Haurdunaldi amaieran (37. astetik aurrera) jaiotako haur osasuntsu bat, ageriko gaixotasun edo dibertsitate funtzionalik ez duena, oinarri hartuta, haurraren garapen global optimoan soinean eramateak duen garrantziaz hitz egingo dugu.
Haurrak soinean eramatea garapen integralean oinarrizko tresna gisara ulertzeko, haurraren garapenaren arabera, soinean eramateak ere eboluzionatu beharko lukela ulertu behar dugu, haurraren beharrak aldatuz doazelako. Hau da, soinean eramateak garapen integralean lagunduko du, baldin eta, garapena bera errespetatzen den.
Haurraren garapen psikomotorea kontuan izanik, honako mugarriak hartu beharko lirake, gutxienez, kontuan:
- Haur jaioberri osasuntsua, gai da lehen ordu/egunetan, amaren gorputzaren gainean herrestatu eta mugitzeko (amaren bularrera iristeko adibidez).
- Haurrak berezko erreflexu primarioak ditu eta kontuan izan behar dira.
- Normalean, haurrak jaiotzean ez du bere burua heltzeko gaitasuna garaturik.
- Haurraren muskulatura eta hezurdura biguina eta moldagarria da.
- Fontanela, bizkarrezura eta aldaka bereziki baldintzagarriak eta garrantzia handikoak dira.
- Erditze mota oso baldintzagarria izan daiteke haurraren garapenean (instrumentalizatua, medikalizatua, zesarea… kasuetan bereziki).
- Haurdunalditik (baita aurretik ere) egiten dugun guztiak eragina du, baina ez dugu ahaztu behar pertsonon moldagarritasun eta erresilentzia gaitasuna.
Orokorrean, haurra soinean eramateko era, egunez egun, unez une moldatu beharko litzake, haurrarentzat, garapen integralaren ikuspegitik, egoera ideala lurretik besoetara eta besoetatik lurrera izango delarik, amaren bularretik eskatu ahala igaroaz. Obserbazioaren bidez, norberaren eta unearen ezaugarrien arabera egokituz, baina orokorrean une hauek hartuko dira mugarritzat:
- BURUA HELTZEKO GAI EZ DEN HAURRA
Bere buruaren pisua mantentzeko gai ez den haurrak, burua helduta eraman behar du beti bizkarrezurra eta lunbareen gainkarga eta/edo lesioak ekiditeko. Gainera, kontentzioak, umetoki barneko ingurunea gogorarazten du eta umetokiz kanpoko ingurunera egokitzea erraztuko du. Haur eramaileak bi baldintza bete behar ditu, haurraren gorputzera egokitu behar du – presio gunerik sortu gabe- eta burua heldu behar du presiorik egin gabe.
- BURUA HELTZEKO GAI DEN HAURRA
Burua heltzeko gai den haurrak, buruaren sostengu hori gutxiago toleratzen duen uneak izan ditzake, hortaz, bere mugimenduak errespetatzen dituen haur eramailea beharko dugu, baina aldi berean, atsedena edo babesa behar duenean sostengua emango diona, gainkargak eta presioak ekidinez. Haurraren mugimendu autonomoa errespetatu baina beharrezkoa denean, sostengua emango diogu, garapen kognitiboa babes egoera batetik eman dadin erraztuz.
- JAUZI KOGNITIBOA HIRU HILABETE INGURUAN
Hiru hilabete inguruan garapen kognitiboan aldaketa nabaria eman ohi da; inguruan gertatzen denean arreta handiagoa jartzen dute, begiradarekin eta mugimenduarekin ingurua ezagutzen hasten dira gurekin egoteak ematen duen segurtasun eta erreferentzien bidez. Une egokia izan daiteke, haurra soinean aurrean eramateaz gain, aldakan edo bizkarrean (jarrera egokia mantenduz) eramateari ekiteko ikuspegia apur bat aldatuz joan daitezen, beti ere beraien sabela gure gorputzarekin kontaktuan eramanez eta atseden uneetan buruaren sostengua ziurtatuz.
- ESERITA LAGUNTZARIK GABE MANTENTZEKO GAI DEN HAURRA
Bere kabuz, inolako laguntzarik gabe eserita mantentzeko gai den haurrak, heldutasun kognitibo eta garapen fisiko, muskularra eta hezurdurarena handia da. Hortaz, une egokia izan daiteke, haurra soinean eramateko haur eramaile gehiagori tokia egiteko, beti ere, postura egokia mantendu eta bere aldaken irekidurak baimentzen badu: meitai, motxila ergonomiko ez ebolutiboak…
- KATUKA MUGITZEN DEN HAURRA
Toki batetatik bestera mugitzeko gai den haurraren garapen fisiko eta kognitiboa aurreratua da. Soinean eramateak ez luke garapen hori murriztu behar, hortaz, lurrean askatasunean mugitzeko tarteak, soinean atseden hartzeko uneekin tartekatu beharko litzateke. Soinean eramatea ezagutzen ari den errealitate berri horren babesgune eta atseden leku bihurtu beharko litzake, haurraren gastu energetiko fisikoa zein mentala handia dela kontuan hartuz.
- IBILTZEKO GAI DEN HAURRA
Oinez dabilen haurrak uneoro topo egiten du milaka aukera eta bizipen desberdinekin, emozio oso mugakoekin (pozak, beldurrak, ezustekoak…), kudeatzeko toki seguru bat izatea eskatzen dutenak. Babesgune bat, maitasun gune bat, emozioak ulertu, askatu eta bizitzeko toki bat… haur eramaileak guzti hori eskaini beharko liguke, era erraz eta azkarrean, jolas tarteak, babes eta atseden uneekin tartekatzeko.
Baina, zergatik garapen optimoa soinean eramatearen bidez?
- Soinean eramaten dugun haurrak bizi duen mugimendua intentsitate baxukoa da, muskuluen garapenean laguntzen duena.
- Errealitate berriak, mundua, egunerokotasuna, erreferentziazko pertsonaren aurpegitik zentimetro gutxira ezagutzeak, haurrari, errealitate horren inguruko informazio asko ematen dio, helduaren filtroa igarotzen baita gure erreakzio eta adierazpenen bidez.
- Kontaktu fisiko soila, oso baliabide garrantzitsua da sistema neuroendokrinoaren garapenean.
Eta zein harreman dago soinean eramatearen eta garapenaren mugarri garrantzitsuenen artean?
Jarrera edo maila posturalean, soinean eramana den haurraren gorputzak zeharkako lanketa bizitzen du. Mugimenduak haurrak ariketa fisikoa egitea eragiten du, aktiboki inolako esfortzurik egin behar izan gabe. Soinean eramaten dugun erak beti egokitu beharko du haurraren jarrera naturala eta garapen kognitiboaren arabera.
Haurtxoak burua ez heltzetik, heltzerako bidea egingo du, besaurreen gainean jartzeko gaitasuna garatuko du, bira ematekoa, herrestatzekoa, katuka mugitzekoa, eserita jartzekoa, zutik jartzekoa, oinez ibiltzekoa, saltoka aritzekoa… eta ez geratzekoa.
Soinean eramateak garapenean zerbait behar bezala ez badoa detektatzea erraztu dezake, obserbazioa oso gertukoa eta ia etengabea baita.
Manipulazioari dagokionean, soinean eramana izateak eta helduaren errealitatearen parte uneoro izateak, aukera asko eskainiko dizkio haurrari ukimena eta esperimentazioa bizitzeko. Gu ukituz, ukituak izanez, inguratzen gaituzten objektuak ukitzen saiatuz, psikomotrizitate fina garatzea erraztuz gure ilea, belarria, sudurra hartzeko jolasen bidez… Haur eramailean objektuak manipulatuz, etengabe zaindua izateak eskainiko digun segurtasunarekin.
Helduen errealitatearen parte aktibo etengabe izanez, jende gehiagorekin izango du interaktuaziorako tartea, hizkuntzaren egiturak, esamoldeak, doinua, tonalitateak… aztertzeko aukera gehiago izango ditu eta estimuluek -berak sortutakoek- erantzuna dutela ikasteko. Sozializazioa ingurune seguruan emango da, haur eramailean erreferentziazko pertsonarekin dagoelarik. Ez da bakarrik sentituko ezezagunen aurrean, ingurune ez seguruetan…
Soinean eramatea, haur osasuntsuaren garapen integrala maila guztietan optimoa izateko tresna oso eraginkorra da. Eta helduontzat, haziera errazteko tresna bikaina dira haur eramaileak, haur zein helduentzat ingurune atsegin eta lasaiagoa sortzen delarik. Estimulazioa etengabekoa izango da, eta beti, “etxetik”, ingurune segurutik, erreferentziazko pertsonak eskaintzen digun ingurunetik. Bere muskulatura modu inboluntarioan lantzen den bitartean, sozializazioa, memoria, hizkuntz gaitasunak, ikusmena, usaimena, ukimena… lantzen dira, eta baita bizitza bera era, zerbait bizia eta mugimenduan dagoena gisa ulerturik.
Ez genuke haurrak soinean eramateak dituen onurez hitz egin behar, soinean ez eramateak haurraren garapenean sortzen dituen trabez baizik.
Soinean eramateko aholkularitza behar baduzu, idatziguzu.
Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.