Nerea Gallastegi Camararengana jo dugu Eusko Jaurlaritzak Lana eta Familia Uztartzeko laguntzak eteteak eragindakoen iritzia jasotzera.
1-Nerea “Familia eta lana uztartzeko diru-laguntzen eteteak eragindakoen plataformako” kide zara. Zergatik sortu da plataforma?
Aurtengo partida amaitu delako, Eusko Jaurlaritzak Familia eta lana uztartzeko laguntzak etetea erabaki du eta erabaki horren aurka borroka egiteko sortu dugu plataforma eragindako hainbat familiak.
2- Nori eragiten dio etete honek?
Eteteak seme-alabak edo menpekotasun egoeran nahiz osasun egoera larrian dauden senideak zaintzeko lan-jardunaldia murriztu edo eszedentzia hartu duten pertsonei eta beren familiei eragiten die zuzenean. Baina baita seme-alabak edo lehen aipatu senideak zaintzeko pertsonaren bat kontratatuta zutenei ere, eta noski, kontratatutako horiei ere. Gainera, kontuan hartu behar da lanaldi murrizketa horiei esker, lanpostuak ere sortu direla eta, beraz, jardunaldi murriztuak osatzen ari ziren langileei eragingo die, hainbat eragindakok lanaldi osora itzultzea erabaki baitezakete.
3- Zein ekintza burutzen ari zarete?
Une honetan Gobernuaren erabakiaren aurkako errekurtsoak jasotzen ari gara eta, batez ere komunikabideen arreta erakartzen. Izan ere, eragindako askok ez daki oraindik zer pasatu den. Gure asmoa da Gobernua konturatzea arazo honek milaka familiari eragiten diola eta, aldi berean, kolokan jartzen duela “teorian” sustatu nahi duen gizarte eredua. Kontuan hartu behar da, aurten ere, biztanleak galdu ditu EAEk eta, egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta, familiei laguntzen ez bazaie, beltza da dugun etorkizuna.
4- Jaso duzue instituzioetatik erantzunik?
Zenbait komunikabidek tartea eskaini badigute ere, errekurtsoak ez dira oraindik aurkeztu eta, beraz, badirudi oraindik ez dugula Administrazioaren arreta erakarri. Dena den, datorren asteazkenean, hilak 1, jasotako errekurtsoak aurkeztuko ditugu Zuzenean zerbitzuan eta aurretik goizeko hamaiketan, Aldabe gizarte etxean (Gasteiz) prentsaurrekia izango dugu. Hortaz, espero dugu komunikabideen arreta erakartzea eta haien bitartez baita agintariena ere.
Nerea, gertutik jarraituko dugu zuen bidea, eta ahal dugunean laguntzen jarraituko dugu. Hemen Oiartzun Irratian eskaini ziguten tartea.