aldatzea…
- Ondoeza.
- Goragalea.
- Goserik eza, gose handia.
- Usaimen areagotua.
- Odol galera arinak. —> obuluaren inplantazioan odol galera oso arinak izan daitezke. Obulazio datatik 8-10 egunera gertatzen da eta hilerokoarekin nahas daiteke. Dena den, hilerokoan baina odol kopuru gutxiago izaten da eta kolore ilunagoa izaten du. 2-3 egun inguruz iraun dezake.
Eta noski, haurdunaldiaren sintomarik agerikoena hilerokorik eza edo amenorrea da. Hilerokoa izan behar genuken unean odol galerarik ez izatea (edo desberdina izatea -inplantazio galerak-).
Hilerokoa etortzen ez zaizula ikusten baduzu, etorri behar lukeen hurrengo egunetik aurrera haurdunaldi proba egin dezakezu.
Haurdunaldian ager daitezkeen bestelako sintoma deseroso batzuk:
Haurdunaldian zehar, emakumearen gorputza erabat aldatzen da, eta ia gorputz sistema guztiei eragiten dio. Honakoak dira haurdunaldian zehar ager daitezken sintoma deseroso ohikoenak:
– Goragalea edo/eta oka egitea lehen hiruhilekoan.
– Idorreria.
– Hilerokoaren antzeko minak. Umetokia hazteak eragiten ditu, eta denbora laburrez irauten dute. Luzaroan sabelean mina baduzu, hitz egin ginekologo edo emaginarekin.
– Txiza oso maiz egitea.
– Karranpak sentitzea.
– Zorabioak.
– Logura handia. /Insomnioa.
– Gose handia / goserik eza.
– Zelulitia.
– Hanka eta oinak puztuta izatea.
– Bizkarreko mina.
– Beroa eta izerdia.
– Egarri handia.
– Ez-egonkortasun emozionala.
– Urduritasuna, antsietatea.
Sentitzen duzuna ohikoa ez dela uste baduzu, edo kezkaturik bazaude, emagina edo ginekologoarekin hitz egitea komeni da.
Haurdunaldi froga hilerokoa izan beharko litzateken hurrengo egunetik aurrera egin daiteke normalean. Botiketan saltzen diren probak (10-30 euro artean balio dute) gaur egun sentikortasun handikoak direnez, eguneko edozein txizarekin egin badaitezke ere, hobe da goizeko lehen txiza erabiltzea HGC hormona kontzentrazio handiagoan izango baitu.
HGC hormonak, hormona gonadotropinakorionikoak haurdunaldian giza gorputzean maila altuenak izaten ditu eta haurdunaldi probek hormona horren presentzia bilatzen dute.
Haurdunaldi proba positiboa bada, har ezazu hitzordua emaginarekin. Negatiboa bada, eta hilekorik 3-4 egunetan etorri ez bada, beste haurdunaldi proba bat egitea gomendatzen da, zenbaitetan proba goizegi egiteak okerreko emaitza negatiboa eman dezake eta. Bigarren proba hau ere negatiboa balitz, sendagilearengana joatea komeni da hilekorik eza zergatik gertatu den aztertzeko.
Haurdun geratzeko asmorik izan gabe, haurdunaldia iristen denean, erabakiz beteriko bidea hasten da.
Bilatu gabeko haurdunaldia izan denean, haurdunaldia aurrera eraman edo ez izaten da hartu beharreko erabakirik zailena. Gaur egun, haurra izan nahi ez duenak ez luke haurra izatera beharturik izan beharko, ez bikotearengatik, ez familiarengatik eta are gutxiago, legearengatik.
Haurra izan nahi ez duen emakumearen haurdunaldia, orokorrean, haurdunaldi zaila izaten da, haurdun dagoenaren egoera emozionalak zuzenean eragiten baitu bere eta haurtxoaren osasunean. Hortaz, haurra benetan nahi ez bada, eta haurdunaldi horrekiko ez onartzea ematen bada, lehen bait lehen sendagilearenera joatea gomendatzen da.
Haurra bilatu ez arren, haurdunaldiaren berriak hasieran sorpresa sentimendua sortzen badu ere, badira haurdunaldi horrekin poztu eta aurrera egitea erabakitzen dutenak. Kasu hauetan, garrantzitsua da egoera ahalik eta hoberen eta azkarren onartzea eta sortzen diren beldur eta zalantzen konponbidea bilatzea.
Beste zenbaitetan, haurdun dagoen emakumeak haurra izatea erabaki eta horrek bikotea haustea ekar dezake. Kasu hauetan, haurdun dagoen emakumeak lagun eta familikoen babesa izatea oso garrantzitsua bihurtzen da, haurdunaldiaren beraren ez egonkortasun emozionalari, bikotea haustea gehituaz, depresioa sortzeko aukera areagotzen baita.
Lehen ekografiaren unera ilusioz iritsi eta sarri, bi edo gehiago direla entzutean bikotea galduta eta zalantzaz josita itzultzen da etxera. Geroz eta gehiago dira haurdunaldi anitzak eta arrazoiak hainbat dira:
– Emakumearen familian haurdunaldi anitzeko kasuak egon badira, haurdunaldi anitza izateko aukera asko igotzen da.
– Haurdunaldia laguntzeko tratamendu hormonalek obulu bat baina gehiago egotea sor dezakete.
– In vitro ernaltzeetan, obulu bat baina gehiago ezarri ohi da batera haurdunaldia lortzeko aukera gehiago egon daitezen.
-Emakumeen adina geroz eta altuagoa izan, haurdunaldi anitza lortzea errazago gertatzen da.
Arrazoia edozein delarik ere, bikiak edo hirukiak izatera bazoaz, saia zaitez beldur eta kezkak ahalik eta azkarren gainetik kendu eta haurdunaldiaz gozatzen. Lasaitasuna oso garrantzitsua da haurdunaldia ondo joan dadin, eta are gehiago bi edo gehiago direnean.
HAURDUNALDIA EGOKI JOAN DADIN:
– Ur asko edan: tentsioa baxu mantendu eta haurrek likido kopuru egokia izatea erraztuko du.
– Atseden hartu: haurdun dagoenaren gorputzak lan handia egin behar du bi haur osatzeko eta pisu handia eraman beharko du soinean. Atsedena hartzeak, ama hobeto sentitzea erraztuko du.
– Elikadura zaindu: bikiak eta ama osasuntsu egon daitezen elikadura orekatua mantentzea garrantzitsua da. Hobe da maiz eta gutxi jatea otordu pisutsuak izatea baino.
– Egoera emozional eta psikologikoa zaindu. Bikiak izateak beldur, pena eta zalantza handiak sor ditzake. Garrantzitsua da haurdun dagoen pertsonaren egoera emozional eta psikologikoa zaintzea.
Bikiak izate soilagatik, haurdunaldia “arriskutsutzat” hartuko da eta zaintza bereziko protokoloak ezarriko dira. Protokolo horietan sartzeak ez du esan nahi haurdun dagoen emakumea edozein unetan “leher” daitekenik edo izugarrizko arriskua duenik. Bikiak izateak, amaren gorputzari lan handiagoa eskatuko dio eta hortaz, gertuagotik zaindu nahi izaten da.
– Bikien haurdunaldian, amak orotara 20 kilo inguru hartuko ditu.
– Goragalea ohikoagoa izaten da.
– Azalak asko zabaldu behar izaten duenez, hazkura handia izan daiteke sabel inguruan.
– Bihotzerrea izatea ohikoa izaten da. Hori ekiditeko, hobe da gutxi eta maiz jatea.
– Bizkarreko minak edo jarrera erosorik ezin hartu izateak ere ohikoak dira.
Haurdunaldia bizitzan gutxitan errepikatuko den unea da, hortaz, gozatu eta une bakoitza era positiboan bizitzen saiatu. Azken batean, laster, bi haurtxo (edo gehiago) izango dituzue besoen artean eta denbora gutxi izango duzue elkarrekin gozatzeko.
Haurdun gaudela jakitean, lehen urratsa, emaginarekin hitzordua hartzea izaten da. Berak azalduko du, gure historia klinikoaren arabera, zein izango den haurdunaldian egingo zaigun jarraipena, zein proba egin daitezken eta berak argituko du izan daiteken edozein zalantza.
Edozein proba egiteko zure baimena beharrezkoa da eta ukatzeko eskubidea duzu.
Orokorrean, lehen hiruhilekoan ez duzu odol analisia eta ekografiaz gain beste hitzordurik izango, ondoren, hilabetean behin ikusiko zaitu emaginak edo ginekologoak.
Gaur egun, honako probak egin daitezke haurdunaldia normal doanean:
– Odol eta gernu analisiak: orokorrean, haurdunaldiko hiruhileko bakoitzean odol eta gernu analisi bana egingo zaio haurdun dagoen emakumeari. Bertan, amaren osasun orokorra aztertzeaz gain, zenbait gaixotasunekiko inmunitatea begiratzen da (toxoplasmosia, rubeola, barizela, sifilia, VIH, hepatitisa…), amaren Rh-a eta infekzio zantzurik ba ote dagoen begiratzen da. Emaitzen arabera, hurrengo analisietan balio berak edo beste batzuk aztertuko dira.
– Screening hirukoitza: Lehen hiruhileko odol analisiekin batera aztertzen da odola screening hirukoitz bidez. Proba honek, fetuaren entzimak aztertzen ditueta emaitzen arabera, estatistikoki gaixotasun kromosomiko zenbait izateko zenbateko aukera dagoen adierazten da (12.asteko ekografiaz lagunduta).
– Ekografiak: Orokorrean, haurdunaldiko hiruhileko bakoitzean ekografia bat egiten da. Bertan, haurraren pisua, neurria eta ondo osaturik dagoen begiratzen da. Organu guztiak dituen eta ondo ote dauden begiratzen da. Ekografietan, plazenta nolakoa den, ondo kokaturik dagoen eta ondo dagoen begiratzen da, eta horrekin batera, zilborhestearen osaera eta funtzionamendua ere aztertzen da. Ebidentzia zientifikoaren arabera, hirugarren hiruhilekoko ekografia ez litzateke egin behar pisuzko arrazoirik ez bada.
Une polita izan daiteke, gurasoek haurra lehen aldiz ikusteko aukera izaten baitute. Haurra mugitzen, mihia ateratzen edo txiza egiten sabel barnean ikusteak ilusio berezia sortu eta haurdunaldiaren kontzientzia zabalagoa hartzea sortzen du.
– Azukrearen proba. O´Sulliban Testari deitzen zaio azukrearen proba eta haurdunaldiko 24-28 asteen artean egin ohi da. Haurdunaldiko diabetea ote dagoen jakiteko egin ohi da. Odol analisi bat egin eta glukosa kontzentrazio altukko zuku bat edan eta ordubetez eserita geldirik egon ostean berriro odola ateraz egiten da. Emaitzetan, glukosaren absorzioa nola ematen den aztertzen da. Zukua edan eta ordubetera glukosa maila 140tik gora badago, glukosaren proba luzea egitea gomendatuko da. Hiru ordu irauten duen proba da, glukosa kontzentrazio altuagoa duen zuku bat hartu eta ordubetera, bi ordura eta hiru ordura dagoen kontzentrazioa aztertzen da odol analisi bidez.
Ez da proba erosoa izaten, batetik odol ateratzeak baraurik egin behar direlako (2 O´Sulliban Testaren kasuan, 4 proba luzearen kasuan) eta bestetik, edan beharreko zukuak ondoeza sor dezakelako. Goragalea sor lezake eta oka eginez gero, beste egun batean errepikatu beharko litzateke. Gainera, probak irauten duen denbora guztian, geldirik egon behar da, hortaz ordubete, edo hiru orduz anbulategian egon beharra dago.
Geroz eta gehiago dira proba hau egitearen aurka agertzen ari diren ikerketa eta sendagileak, emakumeak horrelako glukosa kontzentrazio altua hartzeak kalteak eragin ditzakela iritzita.
– Amniozentesia. Haurdunaldiko 15-18 asteen artean egiten da eta amaren sabeletik haurraren boltsa amniotikorarteko orratza sartuz burutzen da, ekografiaz dena ondo doala begiratzen den bitartean. Haurraren likido amniotikoa hartu eta aztertzen da. Haurrak anomalia kromosomikorik edo gaixotasunik duen aztertzeko erabiltzen da.
Amniozentesia ez da arriskurik gabeko proba. Boltsa amniotikoa zulatzen denez, zuloa ondo itxi dadin atseden hartzea gomendatzen da proba egin ostean. Zuloa ondo itxi ez bada, likido amniotiko galerak eman daitezke eta aborturako arriskua sor daiteke.
– Estreptococo agalictaearen proba: Haurdunaldiaren 35.astetik aurrera egiten da eta estreptococo agalictaearen presentzia detektatzeko balio du. Jendartearen %30ak inguru izaten duen bakteria da, eta probaren emaitza positiboa izateak ez gaitu larritu behar. Proba, bagina eta uzki inguruko bakteriak makiltxo batez hartuz eta hori azterturik egiten du ginekologoak. Azken ikerketa batek erakutsi du antibiotikoak amari emateak ez duela justifikaziorik. Hortaz, antibiotikoa ez hartzea gomendatzen da.
– Down sindromea eta bestelakoak detektatzeko odol analisia. Kasu batzuetan odol analisi gehigarri bidez ezaugarri zehatz batzuk azter daitezke. Osasun publikoan oso kasu zehatzetan eskaintzen da eta osasungintza pribatuan eskaerapean egin daiteke.
Sendagileek haurdunaldiak beste proba bereziren bat behar dela adieraz dezakete kasu bakoitzaren arabera.
Edozein kasutan, haurdun dagoen emakumea da proba bat egin edo ez erabakiko duen bakarra, sendagile edo emaginek, proben inguruko informazio osoa emateko betebeharra dute, azken erabakia beti haurdun dagoen emakumea delarik.
Haurdun dagoena bakarra izan arren, haurdunaldiak ez du soilik amagaiaren bizitza aldatuko. Haurdunaldia bikotean eman bada, haurra jaio bitarteko asteak bereziak izaten dira aitarentzat ere bai.
Hala ere, aita edo haurdun ez dagoen ama izatera doanak sarri, karga handia izaten du soinean. Batetik, haurdun dagoenari lagundu eta haurdunaldia ondo joan dadin haurdun dagoenaren zenbait beldur edo lan norberaren gain hartzen dituelako. Bestetik, guraso izango zarela jakiteak poza sortu arren, egoera berrira ondo egokitzen ez jakiteak beldurra sor dezakelako.
Haurdun dagoenarentzat, garrantzitsua da ahalik eta egoera egonkorrenean igarotzea haurdunaldiak iraungo duen denbora zein erditze ostea, eta egonkortasun hori lortzeko, sarri bikotekidearen edo inguruaren babesa eskatzen du.
Nola hobetu bikote harremana haurdunaldian?
– Beldur, zalantza edo kezkak elkarren artean hitz egin. Ziurrenik, biek antzeko zalantzak izango dituzue, eta elkarrekin partekatuz arindu ditzakezue. Hala ez bada, beldur edo zalantza horiek argituko dizkizuen norbaitengana jo. Beldur horiek geroz eta lehenago argitu, haurdunaldia lasaiago igaro eta gehiago gozatuko duzue.
– Haurdunaldiarekin zerikusia duten gauzak partekatu. Oso komenigarria da haurdunaldiarekin zerikusi zuzena duten ekintzetan bikoteak parte hartzea: emagina eta ginekologoaren kontsultetara joan, erditzerako prestakuntzan parte hartu, ariketak edo masajeak elkarrekin egin, haurtxoari dagozkion erabakiak elkarrekin hartu…
– Bikote bezala gozatu. Laster, hiru (edo gehiago) izango zarete eta elkarrekin egoteko denbora asko murriztuko da, hortaz, aste hauetan elkarrekin egitea gogoko dituzuen gauzak egin.
– Bakarrik edo lagunekin egoteko tarteak hartu. Haurtxoa jaio ostean zenbat denbora izango duzun jakitea zaila denez, orain lagunekin edo bakarrik egitea gogoko dituzun gauzetan denbora igaro.
– Haurdunaldia eta zuen arteko une errepikaezinak gorde. Haurdunaldia gaur egun ez da orokorrean 2-3 aldiz baina gehiagotan ematen, eta hortaz, une berezitzat har daiteke. Argazkiak atera, sentitzen duzuena idatzi, haurtxoarentzat gutunak, ipuinak edo nahi duzuena idatzi… Ondoren, gustuz hartuko dituzue haurdunaldiko ilusioz beteriko oroitzapen horiek eta.
Bikotea hirukote bihurtzera doa, eta familia bezala guztiz berreraiki beharko duzue harremana. Bakoitzak bere tokia bilatzea, sarri, ez da erraza izaten. Komunikazioa oso garrantzitsua da inor lekuz kanpo gera ez dadin.
Haurdunaldia normal badijoa eta ginekologo edo emaginak arrazoi zehatz batengatik ez badu sexu harremanak izatea kaltegarria dela adierazten,sexu harremanak izatea ez da arriskutsua.
Lehen hiruhilekoan, emakume batzuek nekea edo haurdunaldiaren beste sintoma batzuen ondorioz, ez du sexu harremanetarako gogo gehiegirik izaten. Horri, sarri beldur edo zalantzak gehitu behar izaten zaizkio: haurdunaldia hasi berri dagoelarik sexuarekin kalte egin diezaiokegularen ustea, edo ona izan ez daitekelaren beldurrak emakume askori sexurik nahi ez izatea sortzen die. Hala bada, bikoteak errespetatu behar duen erabakia da (beti bezala), eta haurdunaldiaren beraren aldaketa bat gehiagotzat hartu.
Hala ere, askok aurkakoa uste duten arren, haurdunaldiaren hasieran, sexu harremanak izatea oso ona izan daiteke. Hormonen jarioa eta sexu organuak sentikorragoak direla sentitzeak emakumeari plazer handia sor diezaioke.
Bigarren hiruhilekoa emakumearentzat egonkorrena izan ohi da, eta hortaz sexurako egokiena izan daitekela uste ohi da. Bigarren hiruhilekoan, aldiz, bada mugarri bihurtu ohi den une bat: haurraren lehen mugimenduak sentitzen hasten den unea.
Une horretan haurrari sexuak nola eragingo dion beldurra sortu ohi da. Baina haurrak ez du arriskurik.
Azken hiruhilekoan, haurdunaldiak sortzen duen sabelaren ondorioz, jarrera egokia eta erosoa topatzea zailagoa izaten da. Bikotearentzat erosoen den jarrera da egokiena.
Emakumearen orgasmoak sortzen dituen uzkurdurak oso leunak izaten dira eta ez dira erditzea aurreratu ahal izateko gai izaten. Dena den, gizonaren semen isurketetan prostaglandina hormona aurkitzen da eta honek, umetokiaren muskulatura arintzen lagun dezaken arren, ez da erditzea bizkortzeko nahikoa izaten.
Kontuan izan behar da, haurdunaldian zehar, emakumearen sentikortasuna asko areagotzen dela eta plazer handiagoa sor dezakela edozein laztan, musu edo ukituk.
Erditzean zehar masturbazioa edo bestelako harremanek dilatazioa erraztu eta plazer handia sor dezake.
NOIZ EKIDIN BEHAR DIRA SEXU HARREMANAK?
Hala ere, badira sexu harremanak guztiz ekidin edo kontuz izan behar diren uneak:
– Abortua edo erditze goiztiarra izateko arriskua dagoenean.
-Harremanak izateak odol galerak sortzen baditu.
-Haurdunaldia amaierara iritsi aurretik, uzkurdurak badituzu.
– Plazentan arazoren bat dagoela esan badizute.
– Infekzio genitalak dauden kasuetan.
– Boltsa amniotikoa hautsi den kasuetan.
-Lehen hilabetea.
Ernalkuntza gertatu eta 6 egun beranduago gutxi gora behera, ernaldutako obulua, umetokira heltzen da eta bertan kokatzen da. Egun gutxiren buruan, ernalduriko obuluaren zelula batzuek plazenta osatuko dute eta beste batzuk enbrioiaren sorrerara bideratuko dira.
Une horretatik aurrera, amaren gorputza haurdunaldia aurrera joan dadin lanean hasiko da eta aldaketak somatzen hasiko da.
-Bigarren hilabetea
Haurdunaldiko bigarren hilabetean, zenbait sintoma deseoroso nabaritzen has daiteke emakumea.
Umore aldaketak eta nekea izaten dira hilabete honetako aldaketarik esanguratsuena.
– Hirugarren hilabetea.
Sabelea apur bat aldatzen hasten da eta bularrean aldaketak nabarituko dira dagoeneko. Arropa erosoa edo zabalagoa erabiltzen hastea edo haurdunaldirako egokiak diren galtzak erabiltzea gomendatzen da.
Bularretakoen neurria ere, ziurrenik dagoeneko aldatua izango da eta neurri egokikoak edo handixeagoak erabiltzea komeni da.
Sintoma deserosoak egonkortzen joango dira.
Fetuaren bizi organuak osaturik egongo dira.
– Laugarren hilabetea.
Titiburuak hazi eta ilundu egiten dira.
Sabelaren erdialdean pubisetik gorantz, marra ilun bat agertzen da. Erditzearen ostean desagertzen da.
Eguzkiaren izpietatik ondo babestea gomendatzen da, azala sentikorragoa bihurtzen baita.
Sabela haziz doa eta fetuaren tamaina hazteak, liseriketan eragina izan dezake eta idorreria sortu.
–Bosgarren hilabetea.
Azken hilekoaren lehen egunetik zenbatu eta 20. aste inguruan, haurtxoaren lehen mugimenduak somatu ohi dira. Une berezia izaten da eta hasieran haurdun dagoen emakumeari sentsazio arraroak sortzen dizkion arren (ondoeza, zorabioa…), berehala haurraren mugimenduak direlaz ohartu eta ilusioz bizi ohi da.
Besteek sentitu ahal izateko, aste batzuk gehiago behar izaten dira.
– Seigarren hilabetea.
Seigarren hilabeterako sabela asko hazi da eta umetokia, haurdun dagoen emakumearen zilborra baina gorago iristen da dagoeneko.
Arnasteko era sakonagoa da eta bihotz taupaden erritmoa aldatzen da.
Beroa, izerdia eta azalaren hazkura ohikoak dira.
Zilborra sabelaren kanpoalderantz atera daiteke, erditze ostean, bere tokira itzuliko da.
Haurraren mugimenduak oso maiz nabaritzen dira.
–Zazpigarren hilabetea.
Beldurrak, antsietatea eta umore aldaketak esangratsuago bihurtzen dira.
Arnasa hartzea gehiago kostatzen da eta mugimendua sabela eta pisuaren ondorioz zailagoa izaten da.
Bizkarreko mina ager daiteke.
– Zortzigarren hilabetea.
Haurra buruz behera kokatu ohi da eta amarentzat mugitzea zailago bihurtzen da, trakets eta pisutsu sentitzen da.
– Bederatzigarren hilabetea.
Erditzeko unea gerturatu ahala, urduritasuna eta haurra ezagutu nahia areagotzen dira. Antsietatea edo beldurrak baretzen saiatzea garrantzitsua da.
Hala ere, ilusioz beteriko egunak izaten dira, edozein unetan haurra jaioko baita.
Haurdunaldian zehar, zenbait sintoma deseroso izatea ohikoa da. Baina badira zenbait sintoma, haurdunaldiaren arazo baten adierazle direnak. Hauetariko sintomak izanez gero, sendagilearekin harremanetan jartzea gomendatzen da.
– Sabel aldean mina.
– Aurpegia, eskuak eta begiak puzturik izatea.
– Egunean hiru aldiz baina gehiagotan botaka egitea egun batzuez.
– Eztula 48 orduz baina gehiagoz.
– Buruko min handia hiru orduz baina gehiagoz.
– Gaizki ikustea.
– Astean 900gr baina gehiagoko pisua hartzea.
– Sukarra.
– Hotzikarak.
– Beherakoa.
– Txiza egitean mina edo hazkura.
– Haurraren mugimenduak ez sentitzea edo gutxiago mugitzen dela sentitzea.
– Uzkurdura periodikoak erditze data baina lehenago.
– Odol galerak.
– Likido garden galerak 37. astea baina lehen.
– Uzkurdura mingarriak sexu harremanak izatean.
Sintoma hauetarikoren bat izateak, ez du haurdunaldian arazorik dagoela derrigor adierazten. Sintoma hauek ditugunean, guztia ondo dagoela begiratzea komeni dela baizik.
Edozein sintoma izanik ere, gogoratu, haurdunaldia ondo joan dadin oso garrantzitsua dela lasaitasuna mantentzen saiatzea.
Emagina edo ginekologoarekin telefonoz hitz egiteko aukera baduzu, joan aurretik deitu eta gertatzen dena azaldu. Berak emandako gomendioak jarraitu.
Ez baduzu telefonoz hitz egiteko aukera, zoaz kontsultara edo larrialdietara zure kasua azaltzera.
Haurdunaldi guztiak ez dira amaitzen gurasoek nahiko luketen bezala, haurdunaldi batzuk haurra galduz amaitzen dira. Haurdunaldi hasieran edo amaieran izan, galera handia da, nahiz eta prozesua desberdina izan.
Haurra galdu duen familiak, izan haurdunaldi hasiera zein amaieran, mina sentitzen du. Amak gainera, haurdunaldia berak izan du eta galera ere, fisikoki berak izan du eta horrek hormonetan zein bere gorputzean eragin zuzena du.
Hasieran, egoera onartzea asko kostatzen da, sarri zer gertatu den ez dakigulako, ez delako gertatua onartu nahi edo ezin dugulako sinetsi.
Estatistikoki, baieztaturiko haurdunaldien %15 amaitzen dira lehen hiruhilekoan. Hauei, baieztatu gabeko eta odol galera handiko hilerokoekin nahasten diren abortuak gehitu behar zaizkie. Hortaz, haurdunaldien portzentaia handi bat, lehen hiruhilekoan amaitzen dela esan daiteke. Hasieran ematen diren galera gehienek, %70 inguruk, enbrioiaren malformazio kromosomikoetan izaten du harremana.
Arrazoia edozein delarik ere, ez da gertaturikoa ulertzea errazten duen gaia izaten. Batetik, gure seme edo alabatzat dugulako dagoeneko sabelean hazten ari zena eta galera, bat-batean gertatzen delako. Alaitasuna, ilusioa eta espektatiba guztiak mina eta ezin ulertuan bihurtzen dira une batetik bestera.
Min hori sarri amorruan, errudun sentitzean, segurtasun ezean, beldurrean edo lotsan bihurtzen da, eta haurra galdu izana ezkutatu nahi izaten da. Min hori onartu, gertatu dena ulertu eta errudun ez sentitzen saiatzea da garrantzitsua, eta horretan lagunduko dizun pertsona egokiak alboan izatea.
Inork ez du haurra galdu izanaren errurik. Inork ez du haurra galdu izanaren erantzunkizunik ez eta lotsa sentitu beharrik.
Gaizki sentitzea normala da, maite eta ilusioz espero genuen norbait galdu dugu eta dolu prozesu bat igaro beharko da.
Galera izan duen pertsonak denbora behar du eta denbora horretan prozesu desberdinetatik igaroko da. Garrantzitsua da unean unean sentitzen dena egitea, agurtze prosezuei garrantzia ematea eta gorputzari behar duen denbora ematea.
Nola lagundu haurra galdu duenari:
– Haurra galdu duenak badaki galera oso handia izan duela, ez egin ezer gertatu ez denaren itxurarik, ez esan “beste bat izango duzu” edo halako esaldirik. Haur hori galdu du eta ez du beste batek bere tokia inoiz beteko eta.
– Ez espero haurra galdu duenak normal jarraitzerik. Galera handia jasan du, eta ziurrenik, ez da berdina inoiz izango, bizitzako esperientzia gogor guztien ondoren gertatzen den bezala.
– Ez sartu presarik. Bakoitzak bere denbora behar du egoera bakoitza onartu eta aurrera egiteko, alboan egon baina bere espazioa eman haurra galdu duenari.
Haurra galdu duenari, behar duen denbora eta laguntza ematen saiatu.
Haurra galtzen denean, edo zerbait gaizki dagoelaren susmoa izanez gero, emagina edo ginekologoarekin harremanetan jartzea garrantzitsua da.
Haurra galdu dela adieraz dezaketen SINTOMAK honakoak izan ohi dira.
– Odol galera handia, koaguloak dituena.
– Sabeleko min handia.
– Sukarra (bestelako infekzio agerikorik ez badago).
Honako sintomarik izanez gero, zoaz larrialdietako emagina edo ginekologoarengana.
Kasuan kasu, honako TRATAMENDUAK izango dira.
Haurdunaldiko 12. asteara arteko galeretan:
–Itxarote egoera: Inongo botika edo interbentziorik egin gabe, gorputzak bere lana egin dezan itxarotea da azken ikerketen arabera egin daiteken onena. Kasuen %80 inguruan eraginkorra da eta amaren gorputzari bere erritmo eta beharren arabera lan egiten uzten dio. Normalean, egun batzuk irauten duen prozesua da eta amak sabel aldean uzkurdu antzekoak nabaritu ohi ditu. Uneren batean, hilerokoaren antzeko odol galerak izaten dira baina luzaroago irauten dute (9 egun inguru) eta haurra zein plazenta isurtzen dira. Prozesua normalean, amak galera onartzen duen unean hasiko da.
Bide hau hautatzen dutenek, emagin edo ginekologoren batekin harreman zuzena izatea gomendatzen da eta min handia, ondoeza edo sukarra izanez gero, berehala larrialdietako zerbitzu batengana jotzea gomendatzen da.
– Prostaglandina bidezko tratamendua: sendagai bidez, etenda dagoen haurdunaldiaren arrastoak isurtzeko prozesua da.Itxarote egoeraren sintoma berdinak eta prozesu bera eragiten du. Desberdintasun esanguratsuena, prozesuari naturalki hasten utzi beharrean, sendagai bidez hastea da eta hortaz, gorputza oraindik prest ez egotea ekar dezake. Horrek, mina eta odol galerak handiagoak izatea eragin dezake amaren hormonak desorekatzea eragiten baitu.
– Legratua: kirurgia bidez haurdunaldiak utzi dituen arrasto guztiak kentzeari deritzo eta soilik benetan beharrezkoa den kasuetan erabili behar da ondorio fisikoak uzten dituelako. Umetokiaren pareta marruskatu egiten da prozesu honetan.
Haurdunaldiko 12. astetik aurrerako galeretan:
Kasuan kasu azterturik, aurreko tratamendu berak erabiliko dira, baita aukera hauek ere.
– Erditzea bizkortzeko teknikak: sendagai bidezko erditzearen azkartzea eragin daiteke, prostaglandia bidez edo baita oxitozina sintetikoaren erabileraren bidez.
– Zesarea: haurra galdu dela eta erditzera itxaroteak amarentzat arriskua sortzen badu, zesarea egingo da. Zesarea ebakuntza handia da eta albo ondorio asko ekar ditzake, benetan beharrezkoa den kasuetan soilik erabili behar da.
Kasuan kasu sendagileek egokien den tratamendua aholkatuko dute. Dena den, komenigarria da, amarentzat ageriko arrisku egoera ez denean (odol galera handiak ditu, infekzio baten adierazle den sukarra du…), legratua edo sendagai bidezko tratamenduak ez dira abortua detektatu den unean bertan egin behar. Hobe da, haurra galdu duela esan zaion ama edo bikoteari egoera ulertu eta erabakitzeko denbora ematea, gerora, ondorio psikologiko eta fisikoak gutxiago izan daitezen.
Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.
Dolua, kasu erreal bat.
Haurdunaldiko galeren inguruan Guraso.com-en.
Oraindik zalantza ugari da katuak dakarkigun arriskuaz kontu honetan eta hainbat medikuk katuaz desegitea gomendatzen dute oraindik ere. Gure ez jakintasuna dela eta, gure haurra arriskuan jarri dezakegula ustez, milaka katu hil edo kalean uzten dira urtero arrazoi honegatik. Uler dezagun apur bat zenbateraino izan daiteken arriskutsua haurdunaldian katua gertu izatea eta nola murriztu ditzakegun arriskuak ia ezinezko bihurtzeraino kutsatze prozesua.
Nola kutsatzen dira katuak? Eta gu? Modu berean biok:
* Inguruko lurrak eta urak katuen gorotzen bidez kutsatzen dira eta beste animaliek inguruko ur kutsatuetatik edatean parasito txiki honek bere gorputzean kistetxoak sortzen ditu parasitoa barruan geratzen delarik. Katuak, nahiz gu, animali hauen haragi gordina edo gaizki egosia jatean kutsatzen gara.
* Katuen gorotzek urak ere kutsatzen dituzte eta aldi berean ur hauek inguruko lurrak zikintzen dituzte, beraz, baita barazki eta fruituak ere. Kontuz ibili beharko dugu baita lur mugitze lanetan ere (etxean lore zaintzan edo baratzean lanean).
* Haurdunaldian edo ernaldian parasitoa ez da gorputzean finkatzen, odolaren bidez fetuarengana iristen da eta bertan egokitzen da gaixotasun larriak sortuz (hidrozefalia, itsutasuna eta hainbat garapen arazo).
* Katuen gorotzak eskuekin ikutzeak edo gorotzak egon diren lur nahiz hondarra ukitu eta eskuak garbitu gabe ahora eramatea da kutsatzeko azken modua.
Haurdunaldian ondoriorik larrienak lehen hilabeteetan izaten dira (hidrocefalia edo abortua adibidez), baina kutsatze arrisku handiena bigarren hiruhilabetetik aurrera izan ohi da batez ere azken hiruhilabetean (ehuneko hirurogeia kutsatzen dira eta garapen arazoak eta itsutasuna sufri ditzakete). Haurdunaldia aurretik kutsatuak izan bagara ez dugu haurrarekiko arriskurik izango, gure gorputzak gaixotasunarekiko inmunitatea garatua izango baitu.
Zer probabilitate dago gure katua gaixotasun honen iturri izateko?
* Katua etxetik kanpo ibiltzen bada (ehizan eta ur kutsatuetatik edaten) arrisku handiagoa du, baina aldi berean gorotzak kanpoan egingo ditu, beraz guretzat arrisku gutxiago.
* Kutsatuak diren lehen aldian bakarrik askatzen da parasitoa gorotzetan eta 2-3 astez soilik.
* Parasitoak ez du gaitasun kutsakorra lortzen 1-5 egun gorotzetan pasa arte.
Nola murriztu ditzakegu toxoplasmosiaz kutsatzeko arriskuak? Medikuek esan ohi dutenez…
* Hararagi eta txerrikiak izoztuak edo ondo egosiak behar dute izan (berez, 65ºC-tik gora 10 minutuz baino gehiagoz erre/egosi behar genuke haragia).
* Barazki eta fruitu gordinak ondo garbitu behar ditugu.
* Eskuak ondo garbitu edo eskularruak erabili behar genituzke elikagai gordinak eskuartean izatean edo lurrarekin kontaktua dugun uneetan.
Baina katuarekiko zer egin dezakegu?
* Ahal den moduan katuaren etxetik kanporako irteerak murriztu edo harekiko kontaktua murriztu beti kalean badabil.
* Etxean elikadura egokia eman (haragi gordinik edo paterik gabea).
* GARRANTZITSUENA: gorotzak egunero kentzea hondarretik! Eskularruak eta maskara jantzi ditzakegu lasaiago jarduteko. Hondarraren ontzia garbitu behar dugun bakoitzean ontzia ur irakinetan murgiltzea komeni da eta ur beroz garbitzea.
* Katuari ere, guri bezalaxe, odol froga egin diezaiokegu eta gorotzen analisi bat guztiz ziur izateko. Edonola ere, kokzidioen aurkako tratamentua eta antibiotikoa eman diezaiokegu katuari baiezkoa izan bada emaitza.
* Nahiz eta katuarekiko kontaktu fisikoaz kutsatzea oso zaila eta ia ezinezkoa den gaur egungo bizimoduan, katuarekin jolasean jardun ondoren eskuak garbitzea ez dago lekuz kanpo.
Ondorioz, gure katua etxean badabil normalean eta pentzua jaten badu, oso zaila da toxoplasmosiaz kutsatzea, eta hala izanda ere, bere gorotzen ondorioz gu kutsatzea ia ezinezkoa da higiene neurri egokiak jarraituz gero, lehenago kutsatuko gara ondo egosi gabeko haragia jan edo barazkiak ondo garbitu ez izanagatik.
Oraindik katua etxean izatearen beldur al zara? Hainbat ikerketen arabera, ez da ikusi alderik katua dutenen eta ez dutenen artean toxoplasmosiaz kutsatzeko orduan, katuak dituztenen artetik ez dira ez dituztenen artetik baina positibo gehiago atera. Beraz, ongi etorri katuarekin ere goza dezakezun haurdunaldira!
Ekiñe Aizpurua Olaizola
Usurbildarra jaiotzez eta bihotzez, baina Madrilen dut bizilekua. Txikitatik animaliekin lan egin nahi eta halaxe egin dut, biologia ikasten hasi nintzen, baina albaitari gisa bukatu dut. Txakur, katu eta animali exotikoen arloan egiten dut lan eta etxean ere baditut hainbat txakur, katu eta beste zeinbait animalia exotiko. Iritsi zait amatasunaren munduan murgiltzeko unea, ea animaliekin bezain ondo moldatzen naizen.
Bila zabiltzan hori topatu ez baduzu edo zalantzarik baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan eta behar duzun hori topatzen saiatuko gara.
Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du inolaz ere ordezkatzen zure kasuan osasun profesionalek adierazitakoa.
[2023ko ekainean eguneratua]