Haur bat izatea, pisu handiko erabakia da eta sarri planteatze soilarekin beldur eta zalantzek betetzen gaituzte.
Gai izango naiz? Eta zerbait gertatzen bazait? Ez bagara moldatzen? Ama edo aita ona izango naiz? Gaixotasunen bat badu? Erditzeak min emango dit? Ezin badut haurdun geratu?..
Haur bat izatea erabaki transzendentala da, gure haurtzaroa, gure gurasoekiko papera, gure harremanetarako gaitasuna, gure esperientzia pertsonalak… azken batean, bizitza guztia hankaz gora jartzen baita.
Zalantza eta beldur horiek landu egin behar dira gure bizitza baldintzatu ez dezaten. Haur bat izatea erabaki ezinik, beldur eta zalantzek erabaki hori atzeratzen badute, garrantzitsua da lanketa pertsonal bat egitea. Zerk ematen dit beldurra? Zer nahi dut eta zer ez dut nahi? Zer egin dezaket nahi ez dudana ekidin eta nahi dudana lortzeko? Haurtzaro zein gai daukat barnean lantzeko? Nolakoa da nire gurasoekin dudan harremana? Nolako da nire besteekiko harremana?
Beldur eta zalantzak lantzea askotan gogorra egiten da eta norberak ezin badu sentimendu guzti horiek kudeatu, edo erantzunak topatzeko gai ez denean, ongi etortzen da lagun diezaguken norbait topatzea. Bikotea, lagunak, familiako norbait edo profesional bat izan liteke lanketa hori egiten lagunduko dizuna. Beldur eta zalantzak zure bizipenetatik badatoz, ondo etor daiteke psikologo bat. Beldurrak haurdunaldi, erditze edo erditze ostearekin harremana badute emagin edo doula bat izan daiteke pertsona egokia.
Sarri, beldur horiek ezkutatu nahi izaten dira eta erditze ostean, denak batera eta areagotuta itzultzen dira hormonak, nekea eta egoera berriaren ondorioz. Horregatik garrantzitsua da, bai haurdunaldi aurretik, haurdunaldian zehar edo ostean, lagunduko edo entzungo digun norbait gertu izatea.
Zer egin beldurrak besteenak direnean?
Beste zenbaitetan, haur bat izan nahi eta bikoteak, familiak edo inguruak bere beldurrak norberaren gain jartzen ditu. Hala gertatzen denean, garrantzitsua da, kalte egiten digun pertsona horri bere beldur eta zalantzak argitzen laguntzeko bideak eskaintzea. Batzuek nahikoa dute beldur horiek errealak ez direla adierazten duten informazioa jasotzearekin, besteek probabilitate errealak jakitearekin edo entzunak izate soilarekin.
Pertsona horiek beharrezkoa duten laguntza ematerik ez badugu, beraien beldurrak gugan ez isurtzea eska dezakegu edo lagun diezaioken profesional batengana bideratu.
Haur bat izateko erabakia, haurra izan nahi duenak hartu behar du une horretan daukan egoeraren barnean. Haurra izan edo ez eztabaidatzen duten bikoteetan, orokorrean, ezezkoaren aldekoaren arrazoiak aztertu eta ondoren erabakia hartzea gomendatzen da.
Haur batek ez luke inoiz, gaizki dagoen bikote baten “soluzioa” izan behar. Haur batek ez du hautsirik dagoen bikotea konponduko. Are gehiago, haurra beste “arazo” bat bihur liteke eta bikoteaz gain, haurrak ere sufritu ondorioak.
Haur bat bizi guztirako da, eta bizitza oso azkar aldatzen da. Horregatik da oso garrantzitsua zalantza edo beldurrik badago, aurrez lantzea.
[2018ko maiatzean eguneratua]
Hemen topatuko duzun informazioa orokorra da eta ez du ordezkatzen osasun zerbitzuetatik zure egoerarekiko jasorikoa. Zalantzarik baduzu, egizu kontsulta dagokion profesionalarekin.