Non doa ongi?

Haurra soinean daramagunean 3 aukera ditugu, eta hiruak, teknika egokia izanez gero, jaiotzetik erabil ditzakegun posizioak dira:

  • Aurrean.

Aurrean daramagunean ohikoa izaten da “zein altueran” joan behar duen zalantzan jartzea. Altuera egokia zehazteko bi baldintza betetzea gomendatzen da:

  1. Muxu ematera iristen zaren altueran.
  2. Baina… kokotsarekin nahigabe joko ez diozun tokian.

soineanerraz_2

Haurra goregi kokatuz gero, nahigabe kolpeak jotzeko arriskua egoteaz gain, helduak burua gorantz eta atzerantz eramateko joera hartuko du eta horrek gorputzaren jarrera desegokia suposatuko du, mina edo lesioak izateko aukerak areagotuz.

Beheregi daramagunean, ez dugu ondo ikusiko haurraren arnasbideak era egokian dauden eta grabitate zentrua moldatzeaz gain, pelbi zoruan gehiegizko presioa sor dezakegu.

Beraz, altuera egokia… begirada zoragarriak gertatzen diren tokia da.

Haurra haziz doanean, haur eramailea jaitsiz joango gara, beti, altuera egokirako baldintzak errespetatuz. Haur eramailea aldakaraino jaitsita, haurraren buruari jotzen badiogu edo gure espazio bisuala oztopatzen badu, aldakan edo bizkarrean eramatea gomendatzen da.

  • Aldakan.

Aldakan daramagunean, pisua era asimetrikoan eramaten ari garenaren kontzientzia izan behar dugu eta tarte motzetarako posizio gisa erabili. Haurrek bertatik ikuspegi handia izaten dute eta toki egokia da kuxkuxeroak diren uneetarako.

Altuera egokia zehazteko, zilborraren parean gutxi gora behera gomendatzen da, edo bestela, hezurraren gainean.

  • Bizkarrean.

Bizkarrean kulturaren arabera altuera desberdinetan eramaten dira haurrak, makurturik lana egin behar dutenetan adibidez, gerrialdean eramaten dira oreka ez galtzeko, beste zenbaitetan oso goian haurrak sorbaldaren gainetik ikus dezan.

Goregi daramagunean, haurrak atseden hartu nahi badu ez du tokirik izaten burua kokatzeko eta beraz, ez da gomendagarria tarte luzeetarako.

 

× Zalantzarik?