Bi (edo gehiago) dira!

Lehen ekografiaren unera ilusioz iritsi eta sarri, bi edo gehiago direla entzutean bikotea galduta eta zalantzaz josita itzultzen da etxera. Geroz eta gehiago dira haurdunaldi anitzak eta arrazoiak hainbat dira:

13_gemelar– Emakumearen familian haurdunaldi anitzeko kasuak egon badira, haurdunaldi anitza izateko aukera asko igotzen da.

– Haurdunaldia laguntzeko tratamendu hormonalek obulu bat baina gehiago egotea sor dezakete.

– In vitro ernaltzeetan, obulu bat baina gehiago ezarri ohi da batera haurdunaldia lortzeko aukera gehiago egon daitezen.

-Emakumeen adina geroz eta altuagoa izan, haurdunaldi anitza lortzea errazago gertatzen da.

Arrazoia edozein delarik ere, bikiak edo hirukiak izatera bazoaz, saia zaitez beldur eta kezkak ahalik eta azkarren gainetik kendu eta haurdunaldiaz gozatzen. Lasaitasuna oso garrantzitsua da haurdunaldia ondo joan dadin, eta are gehiago bi edo gehiago direnean.

HAURDUNALDIA EGOKI JOAN DADIN:

Ur asko edan: tentsioa baxu mantendu eta haurrek likido kopuru egokia izatea erraztuko du.

Atseden hartu: haurdun dagoenaren gorputzak lan handia egin behar du bi haur osatzeko eta pisu handia eraman beharko du soinean. Atsedena hartzeak, ama hobeto sentitzea erraztuko du.

Elikadura zaindu: bikiak eta ama osasuntsu egon daitezen elikadura orekatua mantentzea garrantzitsua da. Hobe da maiz eta gutxi jatea otordu pisutsuak izatea baino.

Egoera emozional eta psikologikoa zaindu. Bikiak izateak beldur, pena eta zalantza handiak sor ditzake. Garrantzitsua da haurdun dagoen pertsonaren egoera emozional eta psikologikoa zaintzea.

Bikiak izate soilagatik, haurdunaldia “arriskutsutzat” hartuko da eta zaintza bereziko protokoloak ezarriko dira. Protokolo horietan sartzeak ez du esan nahi haurdun dagoen emakumea edozein unetan “leher” daitekenik edo izugarrizko arriskua duenik. Bikiak izateak, amaren gorputzari lan handiagoa eskatuko dio eta hortaz, gertuagotik zaindu nahi izaten da.

– Bikien haurdunaldian, amak orotara 20 kilo inguru hartuko ditu.

Goragalea ohikoagoa izaten da.

– Azalak asko zabaldu behar izaten duenez, hazkura handia izan daiteke sabel inguruan.

Bihotzerrea izatea ohikoa izaten da. Hori ekiditeko, hobe da gutxi eta maiz jatea.

Bizkarreko minak edo jarrera erosorik ezin hartu izateak ere ohikoak dira.

Haurdunaldia bizitzan gutxitan errepikatuko den unea da, hortaz, gozatu eta une bakoitza era positiboan bizitzen saiatu. Azken batean, laster, bi haurtxo (edo gehiago) izango dituzue besoen artean eta denbora gutxi izango duzue elkarrekin gozatzeko.

Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.

× Zalantzarik?