Azken hamarkadetan gure inguruan gutxi ikusi izan diren arren, geroz eta gehiago gara haurra soinean eramaten dugun gurasoak. Haurtxoa (edo koskorragoak) soinean eramateak onurak dakartza bai haurtxoarentzat zein eramaten duenarentzat ere, eta batez ere, goxo-goxo joateko aukera paregabea da.
Haurra soinean eramateko mota desberdineko motxilak, fularrak… topa ditzakegu gaur egun, eta norberak egokien datorkiona aukeratu behar du (emango dion erabileraren arabera, eroso sentitzen duen jarreraren arabera, haurtxoaren pisua eta adinaren arabera…). Zuen familiarentzat egokiena hautatzen lagunduko dizugu nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan.
Hemen gomendio orokor batzuk:
– Ergonomikoak diren haur eramaileak erabili.
– Ez eraman haurra kanporantz begira.
– Haurtxoaren bizkarraren forma naturala errespetatu.
Zer irabaziko dugu haurra soinean eramanez?
Haurra eta eramalea etengabeko kontaktuan egoteak, haurtxoa lasaituko du eta bere tenperatura erregulatzea asko erraztuko du. Gainera, haurtxoa guregandik gertu-gertu izateak bere beharretaz errazago jabetzea sortuko du eta hortaz, bere beharrak negarrera iritsi aurretik asetu ahal izango ditugu.
Gertutasun eta lasaitasun horrek, soinean daramatzagunean haurtxoek loaldi sakonak eta luzeak egiteko beharrezko ingurunea sortuko du, eta hortaz, atseden hartuko du guk egin beharrekoak burutzen ditugun bitartean.
Gertutasun eta etengabeko kontaktuak atxikimendua indartuko du eta eramalearen mugimendu naturalak eta motxilak edo zapiak sortzen duen inguruneak haurtxoa sabel barruan bezala sentiaraziko dute.
Horrek, haurtxoaren umetokiz kanpoko garapena modu seguruan eta babesean egitea dakar. Gainera, arnas eta sabeleko ohiko arazoak (aireak, goitika egitea…) errazago arintzen dira zutikako posizioan eta eramalearen mugimenduaren kulunkak gorputzaren barne erritmoen erregulazioa dakar.
Eramaleak ere abantaila mordoa izango ditu haurtxoa soinean daramanean. Haurtxoa soinean daramanak oxitozina errazago jariatuko du eta horrek zoriontsuago egoten lagundu eta haurtxoak zaintzeak dakartzan ajeak arinduko ditu (lo gutxi egitea…).
Mugimendu askea izango dugu haurtxoa soinean daramagunean eta egin beharrekoak egin ahal izango ditugu. Gainera, ez dugu aulkitxoaren beharrik izango eta hirietan edo mendian errazago mugituko gara.
Haurtxoa soinean eramatea, ariketa fisiko onuragarria izango da, pisua egokiro banatzen baita eramalearen sorbalda eta gerrian, eta haurtxoa pisua irabazten doanez, eramalearen muskulatura progresiboki landuko baita.
Gainera, zoragarria da haurtxoa soinean duzunean elkarrekin bizi den konexioa. Begiradak zentimetro gutxitik, irribarreak ia ahoa ahoarekin eta haurtxoari mundua gure ikuspegitik erakustea. Haurtxoek, soinean daramatzagunean gainera, horrelako uneak oparitzen dizkigute: